Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Testua eta ilustrazioa maila berean jartzen dituen albuma

Markina-Xemeineko Udalak Erein argitaletxearekin batera urtero antolatzen duen Peru Abarka Lehiaketak euskarazko literaturari bultzada emateko asmoz album ilustratu bat argitaratu ohi du. Aurtengo irabazleak Ane Labaka Mayoz eta Malen Amenabar Larrañaga izan dira, lehiaketa bana irabazita «Ezpainetakoa» albuma sortu dutenak.

Testua eta ilustrazioa maila berean jartzen dituen argitalpen mota da album ilustratua, ezohiko liburu mota, eta are ezohikoagoa helduei zuzendutakoa bada. Estilo hori sustatzen du, hain zuzen ere, Peru Abarka Lehiaketak, Markina-Xemeingo Udalaren eta Erein argitaletxearen artean sortutakoak.

Udalak testu lehiaketa bat abiatzen du urtero 2005az geroztik, non kontakizun bat hautatzen duten garaile, eta ondoren, testu hori webgunean eskegi eta ilustratzeko lehiaketa hasten duten. Horrela, liburu berri bat osatzen dute, Ereinen laguntzarekin, euskal literaturari bultzada bat emanez.

Aurtengo edizioko irabazlea “Ezpainetakoa” izan da, Ane Labaka Mayozek idatzia eta Malen Amenabar Larrañagak ilustratua. Kasualitatez, biak lagunak dira eta Txakur Gorria kolektiboko kideak dira, beste bi lagunekin batera. Hori dela eta, oraingo hau ez da elkarrekin egin duten lehen liburua, kolektiboan autoedizioa lantzen baitute. Hala ere, aukera hau baliatu dute beste argitalpen bat kaleratzeko. Gainera, kolektiboan egiten dituzten lanetan kideen iritziak kontuan hartzen dituztenez, oraingoan askatasun handiagoa izan dute sormen propioa lantzeko, bakarka.

Liburua aurkezteko modu bitxia aukeratu zuten bi lagunek; batak besteari galderak eginez albumaren nondik norakoen berri eman zuten. Amenabarrek aipatu zuen iruditzen zaiola testuak errealitatetik asko duela, eta Labakari horri buruz galdetu zion. Labakak, ostera, erantzun zuen morboari eusteko ez duela esango zein punturaino den egia kontakizunean aipatzen dena, baina arrazoi duela, egia fikzioarekin nahasten duelako. Bere ustez, egunerokotasunean bizitakoak eragina dauka beti. «Terapia moduan idazten dut, korapilo batzuk askatzen lagundu dit eta barrukoa botatzen. Lehiaketan parte hartzea erabaki nuenean konturatu nintzen jada ez nuela niretzat bakarrik idazten», biluzi zen idazlea.

Testuan kronologia eta hausnarketa nahasten ditu Labakak: «Ez dut denborarik egunero idazteko, tarteka egiten dut eta hori testuan nabari da. Gero konturatu nintzen parte horiek tartekatzea interesgarria litzatekeela», esan zuen collage baten antza duela adieraziz, bere kideak erabiltzen duen teknikari erreferentzia eginez.

Era berean, Amenabarrek aipatu zuen testua irakurri zuenean argi izan zuela horri ilustrazioekin pisua ez kentzeko ezin zuela irudiekin gauza bera adierazi, errepikakor ez gelditzeko. «Oso gorputzetik idatzitako testua dela iruditzen zait eta pertsonaia bakarra sortzea erabaki nuen, emakume bat, eta bere gorputza». Ilustrazioak geruzaz osatuta daude eta batzuk guztietan errepikatzen dira, obrari osotasun bat emateko. Adibidez, emakumearen gorputza guztietan agertzen da, baita hainbat patroi ere. Esaterako, liburuaren azalean emakume biluzi bat agertzen da, manta batekin estalita. «Niretzat kontakizuna manta azpian egoteko igande triste bat da, norberaren baitan egotekoa, ‘bitxobola’ moduan, guk esaten dugun bezala. Mantaren mosaikoa ilustrazio guztietan agertzen da», esan zuen marrazkilariak.

Irudiei balioa emanez

Album ilustratuaren aldeko apustua egitea ez da erraza Ereinentzat, askotan liburu bat testuz beteta dituen orrialde kopuruagatik baloratzen duelako irakurleak. Helduen artean oraindik ez dago oso zabaldua formatu hau.

Amenabarrek horrelako lehiaketak egotea txalotzen du, normalean «bi diziplinak maila berean ez» daudela sumatzen duelako. Bere ustez, «askotan testua oinarri bezala ikusten da eta ilustrazioa horren apaingarri gisa. Album ilustratuek bi elementuak batzen dituzte. Testua jaso, irakurri, interpretatu eta gure lana egin behar dugu».