Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Beste bi mugarri historiko «The Nose» bide ikonikoan

Keita Kurakami japoniarrak Kapitaina mitikoko marra ezaguna era askean eta bakarkako estiloan igo berri du lehen aldiz azaroan. Bien bitartean, 15 urteko Connor Herson estatubatuarra «The Nose» bidea librean eskalatu duen eskalatzaile gazteena bihurtu da.

Nahiz eta ingurumari honetako hedabide espezializatuek ere garrantzia eman dioten, benetako azpimarra egin dutenak Ameriketako Estatu Batuetakoak izan dira. Bai, azken asteotan Kapitaina mitikoko “The Nose” bidean jaso diren bi jarduera bikain aipaturiko komunikabideek ezberdin hartu dute. Estatubatuarrek mugarri historikotzat hartu dituzte, eta, etxean daudenez, uste dugu gainerakook ere hala hartu beharko genukeela.

Kontuak kontu, goi mailako bi berriren aurrean gaude. Lehen notizian Keita Kurakami dugu protagonista. Azaroaren 14tik 18ra, japoniarrak “The Nose” (8b+, 1.000 m) era askean igo zuen. Baina garrantzitsuena da bakarka eskalatu zuela; gainera, behin paretan sartu zenean, handik ez zen jaitsi. Hots, eskalada osoa jarraian egin zuen. Era askean eginiko seigarren igoera izateaz gain, marra ikoniko hori librean eta bakarka igo duen lehen eskalatzailea bilakatu da.

Bigarren protagonista, berriz, Connor Herson dugu. Japoniarra ez bezala, eskalatzaile estatubatuarra ez da ezaguna. Ez du japoniarraren eskarmentu bera. Eta hori normala da; izan ere, 15 urte baino ez ditu! Bada, adin horrekin Herson gai izan da “The Nose” era askean igotzeko. Soilik 15 urterekin! Marraren historiari begiratzen badiogu, ohartuko gara hura eskalatzen eskalatzailerik gazteena dela. Aitarekin eskalatu zuen; hots, hark aseguratu zuen. Eta paretan hiru egun egin eta gero, bidea azaroaren 19an bukatu zuen.

Aipatutakoak dira azken asteotan “The Nose” bidean izandako bi mugarri historikoak. Lehenari dagokionez, aurreratu behar dugu Kurakamik bidea ondo baino hobeto ezagutzen zuela. Iaz luze guztiak librean egitea lortu zuen, baina estiloarekin ez zen batere gustura geratu: «Luze guztiak kateatu nituen, baina ez bata bestearen ondotik. Horrekin esan nahi dut lurretik hasi eta bidearen amaiera arte ez nituela luze denak jarraian kateatu. Batzuek esan zidaten era askean eginiko igoera zela, baina nik zalantzak nituen, eta, azkenean, jarduera horri ez nion behar zuen baliorik eman. Neure buruarekin zintzo izan behar nuen; niretzat hori da inportanteena».

Yosemiteko Kapitaina mitikoko bideak era askean eta bakarka igo dituzten eskalatzaileak bakan batzuk baino ez dira. Ez bagaude oker estilo horretan soilik bi eskalada izan dira; biak ala biak “Freerider” bidean. Lehena, Stephane Perronek lortu zuen. 2007. urtea zen. 11 urte geroago, Pete Whitakker eskalatzaileak gauza bera egin zuen.

Japoniarraren kasua, gainera, bitxia da oso, besteak beste, onartu baitu lehen aldia zuela hormatzar bat estilo horretan igotzen. Nahiz eta bakarka eskalatzeak maniobra gehiago eskatzen dituen, Kurakamik adierazi du luzeek ez diotela asko eskatu: «Bost eguneko jarduera izan zen, baina denbora gehiena maniobra horiek egiten igaro nuen. Luze gehienak, berriz, lehen saioan egin nituen. Eroriko bakarrak ‘The Great Roof’ eta ‘Changing Corners’ luzeetan, hots, bidearen bi giltzetan izan nituen. Gutxi gorabehera, hamar eroriko. Horiek izan ziren ‘arazo’ bakarrak. Onartu behar dut iaz eginiko eskaladak asko lagundu ninduela; ‘The Nose’ bidearen luze guztiak ondo baino hobeto ezagutzen nituen. Iazko estiloa baztertu, eta aurten bakarkako estiloan jardutea erabaki dut. Txiripaz hartutako erabakia izan da. Sokakide batekin eskalatzeko asmoa nuen, baina hark orkatilan min hartu zuen. Hurrengo hautua honakoa zen: beste sokakideren bat animatu edo bakarka eskalatu. Eta azken xede horri ekin nion. Gainera, erabaki hori hartzera beste arrazoi batek ere bultzatu ninduen. Yosemitera joan baino hilabete bat lehenago, nire kide bat zendu zen; luzaroan ondoan izan dudan aholkulari handia zen. Gauza asko irakatsi zizkidan: etika, burua bere lekuan edukitzen, apaltasuna... Berri triste horrek eskalatzeko gogoa kendu zidan, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Eta neure burua helburu handi bat hartzera behartu nuen: bakarkako eskalada. Ez nekien arrakasta izango nuen, baina argi neukan bete behar ninduen xede bati ekin behar niola».

15 urte bakarrik

Arestian aipatu dugun bezala, bigarren protagonista nerabe estatubatuar bat da: Connor Herson. 15 urte eskasekin, “The Nose” bidea era askean igo du; lerrootako bigarren mugarria da.

Eskalatzaile nerabe honek Kapitainarekin duen lotura 2003. urtean hasi zen. Cononorren aita, Jim, “Salathe” bidea era askean igo zuen zortzigarren pertsona izan zen. Garai haietan, gaztearen ama ere, Anne Smith, eliteko eskalatzailea zen. Eta, agerikoa den bezala, “pozoi” hori semeari kutsatu zioten.

Connor Hersonek Yosemiteko hormatzarretan egindako eskalada adierazgarrienak oso-oso goiz eman ziren. 11 urte zituela, Half Dome eskalatu zuen; hori bai, jumarra erabili gabe. Eta bi urte geroago, berriro ere jumarrik gabe, “The Nose” igo zuen. Hori gutxi ez, eta lehiaketetan zein kirol eskaladan maila bikaina du. Kirol eskaladan, adibidez, 8c+ zailtasunera iritsi da.

Hersonen gurasoek adierazi dute “The Nose” era librean eskalatzeko xedea iaz sortu zela: «Iazko udaberrian, pare bat asteburu eman zituen bidea probatzen. Hain zuen ere, marraren giltza: ‘Changing Corners’ (8b+). Berez, epe ertain edo luzeko helburua zen, baina ohartu ginen epe hori laburtzeko aukera zegoela».

Bestalde, gurasoek azpimarratu nahi izan dute semeak erabilitako estiloak garrantzi berezia duela: «Jakin badakigu gure semeak hedabide zein eskalatzaile guztiak ahoa bete hortz utzi dituela. Batez ere, kontuan hartzen badugu soilik 15 urte dituela. Azpimarratu behar dena da saio guztiak asteburuetan egin dituela, eta, beraz, eskola ordurik ez duela galdu. Gainera, gogorarazi nahi dugu bidearen giltzan eginiko saioetan ez zuela soka finkorik erabili. Denera, xede hori lantzen hamasei egun igaro ditu, udaberrian zein udazkenean. Eta bidaia guztiak asteburukoak izan dira. Egun labur horietan soilik ‘The Great Roof’ eta ‘Changing Corners’ luzeak probatzen zituen».

Lurretik hasita benetako lehen ekinaldia oso ona izan zen, baina arrakastak ihes egin zion: «Bi luze gogorrenak top-ropean probatu ondoren, lehen saioan sokaburu joan zen. ‘The Great Roof’ bigarrenean atera zuen, eta ‘Changing Corners’-en jo eta su jardun zuen. Bigarren saion, berriz, ‘The Nose’ kateatzeko hiru egun behar izan zituen. ‘Changing Corners’ luzea ia lehenean gainditu zuen, baina aurretik zihoan sokada batek utzitako soka finkoekin trabatu zen. Bigarren saioan, azkenik, den-dena bikain atera zen. Horrekin esan nahi dugu bidearen goi aldean dauden bi giltzak, 30. eta 31. luzeak, librean eskalatu zituela. Hedabideek galdetu digute mugarri historiko horri buruz semeak berak zer pentsatzen duen. Eta guk adierazi nahi dugu pozarren dagoela. Hori bai, harrigarria bada ere, ez da jabetzen igoera historiko bat egin duenik. Guri, bederen, egoera xelebrea dela iruditzen zaigu. Ez du sare sozialik erabiltzen, eta lagunen hiru mezu bakarrik jaso ditu...».