Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Sindikatu guztiek bat egin dute Baionan hezkuntza erreforma berria gaitzesteko

Greba eguna zen atzo Estatu frantsesean eta sindikatu guztiak batu ziren Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ezarri nahi duen erreformari erantzuteko. Baionan 300 lagunek elkarretaratzea egin zuten.

Pasa den irailean Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroak aurkeztu zuen erreforma proiektua datorren urtarrilean bozkatuko da Frantziako Asanblea Nazionalean eta onartua izaten bada 2019/2010 ikasturterako indarrean izango da. Erreforma proposamenak atzo jaso zuen kalean lehen erantzuna, izan ere, gehiengo sindikalaren iritziz «erreforma berri hau atzerapauso bat da».

Hezkuntza arloko sindikatu guztiak protesta egiteko elkartu ziren azken aldia 2011. urtean izan zen, beraz erantzun zabala jaso zuen atzoko greba deialdiak. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arabera, ordea, grebaren jarraipena %10ekoa izan zen Estatu frantsesean.

Sindikatu nagusiek eskaini zituzten datuak ostera, bestelakoak izan ziren. SNUipp-FSU sindikatu nagusiaren arabera Lehen Hezkuntzan (10 urte arte) %25eko jarraipena izan zuen grebak, eta Bigarren Hezkuntzako (10 urtetik 18 urtera) sindikatu nagusia den SNES-FSUren esanetan, bi langiletik bat izan ziren greba egin zutenak.

Ipar Euskal Herriko ikastetxe askotan ere greba egin zuten, eta goizean, Hezkuntza arloko sindikatu guztiak batu ziren Baionako Santa Ursula plazan egin zen elkarretaratzean. FSU, UNSA, SGEN-CFDT, CGT, FO, SUD, SNALC eta LAB sindikatuko ordezkariekin batera 300 lagun elkartu ziren Lapurdiko hiriburuan.

Kantitatea vs kalitatea

Gobernu frantsesak ezarri nahi duen erreformarekin kolegio eta lizeo publikoetan 2.650 lanpostu ezabatuko lirateke, 550 postu ikastetxe publikoetan eta administrazioan, 400 postu. Gauzak honela, Bigarren Hezkuntzan izango liratekeen murrizketekin Lehen Hezkuntzan diren hutsuneak betetzeko asmoa dutela iragarri dute erreformaren aldekoek, baina hezkuntza arloko sindikatu eta eragileak ez dira ados, haien iritziz neurri hauekin «hezkuntzaren kalitatea kaltetzen baita».

Ondorioz, erreformak Bigarren Hezkuntzan zuzenean eragingo lukeen arren, Lehen Hezkuntzan lan egiten duten irakasle asko zegoen atzo Baionan. Hazparneko ikastolan irakasle den Olatz Defois, adibidez, kexu zen, «gobernutik soilik kalkulu matematikoak egiten dituzte, hamar haurreko hiru talderen ordez, 30 haurreko talde bakar bat osatu behar dela diote, baina jada horretan gara, 30 haur ditugu irakasle bakar batekin», eta honako galdera luzatzen zuen: «Nola berma daiteke kalitatezko heziketa horrelako baldintzetan?».

Erreformak ekarriko lituzkeen murrizketek eskola txikietan izango lukete eragin gehien, horregatik, atzo Baionan bildu ziren kide asko Seaskako langileak ziren, asko baitira ikasle gutxirekin funtzionatzen duten ikastolak. Maila guztietan egin zuten greba atzo ikastoletan, zeren haien esanetan, «horri guztiari euskaraz ikasteko instituzioetatik ezartzen diren zailtasunak gehitu behar zaizkio».