Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Baterak bultzaturiko herri ikuskapenaren emaitzak, Euskal Elkargoaren eskutan

Iaz herritarren parte-hartze prozesua gauzatu ostean, plataformak Iparraldeko erakundearen gobernu hitzarmena berritzea eskatzen duen txostena eman zion Jean-Rene Etchegarayri joan den larunbatean.

Batera plataformak herritarrak gogoeta egitera bultzatu zituen iaz, Euskal Elkargoaren sorreraz geroztik Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen gobernantza ereduari buruz.

Ikuskatze prozesu hori hiru fasetan gauzatu zuen plataformak. Irailaren 15etik urriaren 13ra herri bilkura irekiak antolatu zituen. Horren ondotik, hautetsiei, gizarte eragileei eta kanpoko adituei entzuteko topaketak egin zituen azaroan, Ezpeletan. Azkenik, abenduaren 1ean tailerrak egin zituen Ainhize-Monjolosen, Iparraldeko erakundearen ibilmoldea hobetzeko prozesuan zehar agertu ziren proposamenak txosten batean biltzeko.

Iragan larunbatean Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) bere 14. urtemuga markatzeko biltzar nagusia egin zuen Ainhize-Monjolosen. Horren ondotik, Baterako kideek bilkuran presente zen Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariari ikuskapen txostena eman zioten.

Agiri horretan 27 proposamen jaso ditu Baterak. Elkargoaren gobernantzaren inguruan beren ekarpenak aletu aitzin, plataformak oroitarazi du Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritar eta hautetsi gehienek ez zutela Euskal Hirigune Elkargoa sortzea eskatu, eskuduntza zabalagoak lituzkeen eta bere ordezkariak boto zuzenaren bidez hautatzeko parada eskainiko lukeen lurralde elkargoa baizik. Oharra eginda, txostengileek argitu dute parte-hartze prozesu horren xedea ez dela izan lege edo estatutuak aldatzera behartuko lituzketen proposamenak egitea. Udaberrian garatuko duten prozeduraren baitan kokatu dute Baterako kideek lege markoari dagozkion proposamenei buruzko eztabaida.

Oraingo txostenak erakundearen funtzionatzeko erak agertu dituen mugak edo gabeziak gainditzeko ekarpenak jasotzen ditu. Hartara, 2017an elkargoak bere sorreran onartu zuen gobernu hitzarmena «2020ko herri bozen aitzin berridaztea» proposatzen du txostenak. Are, eztabaida prozesuan parte hartu duten 160 herritarrek nahi hau agertu dute: aitzineko herri elkargoen fusioaren ondorioz eratu zen erakundeak urrats berria egitea, bere organo guztietan «lurraldetasunaren aniztasuna» hobeto ordezkatzeko.

Horrekin batera, txostenak elkargoaren baitan ardura metaketa mugatzea planteatzen du, preseski aipatuz erakundeko burua ezin dela aldi berean auzapeza izan, eta emazteek zuzendaritza organoetan egun duten «presentzia urria» gainditzea galdegiten du.

Hautetsiek zein gizarte eragileek elkargoko jardueretan duten parte-hartzea handitzea eta demokraziaren eta gardentasunaren mesedetan herri kontsultak eta ikuskapenak egitea proposatzen dute.