GARA
HERRI KIROLAK

Otaegi aizkoran eta Albisu harri jasotzen, Elgetan garaile

Larunbatean jokatu zen Elgetako pilotalekuan Urrezko Aizkolarien Kopako seigarren jardunaldia eta irabazlea Joseba Otaegi izan zen. Egin beharreko lana 12 kanaerdiko ebakitzea zen eta 35.44ko denbora egin zuen. Otaegik ondorengo kanporaketarako txartela lortu zuen eta aurkaria Mikel Larrañaga izango du. Bigarren Joxean Etxeberria izan zen, 37.20ko denborarekin, eta, hirugarren, Oier Kañamares (41.16).

Harri jasotzaileek Gabonetako Txapelketako bosgarren jardunaldia izan zuten eta hurrengo kanporaketarako txartela lortu zuena Imanol Albizu Goikoetxe elgetarra izan zen. Orotara ehun kiloko bi harri desberdinei 72 jasoaldi eman zizkien. Jon Irañetak 62 eman zizkien. Hurrengo zita azaroaren 18an dute, Zizurkilen. Bertan, Arria V.a eta Jon Irazu ariko dira aizkoran.

Gisasola eta Vicente

Larunbatean, goiz eta arratsaldez, Loiuko Larrakoetxea auzoan kirol emanaldi handia ikusi zen. Jardunaldiari 11:00etan eman zitzaion hasiera, emakumeen arteko txinga eroate norgehiagokarekin. Xanta Sousa nafarra eta Nerea Egurrola Bizkaiko txapeldunak 25 kiloko txingak erabili zituzten, eta Nerea Egurrolak egin zuen marka onena (30 untze eta 3,80 metro). Xantak 24 untze egin zituen. Gizonezkoetan, berriz, Ousman Drame eta Kerman Perez aritu ziren. Biak euren marka ontzetik oso urrun gelditu ziren. 50 kiloko txingak eskuetan Ousmanek 34,5 untze eta 3,56 metro egin zituen. Kerman 32 plaza eginda gelditu zen.

Jarraian harri jasotzaileak neurtu ziren. Jon Gisasola Zelai V.a izan zen nagusi. 100 kiloko zilindroa eta kubika erabili zituzten eta Gisasolak bakoitzarekin hiru minutuko txandatan 47 jasoaldi eginaz jantzi zuen txapela. Bigarren Aritz Etxebarria izan zen 43 jasoaldirekin. Iraitz Arruti 14 urteko zarauztarrak, berriz, 21 jasoaldi egin zituen.

Arratsaldeko ekitaldi nagusia Iker Vicente, Aitxol Atutxa eta Arria V.ak egin zuten. 14 kanaerdiko plaza erdian txukun jarrita eta 200 bat ikusle aurrez aurre. Hasiera-hasieratik Iker Vicente Otsagabiko aizkolariak hartu zuen aurrea eta amaitu ere horrelaxe amaitu zuen, lehen postuan (29.41). Aitzol Atutxak 32.03ko denbora egin zuen, eta, Arria V.ak, berriz, 36.37koa. Errezildarrari erritmo falta handia nabaritu zitzaion aspaldian aizkoran aritu gabe izan ostean.