GARA
SESTAO

Navalen draga amaitzeko interesa duten armadoreak badaudela esan du Marotok

Navaleko 177 langileek beren lanpostuak Sestaon mantentzeko aukerak agortzen ari diren honetan, esperantza bakanetako bat da draga amaitzeko interesa duen armadore berri bat lortzea.

Espainiako Estatuko Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministro Reyes Marotok atzo esan zuen “Vox Alexia” izeneko dragaren lanak Sestaoko Naval ontziolan bukatzeko interesa duten armadoreak badaudela.

Espainiako eta Lakuako Gobernuek herenegun jakinarazi zutenez, Van Oord Herbehereetako armadorearekin negoziazioak «oso konplikatuak» izaten ari dira, eta horiekin jarraitzeko asmoa iragarri badute ere, bestelako bideak aztertuko dituztela jakinarazi zuen atzo Marotok SER irrati katean.

Bide berrietako bat beste armadore batzuk lortzean datza. Pymar ontziolen elkartearen bitartez ari dira Gobernuak armadoreekin hitz egiten, eta Marotok jakinarazi zuen «draga bukatzeko borondatea daukaten armadoreak badaudela», nahiz eta, nabarmendu zuen, hau posible izateko «Van Oordek horretarako borondatea izan behar duela». Orobat, ez zuen zehaztu zeintzuk diren enpresa horiek.

Etorkizunera begira Navalen interesatuta dauden inbertsoreak badaudela konfirmatu zuen Marotok, baina zuhur ageri zen atzo irratian, esanez «eskariak aztertu» behar direla, gogorarazi baitzuen «Van Oord gisako inbertsoreak egon direla, baina horiek bultzatu gaituztela orain gauden egoerara, gestio okerragatik».

Aukera murritzak

Gainerako aterabideak baztertu egin zituen Industria ministroak. Enpresa batzordeak eskatu zuen instituzioek ontziola erostea honen itxiera saihesteko, baina Marotok esan zuen aukera hori «ez dela posible», Europak Estatuaren laguntzatzat hartuko lukeelako erosketa.

Bestalde, Navantiako lan karga Sestaoko ontziolara bideratzea eskatu zuten langileek, baina aukera honi «oso zaila» deritzo Marotok, Navantiak ez duelako «lan karga nahikorik».

Naval itxiko balitz bertako langileak Navantiara bideratzearen inguruan, aldiz, esan zuen ardura hori hartu behar balute, hartuko luketela.

«Lanpostuak mantentzeko bermea dago, baina egia da Naval itxiko balitz familia asko lekualdatu beharko liratekeela, eta hori saihestu nahi dugu», adierazi zuen.