Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Pete Whittaker, Kapitain eta Half Dome bakarka eta egunean

Iragan azaroan, eskalatzaile britainiarrak 20 ordu eta 19 minutu behar izan zituen «The Nose» eta «Regular» bideak kateatu ahal izateko. Bi eskalada horietan bere burua sokarekin aseguratu zuen. Yosemiteko «Big Linkup» azpimarragarrienetarikoa izan da.

Pete Whittaker eskalatzaile osoa da, baina makina bat jardunetan erakutsi duen bezala muturreko zailtasuna duten artesietan zein hormatzarretako eskaladan goi mailako espezialista da. Pareta luzeetan, adibidez, joan den azaroan, Yosemiten, azpimarratzeko moduko eskalada egin zuen. Hain zuzen ere, britainiarrak Kapitaineko “The Nose” eta Half Domeko “Regular” bideak 20 ordu eta 19 minutuan kateatu zituen. Hori bai, bakarka eta bere burua sokarekin aseguratuta.

Zalantzarik gabe jardun horrek meritu berezia du; izan ere, “etxekoa” ez den eskalatzaile batek 24 ordu baino gutxiagoko “Big Linkup” edo kateatzea egin du. Eta hori guztia baieztatu ahal izateko, datu argi bat eman behar dugu: Whittakerren aurretik, Dean Potter, Hans Florine eta Alex Honnoldek soilik lortu dute denbora hori.

Azpimarratzeko beste datu bat, eskalatzaile britainiarrak Half Dome behin soilik eskalatuta zeukan aurretik, eta “The Nose” bitan: «Erabat aseta nago egindakoarekin. Eskalatutako bi bide horiek gainera inoiz ez ditut bakarka igo. Beraz, bakarkako logistika hori, nolabait esan, bistan egindakoa izan da. Jardun horretan, jakina, soka behin baino gehiagotan trabatu zitzaidan. Arazo teknikoak ere gainditu behar izan nituen, batez ere Half Domeren lehen zatian galdu nintzenean».

Gogora dezagun protagonista honek 20014. urtean Kapitaineko “Freerider” bidea (7c, 37 luze) bakarka eta 20 ordu eta 6 minutuan igo zuela.

“E eguna” joan den azaroaren 9an izan zen. Half Domeren oinarrian lo egin eta gero, lehen urratsak goizeko 6:30ean egin zituen. “Regular” bidea hamaikak aldera bukatu zuen. Britainiarrak dioenez, jaitsiera nahiko nahasia izan zuen: «Ibilbide horretan galdu egin nintzen. Half Dome lehen aldiz igo nuenean, jaitsiera turistikoa erabili nuen. Baina eskalatzaileek erabiltzen dutena ez nuen ezagutzen. Jaitsi, igo, korrika egin... denetarik egin nuen. Paretaren oinarrian nire bikotekidea zain nuen, eta autoz El Cap Meadow-era eraman ninduen. Ondoren, ‘The Nose’ eskalatu nuen».

Arazoak

“Big Linkup”-aren lehen eskaladari dagokionez, eskalatzaile honek onartu du, erraza bada ere, buruhauste batzuk izan zituela: «Uste dut sokarekin lan ona egin nuela, baina hurrengorako soka motzagoa eramango dut. Arestian esan dudan bezala, lehen zatian galdu egin nintzen. Bide egokia aurkitzeko arazoak izan nituen, eta horrek beldurtu egin ninduen».

Half Domen, beraz, bidean nahastu zen; “The Nose”-n, berriz, luze batzuetan sokak korapilatu zitzaizkion: «Horrek guztiak energia eta denbora kendu zizkidan. Berez, sokak ondo antolatzeko poltsa bat eraman behar nuen. Gainera, erlaitzetan soka horiek ondo pilatu beharrean, behin baino gehiagotan zintzilik geratu zitzaizkidan. Horren ondorioz, artesietan behin baino gehiagotan trabatu eta hauek errekuperatzeko lan gogorra behar izan nuen egin. Hori gutxi ez, eta eskalada hori egiteko behar adina urik ez nuen eraman. Zorionez, ‘The Glowering Spot’ sekzioaren azpian zer edo zer aurkitu nuen».

“The Nose” bidean eginiko denborari dagokionez, esan behar dugu arratsaldeko 13:23an hasi zuela. Amaitu, berriz, goizaldeko 02.49an. Kronoa gelditu ondoren, inolako presarik gabe jaitsierari ekin zion. Bitxia izan zen, ordea: «Trekkingeko zapatilak garraiatu ez nituenez, jaitsiera guztia katu-oinekin egin nuen. Jakin badakit ez dela hori modurik egokiena, baina ordurako nire helburua bete nuen eta jaitsiera patxadaz hartu nuen».

Azkenik, jarduera horren balizko errepikapen bati buruz zera adierazi du: «Zalantzarik gabe, izaera honetako bideen loturak atsegin ditut. Denbora hobetzeko, berriz, bakarkako logistika hobetu beharko nuke».