Iker BIZKARGUENAGA

35 urte pasa dira, ta (ia) ezer ez da berdin

Ikastolan abestiak jartzen zizkiguten gelara sartzeko ordua zela abisatzeko, eta azken ikasturteetan genbiltzanoi “Aitormena” egokitu zitzaigun. Bibolin doinuak entzun, eta bagindoazen eskaileretan gora, denok muturtuta. Hura izan zen Hertzainak taldearekin izan genuen lehen harremana. «Ez dira betiko garai onenak...»; nola izango ziren, bada, matematika klasera bagindoazen! Ez, gurea ez zen bapateko maitemina izan. Baina institutura salto egin eta bibolinak baino lehenagoko aroa deskubritu genuen. Eta, noski, «Hertzainak» diskoa, entzutearen entzuteaz erre genuena. Esperientzia katarkikoa izan zen hura, abestiak metabolizatu genituen. Ez da asko esatea lan horrek belaunaldi pare bat ernarazten lagundu zuela. Baina 35 urte pasa dira, ta ezer ez da berdin. Edo ia ezer; pinuak eta militarrak, oraindik, sobera ditugu gure herrian.