GARA
Tenisa

Muguruzak ezin izan du Pliskova txekiarra garaitu

Final-zortzirenetan erori da, baina egindako denboraldi hasiera ontzat eman du.

«Nabaritu egin da konfiantza handiagoa zuela, batez ere une erabakigarrietan jo dituen kolpeetan. Bere aurka jokatu ditudan partida guztiak kontuan hartuta, seguruenik gaurkoa izan da bere egunik onena», aztertu zuen Garbiñe Muguruzak Karolina Pliskova tenislari txekiarraren aurka jasotako porrota, Australiako Irekiko final-zortzirenetan. Emaitzak ez zuen zalantzarako tarterik utzi (6-3 eta 6-1), ordubete iraun zuen norgehiagokan.

Hala ere, eta aurreko denboraldia nola amaitu zuen ikusita, euskal jatorriko tenislariak balorazio positiboa egin zuen urte hasieraz galdetuta. «Hasiera ona izan da, lehenik David Ferrerrekin Hopman Kopan eta orain hemen. Lortutako hiru garaipenek asko lagundu didate eta hurrengo birari ekiteko indartsu nago», adierazi zuen prentsaurrekoan, Johanna Konta eta Timea Bacsinszky tenislarien aurka emandako itxura ona azpimarratuz.

Muguruza kalean utzi duen Pliskovak Serena Williams estatubatuarraren aurka neurtuko ditu indarrak final-laurdenetan. Serena, zazpi aldiz garaile Melbournen, bere joko onena berreskuratzen ari da eta atzo Simona Halep errumaniarra, lehen serie-burua, kanporatu zuen bi orduko partida gogorrean: 6-1, 4-6 eta 6-4. Porrotaren ostean, Halepek munduko rankingaren lehen postua galduko du, Petra Kvitova txekiarra edo Naomi Osaka japoniarra finalerdietarako sailkatzen badira.

Zverev, ezinean Raonicen aurka

Gizonezkoetan, albiste nagusia Alexander Zverev alemaniar gaztearen porrota izan zen. Iaz ATP Finals (lehen Masters izena zuena) delakoa irabazi ostean, Hanburgoko tenislariak Grand Slam batean ere goi-goian egon daitekeela erakutsi nahi zuen, baina Milos Raonic kanadarrak final-zortzirenetan kanporatu du, hiru setetan: 6-1, 6-1 eta 7-6.

Raonicek Lucas Pouille frantziarraren kontra jokatuko du final-laurdenetan. Pouille lehiaketako ezusteetako bat da: lehen aldiz sartu da Australiako Irekiko zortzi onenen artean eta atzo lehen aldiz menderatu zuen Borna Coric kroaziarra: 6-7, 6-4, 7-5 eta 7-6 izan zen emaitza.

Faborito nagusien artean, Novak Djokovicek lan dezente eginda atera zuen aurrera Daniil Medvedev errusiarraren aurkako neurketa. Australian sei aldiz irabazi duen serbiarrak 6-4, 7-6, 6-2 eta 6-3 menderatu zuen errusiar gaztea, eta hurrengo kanporaketan Kei Nishikori izango du aurkari. Japoniarrak bost set eta bost ordu baino gehiago behar izan zituen Pablo Carreño asturiarra kanporatzeko: 4-6, 7-6, 6-4 eta 7-6.