Asier AIESTARAN
Entrevue
BEñAT GARMENDIA
PILOTARIA

«Txapelketan maila ona ematen badut, beste aukera batzuk etorriko dira»

Aurreko larunbatean egin zuen profesionaletan debuta Beñat Garmendiak (Beasain, 1997). Atzelari gipuzkoarrak Peio Etxeberriarekin jokatu zuen Tolosan Ugalde eta jaunarenaren kontra, 20-22 irabaziz. Promozio Txapelketan sartu dutenez, oraingoz horixe du buruan, txapelketa polit bat egitea, eta gero gerokoak. Egun batzuk igarota, debuteko egunaz jardun gara berarekin.

Lagun asko harmailetan, azkenean irabazi... Egun polita atera zen debutekoa, ezta?

Bai. beti esan dut txikitatik dudan amets bat dela, pilotan gabiltzan guztiona. Eta horrela debutatzea, etxetik oso gertu, Tolosan, txapelketako partida batean, harmailak horrela ikusita... ezin zen hobeto atera.

Lagunak pankarta eta guzti. Animorik ez zen faltako.

Ikaragarrizko animoak, sekulako buila sortu zuten. Batek baino gehiagok esan dit giro ederra egon zela. Lagunak, kuadrillakoak, familia osoa ere bai... Beotibar bete egin zen, hori zen inportanteena, eta oso pozik.

Debutatu, zuzenean Promozio Txapelketan sartuta. Esan zizutenean berri pozgarria iruditu zitzaizun edo presio apur bat suposatzen du?

Txapelketa jokatzeak presio edo tentsio plus bat agian suposatzen du, baina azkenean nik nahi nuena debutatzea zen, egun hori iristea. Txapelketan suertatu da eta oso pozik, egindako partidarekin are eta gehiago.

Egutegi aldetik abantaila bat izan daiteke, ezta? Ligaxkako partidak jada jakitea, aurkariak ere zehaztuta egotea...

Bai, azkenean txapelketa batek kontinuidadea ematen dizu. Astero-astero partida bat jokatzea, aurkezpen egunetik jada zeinekin jokatuko duzun jakitea, zeinen kontra... Nire kasuan Peio Etxeberriarekin jarri ninduten bikote eta berarekin lehenagotik ere jokatuta nengoen. Frontoitik kanpo ere harreman oso ona daukagu eta alde horretatik ere oso pozik.

Aurreneko partida estu samar izan arren irabazi egin zenuten, eta bigarrena ere berezia izango da: Oier Etxebarria Aspeko beste atzelari debutariaren aurka jokatuko duzu.

Aurrekoan agian ez ginen oso ongi hasi. Nerbio puntu bat ere baneukan eta konturatzerako 14-8 galtzen ari ginen. Argi esan nion Peiori lanean segi behar genuela, horixe egin genuen eta azkenean irabazita oso gustura amaitu genuen. Eta aste honetan Aitor Elordi eta Oier Etxeberriaren kontra Lemoan, Oierren etxean. Bi debutari egongo gara hor atzean eta ea zer ateratzen den. Gu gerra emateko gogoz gaude eta hori ez da faltako behintzat.

Saltoa ematen duten pilotari askori entzuten diogu profesionaletan egoten den abiadura eta materiala aipatzen. Antzeman zenuen aldaketa debuteko partida horretan?

Nik materiala baino gehiago pilotaren abiadura aipatuko nuke. Agian materialak ere desberdina ematen du horregatik, baina nik uste, batez ere, aurkariek pilotari ematen dioten abiadura dela aldatzen dena. Tanto bat egitea ikaragarri kostatzen da eta horrek esan nahi du lan gehiago egin behar dela tantoa lortzeko. Baina horretan gaude eta saiatuko gara lan hori ongi egiten.

Hala ere, aurrez jardungo zinen Aspeko jendearekin entrenatzen.

Hori da. Badira hilabete batzuk beraiekin entrenatzen nabilela eta kontaktu hori jada badaukazu, bai materialarekin, baita pilotari horiekin ere. Egia da zuriz janzten zarenean gauza aldatu egiten dela, baina aurrez harreman hori izateak laguntzen du.

Bi urterako sinatu duzu. Zer helburu jartzen dizkiozu zeure buruari epe honetan?

Bi urte dauzkat ahalik eta gehien demostratzeko. Epe luzerako helbururik ez dut jartzen. Une honetan txapelketa honetan pentsatu behar dut, txapelketa honetan ahalik eta maila onena eman. Egunetik egunera lana egin eta ziur txapelketan maila ona ematen badut beste aukera batzuk ere etorriko direla.

Irakurri dizut zure dohain aipagarriena atzelari segurua izatea dela.

Hala da. Pilota gutxi galdu, atzelari segurua izan... Ez daukat kolpe apurtzaile hori, eta hori ez badaukazu beste dohain batzuk baliatu behar dira aurkariei aurre egin ahal izateko.

Beasaindarra, Tolosan debuta... Azkenaldian Goierri eta Tolosalde horretako harrobia ari da fruituak ematen...

Gipuzkoa osoan egon da sekulako gorakada, azken urte hauetan sekulako lana egin da. Eta egia da Goierri aldean pilotari asko irten direla. Haurrak pilotari horiengan fijatzen dira eta gogoa pizten da frontoira joateko eta pilotan aritzeko. Eta ahal dugun heinean ni ere saiatuko naiz hori bultzatzen.

Zure kasuan ere txikitatik datorkizu afizioa?

Bai, bai. Betidanik poltsikoan ibili izan dut pilota. Frontoia etxetik 200 metrora neukan eta hor ibili naiz beti.

Eta profesionaletarako saltoak irakasle-ikasketak amaitzen harrapatu zaitu.

Bai, laugarren mailan, azken kurtsoan. Une honetan praktikak egiten ari naiz nire herrian bertan, Beasainen, ikastola batean. Oraingoz dena ongi doa eta ea horrela amaitzen dudan, hori ere garrantzitsua baita.

Bateragarria da pilotarekin?

Bai. Hitz egin genuen horren inguruan, eta esan zidaten ez zegoela arazorik. Goizetan klasera joango naiz eta entrenamenduak arratsaldez egingo ditut. Lasai hartzeko, ez didate inolako arazorik jarri.