Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Sorginetxe Big Wave II: Euskal Herriko olatu handien erronka prest

Martxoaren 31 bitartean Sorginetxeko urautsiak funtzionatzeko behar dituen baldintzak sortzen badira, bigarren aldiz burutuko da Deban Euskal Herriko Olatu Erraldoien Txapelketa. Surflariak prest dira.

Iaz sekulako arrakasta izan zuen Deban lehen aldiz egin zuten Euskal Herriko olatu handietako txapelketak eta aurten bigarren edizioa egiteko itxaronaldi epea ireki zuten pasa den urtarrilaren 12an. Gauzak honela, martxoaren 31 bitartean itsaski sendo bat sartzen bada eta beha- rrezko baldintzak sortzen badira, berriz ere ikuskizun ederra izango da Deban.

Txapelketa eredua eta lehiakideak hautatzeko sistema iazko berak izango dira; beraz, egitura mailan ez da aldaketa handirik izango. Beharrezko baldintzak betetzen badira, aldaketa itsasoak eta olatu handietan gero eta trebeagoak diren Hego Euskal Herriko surflariek ekarriko dute.

Zailtasunen gainetik

Olatu handietako surfak azken urteetan izandako gorakada ikusi ostean erabaki zuen Euskal Herriko Surf Federazioak mota honetako txapelketa bat antolatzea. Ordea, arazo handiak izaten dira urautsi bat hautatzerako orduan, batetik bertako surflari asko txapelketak egitearen kontrakoak direlako, eta bestetik, olatu handietako urautsi gehienek ongi funtzionatzeko baldintza oso zehatzak behar izaten dituztenez, txapelketa bat egitea zaila izaten delako.

Aurtengoan argi utzi nahi izan dute antolatzaileek txapelketa honen xede nagusia zein den: «Txapelketaren helburua, olatu handietako txapelketa bat burutzea da, euskal surflarien diziplina honen garapenerako. Bestetik, EHSFk proba hau erabiliko du modalitate honetako sailkapen bat burutzeko, sailkapen hau etorkizunean sor daitezkeen hautaketa prozesuetarako baliatuz. Azkenik, txapel- keta honen bitartez, olatu handietako surflari berriak ezagutzera eman nahi ditu, egun ezagunak direnen oihartzuna handitzen lagunduz».

Txapelketa bera egitea beraz, ez da erraza, baina horri itsasoko baldintzak gehitu behar zaizkio. Sorginetxeko eskuin olatua lehertzen hasteko gutxienez lau metroko olatuak izan behar dira Gipuzkoako kostaldean. Itsasbeheran lehertzen den olatua da, eta haize egokia hegoaldekoa da (haizerik gabe ere egokia da).

Lehiaketa itsasbeheran egin behar izateak marea biziak direnean egitea eskatzen du (ilbetea edo ilberria), marea hilekin ez baita itsasoa behar bezainbat jaisten. Ondorioz, baldintzak betetzen direnean, hau da, itsaski sendo bat, haize egokia eta marea biziak direnean, txapelketa goiz batean egin ahal da, marea biziak direnean itsasbehera beti goizez izaten baita. Marea hilekin ere suerta daiteke olatuak izatea, baina baldintza kaskarragoak izaten dira.

Hautapenak eta arauak

Guztira 18 lehiakidek hartuko dute parte Debako txapelketan. Horrez gain, beste dozena bat ordezko ere hautatuak dira jada, itxaronaldi epea luzea denez, lehiakideak libre egotea ez baita erraza izaten, gertatu baitaiteke baldintza onak diren egunean laneguna izatea. Horregatik, lehiakideengan sor daitezkeen eragozpenei aurre egiten laguntzeko, antolakuntzak 50 euro emango dizkio surflari bakoitzari. Irabazleak ostera, 150 euro jasoko ditu.

Lehiakide hautatuei dagokienez, Gipuzkoako olatu handien komisioak 6 surflari hautatzen ditu, beste 6 lehiakide Bizkaiko Surf Federazioak, Debako Zurrunbilo elkarteak 2 lehiakide hautatu ahal ditu, eta azkenik, Euskal Herriko Surf Federazioak 4 gonbidapen wildcard banatzen ditu, gazte promesa eta ohorezko gonbidatuen artean.

Lehiakideek hartzen dituzten olatuen artean bi onenak dira kontuan hartzen direnak, eta horietatik puntu gehien bildutako olatuak balio bikoitza du, beraz surflariek gutxienez olatu on bat hartzea dute helburu.

Sei lehiakidez osatutako hiru txanda itsasoratzen dira lehenik eta lehen postuan geratzen direnak zuzenean finalera joaten dira. Bigarren eta hirugarren postuan geratzen direnek, aldiz, bigarren txanda bat egin behar izaten dute. Iaz Indar Unanue izan zen txapelduna.