Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Da Hui Backdoor Shootout 2019: Lehiaketa eta tragedia

Tyler Newtonek, Kauai uharteetako surflariak, irabazi zuen aurtengo Da Hui Backdoor Shootout sari ospetsua. Txapelketa amaitu eta biharamunean, ordea, istripu oso larri bat izan zen Pipelineko urautsian. Marcus Biju bodyboarder brasildarrak bizia galdu zuen.

Aurtengo negua itsaski indartsuak eskaintzen ari da Hawaiin eta horri esker olatu oso onak izaten ari dira sasoi honetan egiten dituzten txapelketetan. Da Hui Backdoor Shootout lehiaketan lau metroko olatu bikainak izan ziren eta ikuskizun itzela eman zuten surflariek.

Pipelinen sekulako olatuak izaten dira, baina oso olatu arriskutsua da. Urtero izaten dira istripu larri ugari eta aurtengo urtea bizia galdu zuen bodyboarder batekin hasi zen.

Newton garaile Pipelinen

Tyler Newtonek irabazi zuen Da Hui Backdoor Shootout 2019 txapelketa ospetsua. Kauai uharteko surflariak 40.000 dolarreko saria eskuratu zuen txapelketako puntuazio altuena jaso ostean.

Horrela mintzatu zen Newton kazetarien aurrean: «Beti amestu izan dut Pipelilen txapelketa bat irabaztearekin. Nire helburua txanda bakoitzean gutxienez olatu on bat egitea zen eta lortu dut. Itzelezko ohorea da txapel hau irabaztea».

Irabazi ez zuen arren, aurtengoan ere sekulako ikuskizuna eskaini zuen beste lehiakidea Jamie O’Brien izan zen; bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren postua, ostera, Keito Matsuoka japoniarrarentzat izan zen. Matxuoka izan zen aurtengo txapelketan hamarreko olatu bat egitea lortu zuen surflari bakarra.

Bodyboarder bat hilda

Marcus Biju bodyboarder brasildarrak bizia galdu zuen Banzai Pipelineko urautsian urtarrilaren 17an. Esperientzia handiko itsasgizona eta ogibidez fisioterapeuta, tubozale amorratua zen eta pertsona ezaguna zen Oahu uhartean. Goizeko 7:30ean izan zen istripua, oraindik sorospen zerbitzuak lanean hasi gabe zeudela. Ondorioz gorpua aurkitu zuten surflarien esanetan, ez dago garbi zer gertatu zen.

Sorosleen iritziz, ordea, posible da kirolariak hondoko arrezifea buruarekin jo izana. Ohiko istripua izaten da Pipelinen buruko kolpe baten ostean kordea galdu eta itota hiltzea.

Bodyboarderra atera zuten lagunek erreanimazio ariketak egin zizkioten medikua etorri bitartean, baina ez zuten brasildarra suspertzea lortu.

Pipeline munduko urautsi arriskutsuenetako bat da eta bertan hil diren surflari eta bodyboarderren zerrenda urtez urte luzatzen doa. Andy Chuda, Travis Musselman, Moto Watanabe, Jon Mozo, Malik Joyeux, Joaquin Velilla eta Joshua Nakata dira Pipelinen bizia galdu duten azken lagunak.

Txapelketa sasoia

Negua da Hawaiin olatu onenak izaten diren sasoia. Abendu eta otsail bitartean izan ohi dira urteko itsaski hoberenak, eta horregatik izaten da txapelketen garaia ere sasoi horixe bera. Txapelketa ikusgarrienetakoak Pipelinen egin ohi dira. Bertako olatuak dituen ezaugarriek ikuskizuna ziurtatzen dute, eta marka izen guztiek nahi izaten dute bertan txapelketaren bat egin.

Hala ere, baldintzak beti ez dira egokiak izaten; egun batzuetan itsaskiak beste batzuetan baino ikusgarriagoak izaten dira. Aurtengo negua, zentzu horretan behintzat, paregabea izan da. Itsaski handiak, olatu ilara perfektuak, uhin lerratuak, kontrako haize ufada leunak... Itsasoak baldintza ezin hobeak eskaini ditu.

Munduko txapelketa garrantzitsuenak Hawaiin egiten dira. Zehatzago esateko, Oahu irlan; hain zuzen, Oahu irlaren iparraldean, North Shore deituriko ingurune famatuan, eta eremu zehatz horretan, bi dira leku sakratuak: Waimea eta Pipeline.

Nolabait esatearren, maila espiritualean garrantzia handiena duen txapelketa Waimean egiten da eta Eddie Aikau du izena. Bertako sorosle Eddie Aikau zenduaren omenez egiten da txapelketa. Ez da edonork parte har dezakeen ekitaldia; berezia da oso, eta berau egiteko beharrezko baldintzak ere oso bereziak dira.

Baldintza nagusia gutxieneko itsaski bat izatea da. Olatuek 25 oineko (7,5 metro) altuera izan behar dute; bestela ez da txapelketa egiten. Horregatik ez da urtero egiten; nahiz eta berau egiteko hiru hilabeteko epea izan, baldintzak oso gutxitan betetzen dira.

Hiru lehiaketa Pipelinen

Urautsi nagusia Pipeline Banzai da. Pipelinek ikuskizuna ziurtatzen du. Itsaskiek erraz kolpekatzen dute kostalde hori, eta bertako olatuak hondartzatik oso gertu lehertzen dira. Beraz, ikusleek ur-bazterretik ikuskizunaz gozatzeko leku paregabea da. Gainera, olatuak oso indartsuak eta arriskutsuak izan ohi dira eta horrek are eta biziagoa bilakatzen du ikuskizuna.

Hiru dira Pipelinen urtero negu sasoian egiten diren txapelketa garrantzitsuenak. Lehena abenduan izaten da, Billabong Pipe Masters lehiaketa. Txapelketa hori da ezagunena; batetik, WCT zirkuituko azken txapelketa delako, eta, bestetik, iraganean munduko txapelketa garrantzitsuena izan zelako.

Bigarren txapelketa Da Hui Backdoor Shoot Out lehiaketa da. Bertakoek antolatzen dute, eta ezin du edonork parte hartu. Hau da, bertakoek bertakoentzako egindako lehiaketa dela esan daiteke.

Da Hui Pipelineko urautsian «ordena» jartzeko sortu zen surf elkarte bat da, eta txapelketa hau antolatzen hasi zirenean honako arrazoia eman zuten kanpokoak kanpoan uzteko: «Gure urautsian egiten diren surf txapelketetan gutako askok parte hartzerik ez dugula ikusita, soilik guretzat izango zen txapelketa bat egitea erabaki genuen». Eddie Rothman elkarteko zuzendariaren hitzak dira horiek.

Hirugarren txapelketa urtarrilaren amaiera aldera egiten da, Volcom Pipe Pro. Aurten urtarrilaren 29 eta otsailaren 10 bitartean izango da txapelketa eta bost izarreko QS mailakoa izango da.

Hiru arrezife

Pipeline munduko olaturik onenetako bat da, baina arriskutsuenetakoa ere bai. Surflari gehien hil diren urautsia da. Tamainaren eta itsaskiaren norabidearen arabera asko aldatzen da olatua, baina arriskua iraunkorra da, olatua hondo gutxiko eremuan lehertzen baita, koral zorrotzaren gainean, eta indar handia dauka.

Hasieran soilik Pipelinen surf egiten zen, hau da, olatuaren ezkerraldean. Denborarekin surflariak eskuinaldean ere surf egiten hasi ziren eta Pipelineren «atzeko atea» deitu zioten horri, “backdoor”. Beraz, olatu berean ezkerraldera joanez gero, Pipeline da, eta eskuinaldera joanez gero, berriz, Backdoor.

Pipelinek hiru urautsi edo arrezife dauzka. Lehen urautsia olatuek bi metroko altuera dutenean lehertzen da. Urertzetik oso gertu hausten da olatua, bi aldeetara, ezker-eskuin, baina batez ere eskuinaldeak ematen du joko gehien. Jaitsiera zaileko olatua izaten da, azkarra da eta askotan itxi egiten du.

Bigarren urautsia olatuek hiru eta lau metroko altuera dutenean lehertzen da. Tamaina honekin olatua bere onenean egoten da. Jaitsiera oso zaila da, sakonera eta ur gutxiko leku arriskutsua bilakatzen da, baina tubo bikainak sortzen dira. Gainera, olatuak bi aldeetara jotzeko aukera ematen du, bai Backdoorrera bai Pipelinera.

Hirugarrena, urertzetik urrunen dagoena da; olatuak oso handiak direnean bakarrik lehertzen da, lau metro baino gehiagoko olatuekin, alegia. Jaitsiera bertikala izaten da, baina beste bi urautsietan baino errazagoa da eta olatua bigarren arrezifera iristean itzelezko tuboa eratzen da.

Hirugarren arrezife honetan olatuak lehertzen diren egunetan oso gutxitan ikusten dira surflariak eskuinaldean surf egiten (Backdoorren); izan ere, ez dute olatu guztiek irekitzen eta gainera itzuleran olatu handi batek azpian harrapatzeko aukera ia ziurra da.