Jon GARMENDIA
Idazlea

Onki Xin

Fer etorri zenean ez zuen zarata handirik egin. Beharbada, musikari izateak lagundu zion horretan, umil eta gozoki Euskal Herrira egokitzen. Aragoin sortua, ezaguna zen El Corazon del Sapo taldeko ahotsa zelako, intsumitu eta presondegian egoteagatik, edo herri borrokaguneetako militantzia aktiboagatik. Hitzeko pertsona, boluntarioa eta zuzena. Joseba Ponce, Mikel Kazalis eta Galder Izagirrerekin Kuraia sortu zuen. Halako izen handiak elkartzean argi zen zerbait handia izango zela. Ikaragarria izan zen, ordea, gure musikaren historiari harramazka eder bat egin ziona ororen bistako. Juanra laguna kartzelan sartu zutenean bere ordez aritu zen KOPen; Estricalla etorri zen, eta Matxura proiektua. Orain Onki Xin plazaratu du, soineko modura datorkiona, ongi etorri. Musikaz at, antifaxista, antikapitalista gisa ibili da, praktikan eta teorian; intelektual gisa ikusten dudalako erraten dut hau, analisiak egin eta idazteko bere manera ez baitut nahinoren esku ikusten. Apoa eszenatokiko munstroa da, zuzenekoaren artista gorena, baina halakoxea da ere handik jaitsita. Euskaraz kantatzea gutxi zela iritzita, euskara ikasi zuenetik euskaldun bat gehiago da, barka, euskaldun bat baino gehiago da. Dena utzita joan zen itotzen ari ziren migranteei laguntzera, dena utzita dihardu buru-belarri Irungo harrera sarean, Euskal Herria harrera herri dela erakutsi nahiz. Lurretik beste lur batera dator gure eskubide berak dituen lurtarra. Urtarrilaren 26an manifestazioa dago Irungo Ficoban. Fer han aurkituko duzue.