GARA
Eskubaloia

Zoriontasunari eutsi nahi dio Bidasoa-Irunek, oraingoan Kopan

Valladoliden aurka neurtuko da gaur joaneko partidan. Artalekuk Bera Berak jokatu beharreko EHF Cupeko partida bat hartuko du.

Maila goreneko eskubaloiak bi albiste utzi zituen atzo gure artean. Alde batetik, Bidasoa-Irun taldeak gaur Valladoliden aurka jokatu beharreko Kopako joaneko neurketaren azken gakoak; bestetik, Super Amara Bera Berak EHF Cup-eko multzoen fasearen antolaketaren datuak.

Bidasotarrek Recoletas Atletico Valladolidi bisita egingo diote (20.30, Huerta del Rey) Kopako hirugarren kanporaketako joaneko neurketa jokatzeko. Motibazioz gainezka iritsiko dira txapelketara. Egia da igandean Asobal Kopako finala galdu egin zutela Barçaren aurka, baina hainbeste urte noraezean igaro ostean, final batera iristea ilusioa pizteko arrazoia da.

Eta Cuetarak zoriontasun hori iraunarazi nahi du orain, Kopan, Ligan sekulako lehen itzulia egin eta gero –bigarren amaitu dute–. Horretarako, gaur gauean emaitza on bat lortzea ezinbestekoa izango da, ondoren, larunbatean Artalekun, hurrengo faserako sailkapena ziurtatzeko.

Gaur egungo Kopa nola antolatuta dagoen ikusita, Bidasoa-Irunek Asobal Ligako beste talde batzuk baino kanporaketa gehiago jokatu beharko lituzke. Izan ere, hirugarren fasean egoteko, lehenago Vestas Balonmano Alarcos Ciudad Real menperatu behar izan du partida bakarrean (26-33). Eta orain, txartela lortuko balu, beste hiru talderekin batera beste fase batera pasatuko litzateke. Hor iaz Asobal Ligan bosgarrenetik zortzigarrenera amaitu zutenekin egingo luke topo. Eta hurrengo fasean Ligako lehenengo laurak sartuko lirateke borrokan.

Baina hori gauzak aurreratzea da. Lehenik Valladolid menderatu behar du. Ligan lau puntuko aldea ateratzen diote bidasotarrek aurkariari, eta irailaren 16an, bigarren jardunaldian, Huerta del Reyn jokatutako neurketan, 24-24 amaitu zuten.

Oraingoan, gainera, baliteke bidasotarrek nekea sumatzea Asobal Kopa jokatu eta gero. Rodrigo Salinas eta Rudy Seri baja dira oraindik, eta Kauldi Odriozola dudazkoa da, baina baliteke larunbaterako prest egotea.

EHF Cup-erako xehetasunak

Super Amara Bera Berako arduradun Tati Garmendiak urtarrilaren 6tik otsailaren 10era bitartean EHF Cup-eko multzoen fasearen gaineko xehetasunak aurkeztu zituen. Helburua, «disfrutatzea eta disfrutaraztea». Europako Federazioak zenbait baldintza ezartzen dituen heinean, partida horietako bat Artalekun jokatuko du Bera Berak –EHFko egungo txapeldun SCM Craiova Irunen izango da urtarrilaren 12an, larunbata, 18.00etan–, Gurutz Aginagalde Bidasoa-Irungo presidentearekin akordio batera iritsi eta gero.

Halaber, telebistaz Europan partidak jarraitze aldera seinalea eman behar denez, ETBrekin hitzarmena sinatu du Donostiako klubak eta multzoen faseko sei partidak eskainiko ditu.