GARA
Bilbo

Bulego eta langeletako beharginak greban, Cebeki hitzarmena exijitzeko

Greba mugagabearen lehenengo eguna izan zuten atzo Bizkaiko bulego eta langeletako beharginek. Mila manifestari baino gehiagok hitzarmena negoziatzeko eskatu zioten Cebek patronalari.

Bulegoetako eta langeletako beharginek hasiera eman zioten atzo greba mugagabeari. ELA sindikatuaren arabera, zeina lanuztea deitu duen zentral bakarra izan den, mobilizazioak jarraipen «zabala» izan zuen. «ELAk beste sindikatu batzuekin deitu izan dituen grebetan baino handiagoa», zehaztu zuen. Goizeko hamarretan manifestazioa egin zuten Bilbon, eta «milatik gora» grebalarik hartu zuten parte, sindikatuaren esanetan.

Cebek patronalari Bizkaiko Bulego eta Langeletako Hitzarmena negoziatzeko eskatzen diote langileek, izan ere, salatu zuten 2012tik ez duela akordioa berritu.

Bulego eta langeletako sektorea heterogeneoa da. 23.000 pertsona inguruk osatzen dute eta informatika, administrazioa, ingeniaritza, aholkularitza eta bestelako sektoreak barnebiltzen ditu. ELAren esanetan, atzoko grebak eragina izan zuen Entelgy Ibai, Sarenet, Customer, Works, Semantic, Serikat eta beste hainbat enpresatan.

Azaldu zuenez, sektoreko behargin askok enpresa handietako azpikontratentzat egiten du lan, eta lanuzteak enpresa horietan ere eragin zuen, Iberdrola, Randstad, BBVA edo Lantik-Aldundian, kasurako.

Cebeki «negoziatzeko eta murrizketarik eta soldata izozturik gabeko akordio bat» negoziatu dezan exijitu diezaiotela eskatu die ELAk enpresa kaltetuei, zeina «derrigor bete beharrekoa izango den».

Gutxieneko zerbitzuak

Kaltetutako enpresa gehienak azpikontratatuak badira ere, Lakuak bulego eta langeletako greban zerbitzu minimoak ezarri izana kritikatu zuen ELAk. Bestalde, alegazioak egin ahal izateko aldez aurretik gutxieneko zerbitzuen berri ez ematea eta langileekin bilerarik ez hitzartzea leporatu dio Lakuari.

UGTk ere kale

UGT sindikatuak asteartean adierazi zuen ez zuela ELAk deitutako greba babestuko, momentu honetan «hitzarmenaren negoziazioa irekita» dagoelako. Gogorarazi zuen, orobat, hilaren 19rako bilera bat aurreikusi zutela patronal eta sindikatuek, eta langileei hitzarmenaren alde borrokan ari den sindikatu «bakarra» dela pentsaraztea leporatu zion ELAri.