GARA
bartzelona

Kataluniako gotzainek adin txikikoen kontrako sexu abusuengatik barkamena eskatu dute adierazpen batean

Kataluniako apezpikuek barkamena eskatu zuten atzo, apaizek adin txikikoen kontra egindako sexu abusuengatik. Jarrera horrek «lotsa eta mina» eragiten diela adierazi zuen Tarragonako Apezpiku Konferentziak, Tianan egin duten bi eguneko bilkuraren ostean. «Biktimei barkamena eskatzen diegu, eta beraien saminarekin bat egiten dugu. Gertaera horien berri izan ondoren minduta sentitu diren guztiei ere barkamena eskatu nahi diegu. Sexu abusuek Elizarenganako konfiantza kolokan jarri dute», plazaratu zuten.

Adin txikikoen kontrako sexu abusuak «erabat» deitoratu zituzten, baita «horiek sustatu edo justifikatzen dituen kultura ere». «Gizarte osoari kalte egiten dion arazo larri bat da. Eta gizartearen zati bat izanik, Elizari ere min egiten dion errealitate bat da», gaineratu zuten.

Azken egunetan, Constati (Tarragona), Arbeca (Lleida) eta Vilobi d´Onyar (Girona) herrietako apaizen eta Montserrateko abade baten kontrako salaketak aurkeztu dituzte.

Gotzainek hitzeman zuten gertaera horiek argitzen lagunduko dutela epaitegiekin batera eta «biktimen erreparazioa» lortzeko lan egingo dutela. «Haurrak eta egoera ahulean dauden helduak babesteko» konpromisoa hartu zuten. «Sexu abusuak estaltzea edo haiekiko tolerantzia» ez dutela gehiago onartuko helarazi zuten.

Hilaren 21etik 24ra, gailurra egingo dute Vatikanoan, «adin txikikoen babesa Elizaren baitan» gaiari buruz. Ardatz nagusiak hauek dira: gardentasuna, ardurak, eta salaketak egiteko bide eraginkorrak ahalbidetzea.