Itziar Aizpurua
Ezker abertzaleko militantea
KOLABORAZIOA

36 arrosa, duintasunaren aurpegi

Aurreko urteak emakumearen aurpegi erraldoia utzi digu urtearen bukaeran, bere hasieratik handitzen joan dena egunetik egunera horretara bihurtu arte.

Hainbat adituk diote txirotasunak edo pobreziak emakume aurpegia duela; beste batzuek, berriz, migrazioak duela. Baina aditu guztiak bat datoz nagusiki bortxakeriak mundu osoan emakume aurpegia duela, halabeharrez. Ez dut zalantzarik, eta, era askotako bortxakeriarena gainera, diot, ez soilik fisikoa, psikikoa ere bai. Gizartearen mespretxua leku askotan, eta ezerezaren tokia, horretarako tokirik balego. Emakume txiroa, burumakur, aurpegi-estali, baztertua baino ahaztua, lan okerrenak egiteko ez bada. Amak, haurrak zintzilik daramatzan astoa; ahotik jana kentzen duena seme-alabei emateko, arrastaka makilakadak jasoz; izena jartzen ez diotenak beren haur jaioberriei, bizitzeko ahalmenik ez dutela ikusiz.

Irakurleren batek pentsa dezake hori gure ingurutik at dagoela, beste herrialdeetako kontuak direla, alegia. Bada, planeta honetan gure ustez «lehenengo» errenkadan edo «munduan» bizi garenok, Europa zaharkitu neoliberalean gertatzen ari diren kontuak ere bai baitira.

Bakoitza has gaitezen etxetik urte berriak ematen digun ikuspegi luzea baliatuz, eta konturatuko gara emakumearen papera zein den gizarte honetan. Giza eskubideetan ez du hurretik ere gizonaren parekotasunik: ez lanean, ezta langabezian ere, zer esanik ez pentsioarekin bizi bada! Entzuna izateko badirudi oraindik ilaran txanda eskatzen egon behar duela; edozein ikasketa egiteko emakumea ez da gai, edota ez du aukeraketa zuzena egiten gizonentzako tokia delako; gizasemeak gizartean edozein ardurarako balio duen bitartean, emakumeari eskatzen zaio oso ondo prestatuta egotea, hau da, gizonaren gainetik, gehienez bere ondoan egoteko... gutxitan agintean!

Bortxatua beti, eta era krudelenean XXI. mendean. Ez dut adibiderik jarri beharrik guztion begi aurrean baititugu ia egunero, hilketak barne. Honek burura ekartzen dit jaungoikoaren paradisuko pasadizo ikusgarria: Eva Adanen saihetsetik sortua, eta ondoren, Evak Adani sagarra dastatzeko eman, nonbait debekatua, eta lehen bekatu horretatik emakume orori datorkigu izurritea bizi osorako: gizonari mendekotasuna zor nonbait, eta berak nahi duena egin dezake jaungoikoak emazte gisa emandakoarekin, eta gainontzekoarekin ere, bortxaz biziarazi, eta komeni zaionean, hil! Emakumea mutu, noski! Alajaina, paradisu bikaina!

Erlijioak mendetik mendera, agintean ez zegoenean, zegoenarekin egin du bat, jasaten dugun kapitalismo basatiarekin aspaldi egin bezala, eta inoiz baino argiago ikusten dut bien eragina planeta urdin honetan bizi garen mendean. Beren kontuetan, etekin ekonomiko-politiko-erlijiosoan soberan gauden guztiok desagertzera garamatzate, eta ohartasun-falta edo artagabekeriaz, lur, izadi, edota planeta honekin batera eurak ere joango dira, gizonak izan arren! Horrek behintzat lasaitzen nau...

Baina, 36 arrosa salbatu nahi ditut oraintxe bertan, beren sufrikarioak aipatutako guztia gainditzen baitu. A Lama, Algeciras, Almeria, Aranjuez, Kordoba, Brieva (Avila), Castelló I, Curtis (A Coruña), Estremera (Madril), Foncalent (Alacant I), Granada, Murtzia II, Huelva II, Jaen II, Logroño, Mansilla (Leon), Soto del Real (Madril), Topas (Salamanca) eta Valencia III Espainiako kartzeletan, eta Reau Sud Francilien, Rennes eta Roanne Frantziakoetan dauden emakume ahaltsuak, ama indartsuak, borrokalari trebeak, Euskal Herriaren askatasunagatik guztia eman duten pertsona bikainak. 36 arrosa, duintasunaren aurpegi, 22 kartzeletan barreiaturik, gehienak bakartuak eta Euskal Herritik urrunen dauden kartzeletan!

Euskal preso politiko guztiak jasaten ari diren sufrikarioak, mendeku eta gorrotoak bultzaturikoak, ez du izenik, baina badu izana: hain gazte ginenean ezagutu genuen erregimena, gaur harrotua, Europako haize ustelduen kiratsaz lagundua.

Aurre egingo diogun zalantzarik ez dut. Lehen, gutxi izanda, aurre egin bagenion, orain nola ez? 2019an gure kurtso politiko eta sozialaren hasierak lehentasunezko helburua du: euskal preso politiko eta errefuxiatu guztiak etxeratzea. Beren seme-alaba, familia, senide eta lagunekin merezi duten bizitza egiteko. Guztiei nire errespetu eta maitasuna.

Aurtengo gure betebeharren lehen elkartze-zita, Bilbon urtarrilaren 12an, urte berri hobea elkarri opatuz.