Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Charles Albert frantziarrak bigarren 9a proposatu du

Joan den abenduan, «No Kopte Only» blokea (Fontainebleau) sinatzeko gai izan zen; ohi duen bezala, oinutsik eskalatu zuen.

Itxaroten izan gara hurrengo lerrootan jorratuko dugun berria era zabalagoan emateko. Baina, azkenean, amore eman eta bildu dugun informazioa zuenganatzea erabaki dugu. Boulderrean iragarri den munduko bigarren 9a proposamenaz ari gatzaizkizue. Joan den abenduan, Charles Albert frantziarrak Fontainebleauko Rocher Brule sektorean dagoen “No Kopte Only”-ren korapilo guztiak askatu eta aipatu dugun gradu hori jarri dio.

Abenduan lortu bazuen ere, hedabide espezializatuek horren berri urtarrilean izan dugu. Frantziarrarekin hartu-emanetan jartzeko aurrera eta atzera ibili gara, baina saioa ezerezean geratu da. Gauza bera gertatu zaie gainerakoei; bueno, Frantziako aldizkari bati izan ezik. “Grimper” izan da esklusiba lortu duena, eta, Alberten gertukoek adierazi duten bezala, zaila izango da hari adierazpen gehiago ateratzea. Izaera kontuak omen dira.

Beraz, Nalle Hukkataival finlandiarraren “Burden of dreams” blokearen (Lappnor, 2016) ostean, “No Kopte Only” munduko bigarren proposamen gogorrena bezala azaltzen zaigu. Albertek, bederen, 9a zailtasuna eman dio. Gogoratu behar dugu, halaber, gradu hori duen Fontainebleauko lehena izango litzatekeela.

Aipatu dugu muturreko zailtasunean lehen lerroan dabilen blokero honek izaera berezia omen duela. Horri gehitu behar diogu bloke guztiak oinutsik eskalatzen dituela; hots, katu-oinik erabili gabe. Horregatik guztiagatik, Mogwli edo Barefoot Charles goitizenak jaso ditu.

Protagonista hau behin baino gehiagotan igaro da orriotatik; izan ere, 8c+ graduko proposamenak egin eta beste batzuk sinatu ditu. “No Kopte Only”-ri buruz aurreratu behar dugu iragan polemikoa duela. Berez, erori handia du eta XIX. mendean han sortutako sabaiak meatzarientzat aterpe bezala hartzen zituzten. Gainera, altxatutako murru batek babesa ematen zion. Baina 2011. urtean eskalatzaile batzuek murru hori suntsitu zuten; antza denez, eskalatzeko traba egiten zielako. Hori gutxi ez, eta duela pare bat urte ezezagun batzuek hainbat helduleku hautsi egin zituzten.

“No Kopte Only”-ren ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu hamabiren bat mugimendu dituela. Korapilo hori askatu ahal izateko, Albertek lehen mugimendua eserita hasi zuen; hain zuzen ere, ezkerraldera dagoen 8b graduko bloke batetik. Ondoren, “Gaia”-rekin (7c) lotzen da. Eta hain zuzen ere, lotura horretan blokearen giltza dago: muturreko bi mugimendu.

Honen guztiaren inguruan, sare sozialetan soilik adierazpen hauek egin ditu: «Eskalatzeko katu-oinak erabiltzekotan, oso-oso bigunak aukeratu behar dituzu eta ez zenuke mugimendu ezberdin bat egin behar. Hots, beso batetik kulunkatu beharrean, eskuin oinarekin mugitzeko saioa behar duzu egin. Gutxi gorabehera, lehen hiru mugimenduek 8a+ graduko zailtasuna dute. Ondoren, giltza diren beste bi mugimendu daude. Eta jarraian, 7c+ aurrez aurre duzu».

Oro har, eskalatzaile frantziarraren proposamen honek ez du inor ezustean harrapatu. Eta hori diogu, oinutsik bada ere, 8c+ zailtasuneko hainbat proposamen egin eta beste batzuk errepikatu dituelako: “La revolutionnaire”, “Hypothese assis”...

Eta besteak

Albertek benetako protagonismoa hartu badu ere, muturreko zailtasunean jarduten duten beste blokero batzuen berriak aipatu behar ditugu. Izaera honetako notiziak jorratzen ditugunean, beti esaten dugu, kirol eskaladan ez bezala, boulderrean dagoen graduaren eboluzioa askoz ere mantsoago doala. Adibidez, 8c+ zailtasunean egin diren proposamenek gorabehera ugari izan dituzte. Asko eta asko graduan jaitsi egin dira, eta gradu hori bakan batzuek soilik dutela baieztatu da.

Horietako bat “Sleepwalker” da. Bada, munduko lehen 9a proposatu zuen Hukkataivalek berak bloke horren hirugarren igoera egin du. Ameriketako Estatu Batuetako Red Rocks-etan dago, eta, bitxia bada ere, finlandiarrak aurkitu zuen. Alabaina, urtarrilean, lehen igoera Jimmy Webbek lortu zuen eta bigarrena Daniel Woodsek.

Sinatu berri duen jarduera horren inguruan Hukkataivalek honakoa adierazi du: «Proiektu hori nik zabaldu nuen. Den-dena eman ondoren, azken mugimenduan erortzen nintzen. Negu honetan itzuli eta Jimmy eta Danielekin probatu dut. Nire kideak aurreratu zaizkit, baina pozarren nago. Sekuentzia aleatorio batekin trabatu nintzen, eta horrek nire motibazioan eragin zuen. Blokea egin nuen egunean, berriz, dezepzio handia hartu nuen; izan ere, oso erraz eskalatu nuen».

Bestalde, aipatu dugu egun batzuk lehenago Woodsek “Slepwalker”-en lehen errepikapena egin zuela. Eta hori azpimarratzekoa bada ere, gehitu behar dugu egun berean gai izan zela “Squoze” (8c) patrikara eramateko. Beraz, 8c+ eta 8c egun berean: «Eguna ‘Sleepwalker’-ekin hasi zen. Berotu ondoren, lehen ekinaldian sinatu nuen. Ez nuen energia asko erabili, eta ‘Squoze’ garbitzea otu zitzaidan. Aurreko bidaian saiatu eta hura egitetik gertu ibili nintzen. ‘Sleepwalker’ egin eta gero, adrenalina topera nuen, eta hura baliatuz ‘Squoze’ eskalatu nuen. Inoiz izan dudan blokeko egunik onena izan da. Egun oso motibatuta nago. Kataluniatik pasa ondoren, martxoan Suitzara noa eta apirilean Finlandiara ‘Burden of dreams’ probatzera joango naiz».

Eta kronika hau amaitzeko, Vadim Timonov aurkeztuko dizuegu; izan ere, muturreko bloke bat egin ez badu ere, Albarracinen eginiko jarduera azpimarratu behar dugu.

Eskalatzaile errusiarrak, zortzi egunean, 8a eta 8b+ arteko 17 bloke egin berri ditu. Eta lekuko batzuek baieztatu digutenez, oso erraz egin ere.

Horien artean dira: “La teoria del todo” (8b+), “Helicopters on beaches” (8b 20 minutuan) eta “PFC” (8b, flash eran). Timonovek adierazi du jarduera ederra izan dela: «Alabaina, korapilo gogorragoak nahi nituen».