Fernando Mijangos
Kimikan doktorea
KOLABORAZIOA

Konposterantz

Noizean behin baikor izateko arrazoiren bat agertzen zaigu eguneroko bizitzan, itxaropen bat zabaltzen diguna gure pentsamenduan; eta niri horrela gertatu zait Getxo udalerrian hondakinak beste modu egokiago batean tratatzeko EAJ/PNV, PSE eta EH Bilduk sinaturiko akordioaren berri izan dudanean. Arrazoi desberdinez, egia borobil guztia kontatu gabe, poztu naizela aitortu nahi dut. Funtsean ez dago ezer berezirik akordio horretan, baina ausartuko nintzateke esatera, surflariek bezalaxe, akordio horretan alderdi politikoek gerri malguaz jokatu dutela, eta horrek ahalbidetu du akordiora iristea. Zertan datzan?

Eguneroko bizimoduan ekoizten ditugun hondar organikoak selektiboki biltzea konposta egiteko erabilgarriak izatean datza, ekonomia zirkularrari buelta osoa emanez. Getxoko Udaleko akordio horretan egungo errealitatea zein den eztabaidatu da eta getxoztar guztiok erronka handi bati aurre egin behar diogula onartu da: nola gainditu egungo edukiontzi marroien erabiltzaile kopurua, zeina getxoztarren %8koa besterik ez den?

Etxebizitzaz etxebizitza pasatuko da hondakin organikoak biltzeko kit-a, poltsa biodegradagarriak eta txartel txipdunaren kitarekin banatzen, orri informatiboa eta enparaua. Alferrik da hondakin organikoa selektiboki biltzeko ahalegin hau, baldin eta ez bagoaz etxez etxe konpostaren aldeko egokitasuna zabaltzen eta laguntzen. Konposta da hondakin organikoak tratatzeko prozedura merkeena eta garbiena. Eta honetan oinarrituta hondakin organikoa selektiboki edukiontzi marroian lagatzen duenari Getxo Udalak bere zerga merkatuko dio, gutxiago kutsatzen laguntzen duenari saria emanez, alegia.

Akordioaren beste zutabe nagusi bat da Getxon bertan hondakin organiko hauek konpostatzeko eremu bat behar dela; hau da, konpostategia. Bide hau jorratzeko Bizkaiko Foru Aldundiari honen inguruan sei hilabeteko epea ematea adostu dute aipaturiko alderdi politikoek. Handikeria handi-handia da hondakin organikoak urrun dagoen konpostategi batera garraiatu behar izatea, garraiatzen duzun horren erdia baino gehiago ura denean. Hobe gure eskualdean konpost planta txiki bat zabalduko bagenu. Azken finean konpost planta baten azalera futbol zelai baten adinakoa izan daiteke.

Hirugarren zutabean, hondakin kontainerren erabilera errazteko asmoz diseinuan aldaketa batzuk egitea aztertuko da, beira, paper-kartoi eta plastiko hondakinak selektiboki biltzea errazteko asmoarekin. Erraztasunari bai, noski.

Hasieran esan dudanez, akordio hau gerri malgua duten surflarien oreka iruditzen zait, norberak nondik ikusten duen ahulezia ikus dezakeen arren, niretzat birziklapen mailan gora egiteko egokia izan daitekeelako. Ez dut uste ehuneko ehun ase egoteko denik, baina poztu nau. Negutegi efektua, klima aldaketa, eta abar arazo globalak dira. Hala ere, horri begira egon arren gure jarduera eta konpromisoak tokiz tokikoan kokatu nahi ditut, zerotik ehunera pasatzeko bat, bi, hiru... behar diren urrats txiki eta sendoak eginez.

Lea-Artibai mankomunitateko hondakinen akordioa burura datorkit eta nik esango nuke aitzindaria izan dela mankomunitateko ordezkariek Getxon emandako hitzaldia. Euren esperientzia azaltzerakoan dibulgazio kanpainaren garrantzia, azpiegiturak, diseinuak eta abar naturaltasunez eta datuekin plazaratu zituzten. Bizkaia, kostaldea, Getxo bezalaxe. Hala ere, Bizkaian oso urrun gaude Gipuzkoako beste herri batzuekin konparatuz gero; esate baterako, Hernanirekin. Zinegotziak hitzaldian esan zuenez, herriaren birziklapen tasa gurearen bikoitza da. Beraz, oraindik badugu asko hobetzeko Getxon.

Ez pentsatu akordio honetara iristea erraza izan denik. Hondakinen kudeaketa Getxon aztertzeko Udalak foro egonkor bat sortu zuen alderdi politikoekin, beste erakunde batzuekin eta hondakinen bilketa gauzatzen duten enpresekin; eta azken hiru urteetan buru-belarri aritu gara gaiarekin. Mahai gainean izan ditugu iritzi desberdinak hondakinen birziklapen maila %50era iristeko 2020. urtean; hau da, urte bakar baten faltan ia-ia. Hala bedi.