Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Egunero bizi gaituen giza flyscha

Idazletzaren atea aspaldi jo zuen Iñigo Aranbarrik, baina besazpian lehen ipuin-bilduma zeramala agertu zen atzo Donostiara. «Munduko tokirik ederrena» (Susa) du izena hamar ipuin eta dozenaka sentipen pilatzen dituen bildumak. Jaioterriko kontakizunak hartu ditu abiapuntu iraganak gizakion orainean duen pisuaz aritzeko, azkoitiarraren esanetan, «atzorik gabe ez baitago oraina ulertzerik; denborak eta espazioak zeharkatutako giza flyschak gara».

Saiakera, poesia, narratiba... kasik genero guztietan ibilia da Iñigo Aranbarri, baina falta zitzaion bat: ipuingintza. Hala, zorrak kitatzera dator “Munduko tokirik ederrena” (Susa) ipuin-bilduma, eta zentzu batean baino gehiagotan gainera. Batetik, hainbat urtetan «buruan idatzita» eraman dituen istorioak ipuin formatuan bildu ahal izan dituelako eta, bestetik, autoreak berak azaldu zuenez, «desagertzen ari den mundu batekin» zorra kitatu beharra zuelako.

Hamar ipuinetan zehar, Aranbarrik erreferentzia egiten dio iraganak eta memoriak gizakiongan izan dezakeen eraginari, zama bilakatzeraino. Baita pisu horrek gure eguneroko bizitzan eragiten digunari ere: «Zor kitatze bat izan da iraganarekin. Arazoa izan dut hura non jarri erabakitzeko: memoria gertuan dugu eta emozioak ukitzen dizkigu; memoria historia da eta bigarren belaunaldiak ere min ematen digu. ‘Atzo’ hori abiapuntua izan zedin nahi nuen, eta atzo hori da memoriatik hona dagoena. Nik ez dakit orainean moldatzen atzorik gabe eta hori izan da abiapuntua».

Bildumarako, jaioterri duen Azkoitiko eta inguruko istorioak hartu ditu abiapuntu gisa eta, gertaeretan edota horietatik ernatutako sentipenetan oinarri hartuta fikzio berriak eraiki ditu. Baina guztiek dute, nabarmendu zuenez, lotura iraganarekin, baita iragan horri «urgentziaz» erantzuteko beharrarekin ere. «Erantzunak urgentea izan behar du, ze, ze esan behar dugu ‘atzo’ horretaz? Gurekin ‘atzo’ hori konpartitzen duen jendea badoa eta horren aurrean erantzun bat ere bada liburu hau», zehaztu zuen, eta bere planteamendua argitzeko adibiderik ere jarri zuen: «Nonbait sartu izan naizenean aurretik lur hori zapaldu dutenengan pentsatu izan dut. Espazioek eta pertsonek badute gure buruko zaparrada hori aktibatzeko funtzioa; egunero bizi gara giza flysch batean, zola hori zapaltzen ari gara egunero. Espazio horrek bizi gaitu, baina arnasten dugun airea kutsatuta dago, hau da, ez gara libreak» hausnartu zuen, eta berak liburu hau «zama horretatik» idatzi duela baieztatu zuen. Adibidez, Azkoitian, smartphone denda dagoen lekuan bere lagun baten amaren fruta-denda ikusten jarraitzen duela azaldu zuen, denboraren eta gizakiaren artean dauden lotura ikusezin horien adibide.

Liburuan bildu dituen hamar ipuinek, beraz, pertsona berarengan iragan eta orainaren arteko lotura nola ematen den bistaratzen dute, eta pertsona dute abiapuntu. Bada errepidean hildakoak gogoan hartuta bailararen historia berreraiki nahi duen jonkirik, bada kondenatu bat hiltzen ikusi ostean betiko mutu geratuko den emakumerik, baita lagunaren emazte alargunari etxea hustera doakion hirukoterik ere. Istorioek egiatik asko dutela azpimarratu zuen, baina horrek ez du egiazkotasuna ziurtatzen: «Pertsonaia askok izen-abizenak badituzte ere, material hori aprobetxatu dut fikzioa egiteko, fikzioa egiteko arriskua hartzea baita idazlearen egitekoa».

Bildumari eman dion izenburua ere, “Munduko tokirik ederrena”, argitu zuen: «Hiltzera zioan batek esan zuen pena ematen ziola herria uzteak. Jende honek, munduko toki ederrenean egonda ere ez daki arazoak kudeatzen, baina hor doa. Geografiak arindu egiten dio hori. Komunitate batekoa sentitze horrek betetzen du garai batean erlijioak betetzen zuen lekua».

Bailararen erradiografia

Aranbarrik hitza hartu aurretik, herrikide izateaz gainera lagun ere baduen Anari abeslariak egin zuen liburuaren aurrerapena. Azkoitiarrak ederki aletu zituen nobelaren gakoak. Bere hitzetan, Aranbarriri «habia egin diote buruan hainbat gertaerak» eta, bildumako ipuin bateko esan bat hartu zuen hizpide: «‘Bailara osti honen erradiografia bakarrik egin nahi nian’, esaten du, eta hori da Iñigok egiten duena». Herri txikietan bizitzea antzerki-obra handi bateko partaide izatearekin alderatu zuen Anarik, «pertsonak eta gertaerak elkarri lotzen baitoaz, eta hori oso ondo islatzen du Iñigok ipuinetik ipuinera egiten dituen loturetan».

Ipuinetan gizontasunaren gaineko gogoeta bat ere badagoela azpimarratu zuen, baita herri industrialaren erretratua ere: «Gizarte deshumanizatu bat ageri da eta badago bat gehiago izatearen ideia hori». Herentziak ipuinotan duen karga ere aipatu zuen, «nola injustizia, mina eta etsipena ere heredatzen diren eta nola, baita batek nahi izan gabe ere, belaunaldiz belaunaldi pasatzen doan ondarea den». Aranbarriri hitza eman aurretik, irakurleek haren ohiko idazkera topatuko dutela ere esan zuen: «Prosa aberatsa darabil, euskara aberats eta ederra».