Jon GARMENDIA
Idazlea

Hautatzea

Astelehenari nondik behatu ez dakidanean akordatzen naiz zurekin, egun bakoitzaren balioa berdina zela aldarrikatzen baitzenuen, eta gu betiko gu ginela erraten zenidan, larunbata izan edo astelehen buruzuri; nukleoan protoi kopuru bera duten bi atomo bagina bezala, bakoitzak geure buruari zenbakia mimo handiz jarri behar dion elementu kimiko gisa. Hemen egotea hautatuta han ez egotea hautatzen genuenez, hautatzaile ginela bizitza osoan, ia dena bazter utzita dena dagoelako gure aukeran. Eta Flavio laguna hasten zait kantari halakoetan, «elegir la belleza está en mis manos» gozoki. Hautatu gabeko edertasuna Affi bezalako herri ttipi batean sortzea denean, haragoko bazter ederrak hautatzen ikusi dudalako bera, Veronako probintziatik urrun, Romeo eta Julietak hilezkor bihurtutako paraje xarmantaren desjabe. Flavioren kantuak, gainera, bere “Mystic pop” diskoa entzuteko enbeia piztu eta musikari ezezagunak ezaguna izateko bidean zenbat hautu egin behar dituen pentsatuta filosofian galarazi nau. Ezaguna izatea ere hautu bat baita, ezagutzea bezala, ikastea, ahalegintze eta ausartzeen dikotomian. Ezatsegina nagusitzen zaidanean, garraztasunek derrigorra hurbiltzen didatenean, bizi dudana maitatzea da ene hautua, opari gisa momentu bakoitza, eta zurekin gogoa elkartzen zaidan momentu horietan, nik ere heldulekuak eskaini zizkidana ondoan izan nuela oroitzen dut, hutsuneetako min gaziak amodiozko doinuz bete eta aurrera begiratzen laguntzen didaten oroitzapenekin josita nagoelako, zu ez ahanztea hautatu ondotik. Aurrez erabakitako hurrengo eguna bailitzan egunero.