Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
ALAINE AGIRRE
IDAZLEA

«Literatura ez da tesi bat idazteko lekua; ulertu ezin direnei lekua ematekoa baizik»

Kamisoi zuria odoleztatu du Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) bere azken lanean, nobela labur ilustratu moldeko obra berrian. Pederastia auzi bat jarri du irakurlearen esku, idazketa lehor eta etenaz, ezinegon literario baten zubia eraikiz.

Hiru zatitan banatu du Alaine Agirrek “Kamisoi zuri zetazkoa” (Erein). Hilekoa etorri berri zaion neskatoa jarri du eleberri labur baina estetikoki aipagarria den honen ituan. Udako kanpamentu batean gertatzen den pederastia kasu bat eraman du orrialdeetara. Lehenengo eta azken pasarteak etxean bertan kokatu ditu. Erdikoa, udako egonaldian. Idazketa sotila darabil bermeotarrak, lehorra eta etena. Idazleak berak dio bazuela lan horretan helburu bat; hitz gutxitan asko adieraztearena. Dotorezia mantendu du Agirrek narrazioan, sentsazionalismotik distantzia hartuta. Ondorengo elkarrizketa posta elektroniko bidez egindakoa da, idazleak berak hala eskatuta, barne gogoetak hobeto azalduko zituelakoan.

Hasteko, liburuagatik zoriondu nahi zintuzket. Asko gustatu zait. Baina elkarrizketaren norabidea zehazteko galdera beharrezko bat egin behar dizut. Benetako bizipenetan oinarrituta dago?

Pozten naiz liburua gustatu zaizulako, asko eman diot liburu honi. Konfiantza eta sinesmena dut liburu honengan.

Zure galderari dagokionez, ez da nire esperientzia bat. Fikzio lan bat da, nobela bat.

Zerk eraman zintuen orduan pederastia auzi bati buruzko nobela labur bat idaztera?

Ezin da jakin zehazki zerk eramaten gaituen gai bat hartzera. Askotan inkontzientea izaten da, zure barruan dagoen zerbait izan daiteke, edo giroan dabilena. Irakurri edo entzun duzun zerbait, barrura sartzen dena eta hor gelditzen dena, zure egunerokotasunaren azpian, beste zikinkerien artean ezkutatuta; ez da ikusten baina hor dago, alfonbra baten azpian bezala. Eta idazten duzunean, atera egiten da. Literatura ez da tesi bat idazteko lekua; literatura da barruko mamuei eta beldurrei, nahi eta ezinei, ulertu ezin direnei lekua ematekoa.

Kasu honetan, horrelako istorioei lehen baino gehiago erreparatzen diegu, kontzientzia kritikoagoa daukagu, denok izan dugu inguruan horrelako istorioren bat, baina ez diogu agian garrantzirik eman nahi izan. Eta ezin zaio ez ikusiarena egin honi.

Zure lanek izaera psikologikoa izan ohi dute, asko benetako gertaeretan oinarrituak dira. Honek ere halaxe ematen du, horregatik egin dizut horri buruz lehenengo galdera. Fikzioa izanagatik ere, alderdi psikologiko hori arakatzea gustuko duzula iradokitzen du lanak.

Anariren kanta batek esaten du: “mundu mailako gerra intimo eta latz batean...”. Gerra intimoak ere handiak izan daitezke. Idazterakoan guda horietarantz begiratzen dut.

Guda oro da borroka. Literarioa ere bai. Zeren kontra egin behar izan duzu “Kamisoi zuri zetazkoa”-n?

Bai, guda-zelaitik idazten da eta idaztea bera borroka bat da. Liburu honekin bereziki borrokatu dut; berez atera zitzaidan lehen bertsioa, eta antzeman nuen nire beste lanengandik aldendu egiten zela. Baina ez nintzen konformatu, iruditzen zitzaidan zorroztu egin behar nuela testua, eta horretan aritu naiz. Liburu guztiekin sentitu izan dut momentu batean bukatu dudala testuaren idazteko prozesua, nahiz eta liburu bat inoiz ez den bukatzen, amaitu dela nik liburuari emateko daukadana. Baina liburu honekin ez nuen hori sentitzen besteekin sentitu nuen momentuan: gehiago arakatu nahi nuen, doitasun gehiago eman. Eta bila aritu naiz, topatu dudan arte. Azkenean ikusi nuen zenbat nahi nuen kontatu, istorioaren denbora noiz hasi eta noiz bukatuko zen, egitura nolakoa izango zen, zer kontatuko nuen eta zer erakutsiko nuen... Zailena izan da, nik uste, gutxi esanda adieraztea zelan sentitzen den haur hori. Hitz gutxirekin asko adieraztea.

Nobela laburra da. Oso. Eta nabari da sintesi lana dagoela atzean. Liburuaren aurkezpenean azaldu zen esan beharrean erakutsi egiten duela lanak. Idazkera lehor eta etena erabiltzeko hautua ere horrekin lotuta dagoela pentsatzen dut...

Lehen zirriborroan berez atera zitzaidan tonu sikuago bat; horregatik esaten dut ordura arte idatzitako liburuen aldean diferentea zela. Arrazionalagoa izan da idazketa hurrengo idatzaldietan, eta horietan guztietan egon da bai, hautu kontziente bat, idazkera lehorra izan dadin, gauzak doitasunez adieraztekoa, dena ez esplizitatzekoa... Istorio honek hala eskatzen zidan, baduelako berezko dramatismo bat, ezin zaiolako pisu gehiago jarri, eta istorioa modu elegante batean kontatu nahi nuelako. Istorioak eskatzen zidan beste idazkera bat, baina ez horrek bakarrik: ni neu ere diferente nago, eta horren ondorioz, idazle modura ere bai. Aldaketa pertsonalak, intimoak, idazle modura ere aldatu egin nau.

Idazkera soil horretan klabe batzuk erabiltzen dituzu, eta abusuari berari baino aurrekariei eta inguruari ematen diozu garrantzia. Lehenengo kapitulutik abiatuta, protagonistaren pentsamendu intimoenetara sartzen zara. Hilekoa, odola, lotsa... Pederastiaz harago doan beste geruza batean abiatzen duzu kontakizuna.

Hori da. Abusuaz haratago doa istorio hau.

Zuk esan bezala, aurrekariak dira hilekoa eta hilekoak eragiten duena, bai barrutik, haurrarengan, bai kanpoaldean, helduengan. Lotsa, errua, beldurra, jakin-mina... sentitzen ditu haurrak, denak nahastuta, hilekoa datorkionean.

Odol gatzatua ikusten duenean atzamar artean hartzen du, ikara sentitzen duen arren, jakin-minez. Amonaren erreakzioagatik, errua. Lehengusu eta izeben erreakzioagatik ulertzen du beste modu batera jokatzen hasi behar duela. Espektatibak, kuriositatea, ardura, izua, ilusioa... Hilekoa dator eta hamaika urte dituen haurra jada ez da haurra. Odolak emakumetu egin du. Baina berak ez daki nola jokatu, adibidez, begirale horrek kanpamentuan seduzitu nahi duenean.

Ez dauka sexualitatearen berri, ez ditu jokoaren arauak ezagutzen. Ez daki horretaz ezer, dakien bakarra da beste modu batera jokatu behar duela.

Horrek abusua gertatzea erraztu egiten du.

Odola beste klabe bat da, zeuk esan bezala. Kamisoi zuria zikintzen duen odola, haurtzaroa zikintzen duen odola.

Konturatzen naiz odola badela nire liburuetan errepikatzen den klabe bat. Mina adierazi nahi du odolak, baina aldi berean ebitaezina dena. Odolez beteta gaude, kanpotik ikusten ez den arren.

Kontakizuna hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoa eta azkena etxean gertatzen dira. Erdikoa udako kanpamentu batean. Haurraren inozentziarekin jokatzen duzu, erasotzailearen mugimenduak agerian utziz. Haurrak ez daki zer datorkion. Baina irakurleak bai. Urduritasun karga hori jarri nahi izan duzu liburua esku artean hartzen duenarengan?

Hemen joko moduko bat egiten da irakurlearen eta istorioaren artean. Protagonistak ez daki zer gertatuko den, ez daki harrapakina dela; baina irakurleak badaki abusatzailea armiarma dela, eta haurraren inguruan amarauna josten ari dela. Disonantzia horrek eragiten du urduritasuna eta ezinegona.

Eta bai, bilatu dut ezinegon hori, azkura hori. Istorioarekin bat doalako. Baina halere, espero dut liburua irakurtzen duenarentzat esperientzia aberasgarria izatea. Liburu, film, abesti batzuekin hori gertatzen zaigu, ez direla komedia alaiak, ordu goxo batzuk ematen dizkigutenak eta gure errealitatetik deskonektatzen laguntzen digutenak; artelan batzuekin ez dugu mina arintzen, kontrara agian: pentsarazi egiten digute, eraldatu egiten gaituzte, eta liburu-film-abesti horren ondoren, ez gara lehengoak.

Une gogorrak uzten ditu. Kanpamentua amaitu eta gurasoak bila joaten zaizkiona bezalakoa. Zauria egina dago, baina protagonistak ezer ez esatea erabakitzen du. Eta, gainera, ondo pasa duen plantak egiten ditu senideen aurrean. Hor badago gurasoekiko kritika bat? Gurasoek haurtzaro edo nerabezaroan seme-alabekin egindako hanka-sartzeak gogorarazi dizkit niri.

Nire asmoa ez zen horrenbeste gurasoen hanka-sartzea erakustea, ez naizelako joan hau eta beste salatzera; egoeraren krudelkeria erakustearren idatzi nuen parte hori. Ume horrengan zauria egina dago, betirako, ez dago atzera bueltarik; eta gainera, abusatzaileak gurasoak ere irabazi egin ditu, eta hortaz, umeak isilik gelditzea erabakitzen du. Agian esan egin nahi zuen, baina begiralea aurreratu egin da eta hori ere kendu egin dio. Iruditzen zait hau dela istorioaren parterik krudelena eta deshumanizatzaileena: bortizkeria guztiaren ondotik, haur horrek ez izatea babesik eta zaintzarik, bera eta bere mina hartuko duten gurasorik, bere zauria egunero-egunero garbituko dutenik. Bigarren aldiz bihurtzen da hor haurra biktima.

Sara Moranteren ilustrazioez lagundutako lana da. Zeuk erabaki zenuen liburua irudiz laguntzea?

Halaxe irudikatu nuen, eta horrelaxe eskatu nion argitaletxeari. Haiek ere bat etorri ziren, eta hauxe da emaitza.

Harribitxi bat da hau zure ibilbidean?

Ez dakit egokia den nik esatea, baina halaxe ikusten dut, bai. Garrantzitsua zen niretzat testu hau, nire ibilbidean mugarria izango zela sentitzen nuelako. Baina testua liburu ederra bihurtu du Ereinek, sinestu duelako testuan, eta hori ederra da, eta eskertzekoa da. Garrantzitsua da niretzat argitaletxeak testuan konfiantza duenean.

Egia esan, formatua ez da oso ohikoa. Narrazioa edo nobela den ez dago oso argi, eta gainera ilustratua da. Apustu bat ere bada, bai zuretzat bai argitaletxearentzat, ikusirik gainera Euskal Herrian oraindik helduentzat egindako lan ilustratuak urriak direla.

Testuak nobela izaera du, tonuz eta erritmoz, nahiz eta motza izan. Ez zait, egia esan, horrenbeste inporta zein generotan kabitzen den pentsatzea. Baina ilustratutako liburua izateak asko eman dio testuari.‪Eta liburuaren itxuraz, objektu moduan ere ederra izango den zerbait nahi nuen: azal gogorra, paperaren ukitua, liburu osoan zeharreko diseinua, detaileak... orriak pasatze hutsa izan dadila esperientzia estetikoa, irakurketaren gozamena handituko duena.‬

Elkarrizketa amaitze aldera... Idazle gaztea zara, baina oparoa, oso. Non dago zure literaturaren motorra? Faktore aldagarria da?

Idazteari emanda pasatu ditut urte batzuk, liburuak sortzen. Ez dut horrenbeste liburuez hitz egin, ia ez dut promoziorik egin, ez naiz liburua argitaratu ondorengo hilabeteetan liburuan egon. Idazte prozesuan bizi izan naiz, argitalpenaren ondorengo fasean baino gehiago.

Liburu bakoitzaren idazketa bakoitzarekin sentitu dut zerbait handia, indartsua, guztiek harrapatu naute guztiz, eta denei eman diet asko. Uste dut liburu guzti horiek idazteko motorra bizitzeko gogoa izan dela. Idazteak ematen zidan hori lehen. Orain bizitzari begira nago. Eta momentuz ez daukat beste istoriorik buruan; “Kamisoia” osorik gelditu zaidala sentitzen dut, eta ni neu ere osorik nago.