Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bertsolaritza munduan ezagutarazteko ikus-entzunezkoa estreinatu dute

Euskaldunek gozatuko dute «What is bertsolaritza?» bideoa, baina ez da beraiei zuzendutako lana. Espresuki atzerritarrei euskal kulturan hain errotuta dagoen diziplina azaltzeko ikus-entzunezkoa da honakoa. Interneten ikus daiteke, ingelesez, eta 20 minutuan bertsolaritzaren nondik norakoak azaltzen ditu. Bertsolaritza inprobisazioa izanik unibertsala da, baina euskaraz eginikoa denez, bakarra. Horren balioa nabarmentzeko balio du proiektuak.

Bertsolaritza nazioartean ezagutarazteko baliabide gisa jaio da “What is bertsolaritza?” ikus-entzunezkoa. Etxepare Euskal Institutua, Mintzola Ahozko Lantegia eta Laboral Kutxaren arteko elkarlanaren emaitza da atzo aurkeztu zuten proiektua.

Bertsolaritza kantu inprobisatu mota bat da; munduan badaude beste kantu inprobisatu batzuk. Eta horregatik diote bertsolaritza unibertsala dela. Baina era berean, euskaraz kantatzen denez, bakarra da. Unibertsala eta bakarra, kontrajarriak diruditen bi hitzek bat eginez.

Nazioartera zuzendutako produktu bat denez, ingelesez egin dute, baina euskarazko, gaztelerazko eta frantsesezko azpitituluak ditu. 20 minutuko lana atera zaie, YouTuben, Mintzola Ahozko Lantegiaren katean, ikusgai izango dena. Tarte horretan saiatzen dira bertsolaritzari buruz ezer ez dakienari duen balioa azaltzen.

Bideoaren hasiera indartsua da, ikuslea egoera berezi batean kokatuz: Bertsolari Txapelketa Nagusia bat-bateko poesia lehiaketa bat bezala agertzen da, eta berau ikusteko 14.000 sarrera saltzen dira. Halakorik gertatzen al da beste inon munduan?

Horrekin batera, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ematen dute. Adibidez, iritzia ematen agertzen dira Birminghameko Unibertsitateko irakasle Karin Barber, Missouriko Unibertsitateko irakasle eta Oral Tradition Center-eko zuzendari John Zemk eta Sardiniako inprobisatzaile Paolo Zedda.

Bideoan zehar bertsolaritzak garaikide izateko eman dituen pausoak ere aipatzen dira, tartean belaunaldiartekotasuna eta emakume bertsolarien ekarpena. Amaitzeko, bertsolaritzaren mugimenduari errepaso azkar bat egiten diote.

Maddalen Arzallusek ariketa bat egiten du, ikusleari erakusteko nola aritzen diren bertsolariak. Gaia ematen diote eta berak erabakitzen ditu errimak eta doinua, eta maisuki osatzen du bere bertsoa.

Bertsoaldiak

Proiektua 2017ko udazkenean abiatu zen, Etxepareren eta Mintzolaren ekimenez. Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak, kontatu zuenez, Sebastian Lizasok telefonoz deitu eta aipatu zion Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela baliatuz, grabazioak egin eta bertsolaritza zabaltzeko erabili zitzaketela. Ideia horri helduz garatu zuten proiektua.

Bertsozale Elkarteko Eneritz Urkola eta Jon Agirresaroberen esku utzi zuten ondoren bideoa, eta hauek Xabier Payari eskatu zioten laguntza, «bertsolaritza ondo ezagutzen duelako eta atzerrian izandakoa delako», Urkolaren esanetan.

Sustatzaileek adierazi zutenez, proiektuak bi zati ditu. Alde batetik, ikus-entzunezkoa dago, bertsolaritzaren nondik norakoak azalduz, eta bestetik, hamar bertsoaldiko sorta prestatu dute ikasitakoan sakontzeko. Bertsoek gaztelerazko, frantsesezko eta ingelesezko azpitituluak daramatzate. Bertsoaldiak aukeratzean gai unibertsalak jorratzen dituztenak hartu dituzte kontuan, edozein ikuslek uler ditzan.

Bertsoaldi horietako bat Andoni Egañarena da eta bera ere izan zen aurkezpenean, Mintzolako ordezkari gisa. «Bertso batean testua itzultzea zaila da, testua eta kontestua delako», esan zuen. Horri gehitu behar zaio Euskal Herria zer den azaldu beharra. Bertsolaritzari buruz ezer ez dakienari zer den azaltzea batere erraza ez den arren, ikus-entzunezkoak helburua betetzen du.