Nagore BELASTEGI
Entrevue
IRATI ELORRIETA
IDAZLEA

«Adiskidetasuna ez da umeen altxorra soilik, helduentzat ere lehen mailan egon behar den zerbait da»

Irati Elorrieta (Algorta, 1979) duela 19 urte Berlinera joan zen ikastera, eta harrezkeroztik han bizi da. 2008an «Burbuilak» bere lehen nobela kaleratu zuen Alberdania argitaletxearekin, eta handik hiru urtera gaztelerara itzuli zuen. Orain «Neguko argiak» eman du Pamielarekin.

Marta eta Añes ditugu “Neguko argiak” nobelako protagonistak. Euskal Herritik Parisera jo eta bertan lagun minak egiten diren bi neska. Bizitzak Berlinera eramango ditu, eta bertako bizipenen berri ematen du Irati Elorrietak idatzitako liburuak; bera ere hiri horretan bizi da. Euren bizitzetan muturra sartu eta hilabete batzuen ostean ateratzeko aukera ematen digu, Marta eta Añesen bizitzatik pasatzen diren beste hainbat pertsonaiak egiten duten bezala.

Harrigarria da zein erraztasun duten zure liburuko pertsonaiek ezagutu berri duten pertsonaiekin harreman sakonak eratzeko.

Hainbat momentu daude liburuan. Bi pertsonaren bidea elkartzen da momentu batean eta hortik aurrera harreman bat sortzen da. Momentu horiek magikoak dira, bidean aurkitzen duzun jendearekin ez delako hori gertatzen, normalean. Gehienetan pertsona batekin gurutzatzen garenean, aireportuan edo taberna batean, ez da hori gertatzen. Beraz, kontatzen dena salbuespena da, bi pertsona gurutzatu eta magikoa den puntu horretan elkarketa bat gertatzen denean. Horregatik kontatu nahi izan ditut egoera horiek, gutxitan gertatzen direlako eta gertatzen direnean oso bereziak direlako.

Pertsonaiei hori gertatzen zaie hori gertatzeko prest daudelako, batzuk. Edo Añesen kasuan, hain dago galduta, hain beharrean, momentuari baimena ematen diola, defentsarik gabe dagoelako.

Bikote harreman desastrosoak dituzte bi protagonistek.

Harreman desastrosoa esaten duzu, nik tratu txarreko harremanak direla esango nuke. Ez dago tratu txar fisikorik, ez batean ez bestean, baina tratua txarra da. Menperatuta daude etengabe, bestearen erasoaren beldurrarekin. Añes irten da harreman horretatik, eta Marta barruan dago. Hor dago jokoa. Ezinegona sortzen da lagun bat duzunean eta halako egoera batean ikusten duzunean, oso txarto pasatzen da; Añes txarto pasatzen ari den bezala bere laguna horrela ikusita, pentsatzen dut irakurleak ere gaizki pasatzen duela.

Bi lagun horien arteko harremana da guztien artean garrantzitsuena.

Umeen liburuetan laguntasunaren gaia askotan jorratzen da eta balio handi bat da. Niri iruditzen zait adiskidetasuna ez dela umeen altxor bat soilik, helduentzat ere lehen mailan dagoen zerbait izan beharko lukeela. Kasu honetan bi emakumeren arteko adiskidetasuna kontatzen dut. Nonbait irakurri nuen patriarkatuak lagun gabe nahi gaituela; Añesen bikote izan zenak, Brunok, isolatu egiten du eta lagunik gabe uzten du. Baina Martak badu lagun bat.

Tonu desberdinak erabiltzen dituzu pertsonaia desberdinei eskainitako pasarteetan. Nahita egin al duzu?

Pertsonaia bakoitzaren historiari tiraka. Bakoitzaren estiloa eta izateko moduak ekartzen du kontatzeko modu bat. Ez dut bilatu, ondorio naturala izan da. Claire edo Martari buruzko pasarteak kontatzean desberdinak izatea normala da, beraiek ere oso desberdinak direlako. Ez dut aldez aurretik erabaki, pertsonaia ezagutzen dudan heinean pertsonaia horren mundua eta hitz egiteko era ateratzen da idazkeran.

Liburuaren aurkezpenean Joserra Gartzia alboan zenuen, eta honek esan zuen mapa bat egin behar izan zuela pertsonaiak kokatzeko. Zuk ere mapa egin al zenuen?

Nire buruan hasiera batean pertsonaia batzuk zeuden, gero euren bideari jarraitzen hasi nintzen, eta batzuetan baso baten aurrean aurkitzen nintzen eta nire eskemak ere egin behar izaten nituen. Horiek ondoren egin behar izan ditut, ez aurretik, jakiteko non nagoen eta nondik natorren.

Nire eskemak ez dira izan zein pertsonaia ditudan kokatu ahal izateko. Nire eskemekin bilatzen nuena zen gertaera bat kontatzen nuenean toki egokian kontatuta zegoen jakitea. Non hartzen duen gertaera batek bere lekua nobelaren baitan, zein lekutan “loratzen” zen ondoen, non zituen gertaera baten kontakizunak aukera hobeak hobeto zabaltzeko. Inguruan zegoenari begira, inguruan zegoenarekin sor zitezkeen loturei begira, non sor zitzakeen kontakizun batek uhinak, mugimendua.

Musikari eta zinemari eginiko erreferentzia ugari daude liburu osoan zehar.

Niretzat entzuten dugun musika edo ikusi izan ditugun filmak dira bizi izan ditugun gauzen parte. Pertsonaia horien mundua kontatu nahi badut izan daitezke abuelarekin bizi izandako uneak, baina zergatik ez entzun dituen abestiak. Niretzat bere barne munduaren parte dira. Ez ditut ikusten kanpoko elementu bezala, pertsonaiei buruz zerbait kontatzen dute. Edith Piaff ez dut kasualitatez sartu. Nik Edith Piaff Martaren bidez entzun dut, bere ama frantsesa zelako. Nik ez dut entzun, baina bera eta ni oso pertsona desberdinak gara, eta bere biografiaren parte da, abuela bere bizitzaren parte den bezala.

Ez al dituzte personaiek gustu pixka bat alternatiboak?

Beraien bizitzeko modua, orokorrean, ez da masaren parte. Hori da beraien ezaugarrietako bat. Hartzen dituzten erabakiak ere alternatibogoak dira. Hala ere, Añesek Ertzainak entzuten zuen Martak Madonna entzuten zuen garaian, eta Xuanek Public Enemy. Nirvana edo R.E.M. ere aipatzen dira; Añes eta Martaren adineko jende askok entzun dituen taldeak dira biak. Bestalde, Piaff amarengandik jaso duen bezala, Leonard Cohen aitak jartzen zion autoan. Ez dakit mainstream diren, baina beren adineko jende askok ezagutzen dituela esango nuke.

Filmei dagokienez, Añesen gustuak badira mainstreametik kanpokoak. Kontuan hartzekoa da, baina, Añesek lanbide bihurtzen duela zinemarekiko bere gustua edo interesa. Parisen filmak banatzen dituen enpresa batean lan egiten du. Nouvelle vague frantsesa ere behin baino gehiagotan agertzen da, baina kasu horretan ere Martak bere amaren bilaketan ikusten dituen filmak dira, hura nor izan zen, zein garai bizi izan zuen, haren idoloak edo ereduak zeintzuk izan ziren jakin nahi duelako egiten duen bilaketaren baitan kokatu behar da zinema mugimendu horrek eleberrian egiten duen agerpena.

Berlin oso ondo deskribatuta dago, bertako soinuak, usainak... argi geratzen da ez gaudela beste hiri batean.

Pozten naiz zure kasuan hori lortu badut, bestela zuk esaten duzuna, izan daiteke Berlin edo beste edozein leku. Nahiago dut espazioan sartzen bazara eta zeure burua merkatuan ikusten baduzu, adibidez. Lortu badut kasu batean, pozten naiz.

Niretzat irakurtzen ari zaren testua toki bihurtu behar da. Nire egoera idealean irakurlea mundu batean, espazio batean sartuta dago. Hori lortzeko moduak bilatu behar dira, eta leku bat deskribatzea izan daiteke hori lortzeko modu bat.

Askotan topatzen ditugu pertsonaiak jaten edo kozinatzen. Gastronomia ere kontakizun tresna gisa erabili al duzu?

(Barreak) Askotan daude elkarrekin bazkaltzen, afaltzen... Euren harremanak egoera arruntetan aztertu ditut. Jatea da egunerokotasun horretan gauzarik garrantzitsuenetako bat, askotan egiten dugulako. Irakurleek pertsonaiak egunerokotasunean jarraitzea nahi badut islatu behar ditut jaten eta afaltzen.

Migrazioek garrantzia dute istorioan. Badaude euskaldunak, vietnamdarra, frantsesa, poloniarra, herbeheretarra… eta denak Berlinen batzen dira.

Hori ere ez dut nahita egin, gertatu egin da. Nire inguruan horrelakoak direlako gertatu dela pentsatzen dut. Gutxiagora ez doan gertaera bat da, kontrakoa, jendea mugimenduan dago. Arrazoiak desberdinak dira: Xuan zergatik ateratzen den Vietnametik ez dauka zerikusirik Marta Berlinera jotzearekin. Zerbait badute amankomunean, baina ez nituzke denak plano berean jarriko.

Protagonistak batzen dituen beste elementu bat familia hautsietatik datozela da: bananduta dauden gurasoak, ama hila, atzean utzitako senideak...

Baliteke horregatik guztiek izatea behar hori euren inguruan harreman-sare fuerte bat izateko, ez dela kointzidentzia lagun-harremanak bilatu eta zaintzeko joera. Agian horrekin lotuta egon daiteke.

Pertsonaia zirraragarria da Esteban, mamua izanik beste batzuk baino garrantzi handiagoa duena.

Hasierako nire pertsonaia taldean ez zegoen. Niri ere agertu egin zitzaidan eta hor egoten tematu zen, eta esan nion, 'bueno, egingo dugu proba zu sartzeko'. Eta nobelan lekua hartzen joan zen, pertsonaia garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen arte, ez bada garrantzitsuena. Estebanek Euskal Herria Berlinera ekartzen du. Bi munduak elkartzeko balio izan du. Espazioak eta denborak lotzen ditu.

Nobela euskarazkoa bada ere, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dituzu noizean behin. Batzuetan itzultzen duzu esandakoa baina besteetan ez. Zergatik egin duzu horrela?

Erabaki zailak izan dira; noiz itzuli, zenbat itzuli astuna ez egiteko dena errepikatu gabe. Zaila egin zait. Beste hizkuntzarik ez sartzea forzatua iruditzen zitzaidan, taldearen giroa hain anitza izanik hizkuntz aniztasuna guztiz kanpo uztea ez nuen ikusten. Uste nuen nolabait agertu behar zirela. Adibidez, neska poloniarrak Gabon zahar egunean atea jotzen duenean ingelesez hitz egiten dutenean ez dago itzulita, baina saiatu naiz oso esaldi errazak jartzen. Momentu batean elkarrizketa pixka bat konplikatuagoa izango litzateke, eta hor zeharkakoan eman dut azalpena. Ez da ingeles oso maila altua behar horiek ulertzeko.

Abestien letrak ere ez ditut itzuli, baina jendeak ez badu ulertzen ez da ezer gertatzen, irratian kanta bat entzuten duzunean ere ez duzu zertan dena ulertu. Ez dira istorioa jarraitzeko beharrezkoak.

Neska poloniarra aipatu duzula... bigarren mailako istorio bateko protagonista da, baina badirudi nobela osoan zehar arrastaka doala… amaieran argitu gabe uzten duzu.

Hor dagoen istorio bat da. Horrelako istorio pila bat daude hirian. Ikusten duzu jendea kalean, edo ikusten duzu norbait egunero izkina batean, eta buruan bere istorioa muntatzen duzu, eta agian egunen batean berarekin hitz egiteko aukera duzu. Istorio pila bat daude ez ditugunak ezagutzen eta jakinmina pizten digutenak. Hori islatzen du, hiri baten anonimatuan nola saiatzen garen gauzak asmatzen. Kalean ezagutzen dituzun pertsona horien istorioa ezin duzu argitu. Ez dut argitu nahi izan, normalean hala gertatzen delako, agian pare bat gauza dakizkizulako eta gero jendea desagertu egiten delako.

Istorio nagusi batean dauden istorio pila bat kontatzen dituzu. Benetako gertaeretan oinarrituta al daude?

Benetako gauzak badaude istorio horien atzean. Puntu batzuk benetakoak izan daitezke, baina horrek ez du inporta. Nik jendearekin hitz egin dut, elkarrizketak egin ditut astakeriarik ez kontatzeko, eta zentzu horretan benetako istorioen zatitxoak badaude liburuan.

«Burbuilak» idatzi zenuenean pertsonaia asko sortu zenituen eta orain ere bai. Hainbeste pertsonaia dituen beste nobela bat egiteko energia gelditzen al zaizu?

Hurrengorako, espero dut horrenbeste urte behar ez izatea. Baina honetarako hainbeste urte behar izan ditudanez, koadernoan beste lan batzuetarako oharrak apuntatuta ditut. Horietako bati tira egiten hasiko naiz. Espero dut proiektu hori… ez dut esango errazagoa izatea, zeren zertarako egin nahi ditugu proiektu errazak? baina egia da honek pixka bat nekatuta utzi nauela, oso luzea, astiro-astiro egin dudan lana izan dela. Nahiko nuke hurrengoak nire energiaren parte gutxiago bat hartuko balu.