Martxelo DIAZ
EUSKALTZAINDIAK 100 URTE

HIZKUNTZA HELBURUAK BERMATZEA, XEDE NAGUSIA

EUSKAL HIZTUNEN HIZKUNTZA ESKUBIDEAK BERMATZEA DA HIZKUNTZA POLITIKEN HELBURU NAGUSIA, IRUñEAN EUSKALTZAINDIAK BURUTU DITUEN JARDUNALDIETAN AGERIAN GELDITU DENEZ. ZORITXARREZ, ORAINDIK ERE HELBURU HORI LORTZEKO BIDE LUZEA EGIN BEHAR DELA BERRETSI ZUTEN.

Nafarroan eta EAEn eredu desberdinak hautatu ziren hizkuntza eskubideei dagokienez. EAEn ez zen lurraldea kontuan izan eta egun herritarrek eskubide berberak dituzte, esaterako, Abaltzisketan, Zallan edota Guardian bizi badira ere. Nafarroan, berriz, zonifikazioa ezarri zen eta Tuteran bizi direnak edo Bera bizileku dutenak ez dira berdinak alor honi dagokionez.

Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok eta Nafarroako Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik azaldu zituzten bi administrazioetan bizi diren egoerak.

Lozanoren hitzetan, asko aurreratu da azken urteotan. Honekin batera, hizkuntza eskubideak herritarrei dagozkiela eta administrazioari horri erantzutea dagokiola nabarmendu zuen. Eman zituen datuen arabera, egun Lakuako administrazioko langileen %70 euskal hiztunak dira; 1990ean ehuneko hori %23,5ekoa zen. Ertzaintzaren azken promozioan hautagaien %98 ziren euskaraz (maila desberdinetan) aritzeko gai. «Hau ez da beti horrela eta aurrera egin dugu», azaldu zuen zuzendariak.

Izan ere, administrazioan arnasgune funtzionalak sortzearen alde azaldu zen. Gauzak aurrera egin badute ere, oraindik gabeziak badaudela onartu zuen.

Nafarroan egoera bestelakoa da eta helburua zonifikazioa gainditzea dela aipatu zuen Arregik. Horrekin batera, Nafarroan hizkuntzaren normalizaziorako adostasun politikorik ez dagoela jarri zuen mahai gainean. Zonifikazioa eskubideak mugatzeko erabili izan da, nahiz eta toki administrazioek hori gainditzeko lan egiten dute, ordenantzak onartuz adibidez. Horrez gain, Vascuencearen Legea politika murriztaileak egiteko baliatu izan da.

Egoera hori, hein handi batean, 2015ean aldatu zela eta aldaketa politikoa ekarri zuen akordio programatikoan euskararen aldeko 19 neurri adostu zirela aipatu zuen. Horien artean, Iruñean kokatzen diren eta herrialde osoan eragin duten zerbitzu zentraletako egoera aldatu da. Horrekin batera, aspaldiko partez, euskararentzako baliabide ekonomikoak bideratu zirela gogoratu zuen.

Adostasun politiko falta horrek aurrerapausoak zapuztu ditzakeela esan zuen, egun dauden oposizioko kideek ez baitute bat egiten euskararen aldeko politikekin. Are gehiago, euskararen normalizazioa inposizio bezala aurkezten duten mezuak zabaltzen ari dira. Nafarroako biztanleen erdiak euskararen kontrako jarrera horien aldekoak direla nabarmendu zuen.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ez zen hain baikor azaldu. Hizkuntza eskubideak eskubide subjektibo bezala ez direla inongo legedian azaltzen nabarmendu zuen. Are gehiago, askotan hizkuntza eskubideak modu negatiboan aurkeztu ohi direla gaineratu zuen Bilbaok.

Nafarroako zonifikazioa ere aipatu zuen, galdera hau egiteko: «Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa beste alorretan ezartzea onargarria litzateke?». Hau da, hezkuntzan edo osasungintzan Erriberako edo Sakanako biztanleek zerbitzu eta eskubide desberdinak izatea onargarria izango al litzateke? Edo zerga desberdinak ordaintzea?

Eskubideak aitortzea ez dela aski esan zuen Bilbaok ere, ezinbestekotzat joz eskubide horien bermeak ere izatea.

Europako Karta

Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragile Sixto Molina Europako Kontseiluaren menpe dagoen hitzarmen honetaz aritu zen. Eta gabezia handiak dituela onartu zuen.

Izan ere, Gutuna onartzeko garaian estatuen borondatea du oinarritzat. Badira Polonia bezalako estatuak, Gutunaren bertsiorik zorrotzena sinatu dutenak. Estatu espainolak erdi mailako sinadura egin zuen. Eta Estatu frantsesak (Belgika, Italia eta Portugalek bezala) ez du berretsi eta ondorioz ez dute konpromisorik onartu.

Estatuek egiten dituzte konpromisoei buruzko txostenak eta horiek betetzen ez badituzte ere ez dago estatuak zigortzeko prozedurarik. Berdin da. Orain informazio hori eskuragarriago izatea nahi dute. Ez da aldaketa handia.