Maitane ALDANONDO
Bera

Bertako erleak eta ezti artisaua ardatz ditu Beraska proiektuak

Ustekabean eta gutxika erleen munduak harrapatu egin zuen Xiker Salaberria ekintzaile nafarra. Indartzen joan zen zaletasunak bultzatuta, iaz, Beraska enpresa sortu zuen. Haren baitan, erle beltzak hazten ditu saltzeko eta bere produktuak ekoizteko.

Adiskide bati laguntzen piztu zitzaion Xiker Salaberria beratarrari erlezaintzarekiko pasioa. Liburuetatik ikasi eta erle gutxi batzuekin irakurritakoa praktikatuz, zaletasuna sakontzen joan zen, ogibide bilakatzea erabaki zuen arte. Asmoak eskatzen zuen aldaketarako une pertsonal egokia zela ikusita, onurak eta galerak aztertu, eta aurrera egitea deliberatu zuen. Hala, Azti Tecnalian zuen Ikerketa saileko laborategi teknikari lanpostu finkoa utzi eta Beraska sortu zuen 2017an.

Ingurumen ikasketak egin zituen eta beti izan du buruan bere kabuz zerbait egitea. «Natura beti maitatu izan dut. Bere garaian hasi nintzen baratze ekologikoa egiten, bi urtez, baina ez nuen sobera egingarri ikusi. Egia erran, erletan hasita agertu zen pasio eta gogoa ez dut izan beste gauzekin. Horrek bultzatu ninduen pausoa ematera. Lehen sektorean ez baduzu egiten duzunarekiko pasio puntu hori ez zara sartzen horrelako saltsetan», aitortu du.

Hala ere, ez zen erraza izan erlezaintza profesionalera urratsa egitea. Hastapenetan izandako arazoetako bat abiarazteko inbertsioa izan da. «Nahiko azkar hasi behar zara gutxieneko sarrera batzuk izateko, orduan, gastu pila etortzen zaizkizu kolpean: erlauntzak, erlezaintzako material anitz, lekua ere behar duzu, erlategi onak jarri eta materiala non gorde, ibilgailua mendian ibiltzeko... Hau dena martxan jartzea inbertsio handia da eta ez da erraza».

Lehen sektorean hasteko diru laguntza bat jaso zuen eta ingurukoek ere eman diote babesa: Katubi enpresak webgunea eginez, potoen ilustrazioa arrebak, formatua lehengusuak eta une zehatzetan, lan asko izan duenean, lagunek eskua bota diote.

Bestetik, sektoreak berak dituen arazoei ere aurre egin behar izan die, zehazki, bertako erleei eraso egiten dien Asiako liztorra eta Asiako erlearen parasitoa. Horiei dagokienez, ekintzaileak faltan sumatzen du «administrazioaren laguntza erreala. «Sektorea nahiko baztertuta dago alde horretatik». Klimak ere eragina du, urte guztiak ez baitira berdinak eta moldatzen jakin behar du unean uneko egoerara.

Naturala eta gertukoa

Bertako eta kalitate altuko produktuen aldeko apustua egin zuen Salaberriak. Hala, erle beltzarekin lana egin eta eztia hotzean ateratzen du, bere ezaugarri guztiak gorde ditzan. Abaraskan dagoen eztia modu mekanikoan sartzen da potoetan, berotu edo pasteurizatu gabe. Erlezainak 250 bat erlauntza ditu Euskal Herriko hainbat tokitan barreiatuta. Haietatik ohiko mila-loreaz gain, beste bost motatako eztia ekoizten du: Erromero, xarbota, txilar, akazia, eta gaztainondo zein sasi eztia. Azken hirurak Iparraldekoenak dira, zaporez bereziak eta kopuruz urriak; beste biak, aldiz, Nafarroa erdialdekoenak. Kilo erdiko eta kiloko potoetan merkaturatzen ditu. Era berean, propolia ere lantzen du. Antibiotiko naturala, erleek erlauntza osasuntsu mantentzeko erabiltzen dute, eta tintura gisa saltzen du.

Horiek guztiak saltzeko zirkuitu nahiko lokal eta hurbilekoa hautatu zuen beratarrak, erosleekin harremana izateko. Kooperatibetan, saltoki txikietan, azoketan edo zuzeneko salmentan eros daitezke Beraskako gutiziak. Beratarraren hitzetan, «bezeroak agitz kontent daude nire produktuekin eta ni ere bai beraiekin. Harreman nahiko hurbilekoa dugu, erleei buruz galdetzen didate, zalantzak... Ona da kontsumitzaile hutsak ez izatea, erleen mundura ekarri eta hobeto uler dezaten nola funtzionatzen duen».

Kontsumo produktuez gain, erle hazkuntzan ere badihardu. Urteko erreginak hartu eta test batzuk egiten dizkie onenak aukeratu eta hurrengo belaunaldien ama izan daitezen, «erregina hobeak sortzeko. Hazteko eta ustiapena hobetzeko». Erleak beste erlezain batzuei saltzen dizkie, paketetan edo nukleo formatuan. Halaber, antzeko jarduna aurrera darama Erbel elkartean. Tokian tokiko erleen gaineko Smart Bees proiektu europarrari jarraipena emateko abiarazi zuen beste erlezain batzuekin batera. Erle beltzaren dibertsitatea babestu, aukeraketa genetikoa egin, biziraupena hobetu eta kolonien galeretan tratamendu terapeutikoekiko menpekotasuna murriztea du xede.

Zailtasunak zailtasun, pozik dago. «Ez da batere bide erraza. Momentu txarrak izan ditu, baina kontent nago hartutako erabakiarekin eta segitzen dut ilusio handiarekin aurrera begira. Akatsez ikasi eta hobetzeko intentzioarekin». Helburuak betetzen ari bada ere, badaki egiteko asko duela oraindik. Asmoa du, besteak beste, eztitegi propio bat atontzea, «hobekien uste dudan bezala» jarduteko; polen salmentari ekitea, erlauntza kopurua handitzea, eta aukera balu, lan asko duen uneetan norbait kontratatzekoa.