Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Sorozabalen «Katiuska» berriz oholtzaratu da Bilbon

Pablo Sorozabalek 1931n estreinatu zuen «Katiuska la mujer rusa», Bartzelonan. Euskal Herrian 1948ko abenduaren 5ean antzeztu zen lehen aldiz, Campos antzokian, frankismo latzenean, gerra bukatu eta gutxira. Bilboko Masa Coral del Ensanchek antolatu zuen ekitaldia. 70 urte igaro direnean, Sorozabalen sorkuntza Bilbon eskaintzen ari dira, Campos antzokian. Abenduaren 26an izango dira 30 urte Euskal Herriko musikari handienetako bat hil zela.

Kartel gorriak Bilboko kaleetan. “Pablo Sorozabal. Katiuska”. Zarzuela iragartzen dute Campos teatro aretoan. Matrioxka batek errusiar emakumeak irudikatzen ditu. Bilboko Masa Coral del Ensanche da antolatzailea. Urtero zarzuela bat lantzen du talde honek, eta 130. urteurrena ospatzen du aurten. Urte osoa daramate Pablo Sorozabalen “Katiuska” lana prestatzen, eta GARA beraien azken entsegu egunean sartu da.

Osteguna da, eta Deustuko Artebin egin dute emanaldi aurreko azken hitzordua. Josu Kamara aktore eta zuzendariak egin digu harrera. Bera arduratzen da azken urteotan eszena zuzendaritzaz, eta zarzuela batzuk jokatzera ere ausartu da. Bruno Brunovitx gaiztoaren paperean guztiz murgilduta ageri da aspaldion, apropos utzitako bizar zuri luzearekin.

Oholtzan, koruan astero batzen diren 32 boluntarioak. Barakaldoko Schola Cantorum taldeko hamabi ahots batu zaizkie obra honetarako eta zarzuela honetako paper garrantzitsuak dituzten kantariak eta bakarlariak ere izango dira. Lantalde itzela. Behe aldean, Labayru orkestrako 25 kide, Iñaki Urkizu zuzendariaren batutapean.

«Hemen dauden guztiak kantutik eta musikatik datoz; ni naiz antzerki mundutik datorren bakarra, eta beraiek hezi naute honetarako. Ni Kukubiltxo antzerki taldean ibili naiz urteotan guztiotan eta erabat murgilduta nago orain honetan», adierazi digu Josu Kamarak. Albo batean koruetako kideak daude, batu-batuta. Iñaki Hernandezek zuzentzen du Masa Coral del Ensanche urteotan. Aldamenean dituzte musikariak lerroz lerro, azken entsegurako prest eta astebururako irrikaz. Iñaki Urkizu zuzendaria erdian, gaurko entsegua adarretatik hartuta. Zatiak errepasatzen ari dira. Melodiak. Kantuak. Konpas batzuk errepikatzen. Eta musikarien alboetatik kantuan ari dira Jesus Lumbreras madrildarra eta Ana Otxoa bilbotarra. Bi bakarlari nagusiak dira. Pedro Stakof eta Katiuska protagonistak. Madrilgo baritono ezagunak, libretoa eskuan duela “Katiuska” zarzuela honetako Stakof pertsonaia 150 aldiz jokatu du gutxienez. «Ana Otxoa Euskal Herrian dugun ahots ederrenetakoa da», dio Josu Kamarak. Bilbotarra sortzez, Musikenen goi mailako ikasketak egin ostean Donostian bizi da egun. Bilboko koruarekin ohiko harremana du, hala ere. Katiuska emakume errusiarraren paper nagusia antzeztuko du asteburu honetan Bilbon. Izaera handiarekin, eta eskalan oso gora kantatzeko gaitasuna erakutsi du entseguan bertan.

“Cosacos de Kazan” opereta honetako doinuak entzuten dira Artebiko areto nagusian. Sorozabalek sortutako “Katiuska” operetako doinu ezagunenetakoa izango da, beharbada. Denak ari dira kantuan. Martxa militarra gainditzen duen doinua da. Josu Kamara ere kantuan ari da. Batuta eskuan hartuta Urkizuk «izaera handiagoarekin jotzeko» eskatu die musikariei. Soldaduek jeneralari bezala, zintzo obeditu diote maisuari.

Arratsaldean, bakarlariak eta eszena gaineko kantariak aritu dira Josurekin azken entsegua egiten. Dena prest dute. Eszena zuzendariak egin ditu egin beharreko guztiak. Orain larunbat eta igandeko funtzioetan ikusiko da emaitza.

Bi motibo

«Bi efemeride ospatzen ditugu aurten; batetik 30 urte dira Sorozabal hil zela, gure konpositore handia da, ‘La tabernera del puerto’ eta beste batzuk egin izan ditugu, euskal autoreen antologia batean ere Sorozabal sartu genuen. Bere musika zoragarria da, eta bere lan gehienek badaukate beti gaian eta historian eduki soziala eta politikoa, eta asko gustatzen zaigu. Gainera, duela 70 urte, abenduaren 5ean, Ensantxeko abesbatzak Campos antzokian ‘Katiuska’ estreinatu zuen». Bi motibo handi aurten “Katiuska” hautatzeko.

Une batez orduko giroaz pentsatzen aritu gara. 1948an, frankismo bete-betean, Bilbon Errusiako iraultzari buruz mintzo den opereta bat hiriko antzoki batean. «Nik ez dakit zer gertatuko zen, baina beti harritu nau obra honetan Sorozabalek boltxebikeen aldeko joera ezagutzera ematen duela; ez dira animalia basati batzuk herriak onartzen duen erregimen baten kontra; boltxebikeen irudi bezala jarduten den Stakof sovieten komisarioa oso pertsona zentzuduna eta egokia iruditzen zait, paper gogorra duen arren». Sorozabalek emakumeari eskaintzen dio protagonismo guztia obra honetan. Francoren diktadura aurretik “Katiuska y la Rusia roja” zuen izenburua; gerora aldatu egin behar izan zuen Sorozabalek eta denok ezagutu dugun “Katiuska. La mujer rusa” hartu zuen. «Emakumearen egoeraren azterketa soziala egiten da obra honetan. Katiuska da pertsonaia nagusia, baina hor daude Olga eta Tatiana ere. Hiru emakume guztiz ezberdinak. Hirurak indartsuak». “La tabernera del puerto” ere emakume baten historia da, eta “La del manojo de rosas” ere emakumeen historia soziala da.

Euskal antzerkitik zarzuelara

Josu Kamara euskal antzerkiari lotuta ikusi izan dugu beti. Kukubiltxo antzerki taldeko aktore eta zuzendaria izan da urte luzez. «Garai batean Arriaga antzokiko estreinaldi guztiak ikusten nituen, eta orduan deskubritu nuen mundu lirikoa». Arrastoa utzi zion. «Euskal munduan zergatik ezin dira horrelako gauzak egin?», galdetzen zion bere buruari. Berak bere ekoizpenetan jarraitzen zuen, Euskal Herriko umeen irribarrea eragin eta hainbat antzezlan eskainiz. Duela 15 urte baina, Basauriko desanexioaren 500. urteurrenaren karietara antzezlan herrikoi bat zuzentzeko enkargua jaso zuten Kukubiltxon. «Urtebeteko lana izan zen, oso polita, herriko elkarte guztiekin egin genuen; txistulari banda, antzerki eskola, dantzariak eta tartean Basauriko abesbatza. Estreinatu ostean, abesbatzan ari ziren bi lagun hurbildu zitzaizkidan eta Bilboko masa koralean murgiltzeko eskaintza egin zidaten, zarzuelak zuzentzera gonbidatuz».

Garai horretan Josuk ez zeukan zarzuelen gaineko ezagutzarik, baina ikasteko prest agertu zen. Geroztik, Bilboko zabalguneko lagunekin batera dihardu lanean. «Toño Rodriguez zen masa koraleko lehendakaria; baietz erabaki zuten, eta azken 12 urteotan zazpi zarzuela zuzendu ditut». Eta zarzuela kuttunik baduen galdetuta, Sorozabal aipatu du berriz ere Kamarak. «Sorozabalek niri interesatzen zaizkidan gaiak lantzen ditu», gaineratu du.

Hasiera batean eszena zuzendaritzara mugatzen zuen bere jarduna Josu Kamarak, baina taula gainean aritzea eskaini ziotenean, horretan ere murgildu zen. Gaztetan koruan aritua bazen ere, bere antzerki jardueran kantua beste batzuen esku egon izan da obra ezberdinetan –Danba, Oskorri, Bixente Martinez…– baina orain kantatzeari ere gustua hartu diola ematen du. Ikustekoa da entseguan zeinen gustura ari den Josu Kamara Bruno Brunovitxen paperean. Kantu eta dantza. «‘Luisa Fernanda’ zarzuelarekin estreinatu nintzen taula gainean, Nogales pertsonaia egokitu zitzaidan, eta asko gustatu zitzaidan erregimen monarkikoaren kontra ari zen iraultzaile zahar hura. Tintorro pertsonaia jokatu nuen ‘La tabernera del puerto’ lanean, alkatearena egiten dut ‘Gavilanes’ obran, pertsonaia komikoagoan».

Lantaldeaz ere oso harro dago Josu Kamara zuzendaria. «Bakarlari guztiak profesionalak dira, eta hemen profesionalen eta boluntarioen arteko harremana itzela da». Egia da ere, korukoek miretsi egiten dituztela goi mailako bakarlariak. «Oso erraza da beraiekin lan egitea, ondo ezagutzen dituzte obra guztiak, eta oso moldagarriak dira zuzendaritza artistikoarekin edo orkestra zuzendariarekin». Stakofen papera egiten duena Jesus Lumbreras madrildarra da, eta gutxienez 150 aldiz jokatu izan du paper hori hemen eta han. «Madrilen zarzuela ekoizpen handia dago, eta beraiek ere pertsonaia bat ondo ezagutzen dutenean, hori saltzen dute, eta sarritan zarzuela osoa egin barik ere, pertsonaia horrekin lan egiten dute obra txikiagoak eskainiz». Baritono hau da Euskal Herrikoa ez den lankide bakarra, eta berak ere Bilbora bizitzera etortzeko gogo itzela adierazi zigun une batez entseguan bertan. «Zarzuela ere ez da garai batean zena, eta Madrilen gero eta lan gutxiago daukat, eta hemen ordea oso gustura ari naiz», aitortu zigun Lumbrerasek.

Ana Otxoa sopranoa aipatzen du Kamarak. «Ahots potentea baina era berean oso goxoa daukan abeslaria da. Mundu guztia maitemintzen du bere kantuak, txalometroa martxan jarriko bagenu… ikusleria txunditu egiten du». Donostian bizi da egun Ana, «baina oso gurea da, koraleko kolaboratzaile ohikoa eta oso sutsua». Alberto Nuñez tenorearen izena ere adierazi gura izan du Josuk: «Sergio printzearen papera egiten du Katiuskan, kantari gisa Bilboko lirikan egiten diren lan askotan tenore gisa ari da, eta ahots irakaslea da; estilo guztietan moldatzen da eta txispa eszeniko oso indartsua du taula gainean, bere estilo berearekin». Olgaren paperean Adhara Martinez mezzosopranoa eta Ana Sagastizabal sopranoa tartekatuko dira. «Anak ahots finagoa du, bakoitzak bere estiloa gehitzen dio, baina Ana Sagastizabalek antzerkirako eta dantzarako dohainak ere baditu».

Campos antzokian Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean atzo eta gaur arituko den orkestrari buruz ere xehetasun batzuk eman dizkigu Kamarak. «Zorte handia daukagu, gure koralak lokala partekatzen du Labayru musika eskolarekin, eta bertako zuzendaria den emakumeak berak lortzen dizkigu musikariak, orkestra osatu arte; behar dugunaren arabera orkestra aldatzen doa, baina oinarria beti bera da».

Entsegua azkenetan dago. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ari diren bi musikari etorri berri dira entsegura. Tinbalak jotzen dituenak sekulako erritmoa eta soinua gehitu dizkie gaurko doinuei, eta gure alboan kontrabaxu handi batekin Foisis jauna jarri da. Itoiz taldeko baxu-jotzailea zen Jose Garate ondarroarra. Kontzertua izan dute, eta berandu bada ere, asko eskertu die Urkizuk etorri izana. Bilboko orkestraren emanaldiaren ostean, kontrabaxua eta partiturak hartu eta entsegura gogotsu agertu da Garate. Larunbateko estreinaldirako dena prest dagoela ematen du. “Katiuska” eta Sorozabal berriro Bilbon, 70 urteren buruan.