Ion SALGADO
GASTEIZ

Ekarpen Legea da gaurko bileraren protagonista, gai zerrendan egon gabe

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaurko bileraren gai zerrendan Ekarpen Legeari buruzko ezer ez dagoela argi utzi dute Gasteizko Gobernuko iturriek, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duen proposamena eskaeren txandan jorratu daitekeela gaineratu dute.

Gaur arratsaldean izango da Gasteizen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera. Bertan bilduko dira EAEko erakundeetako ordezkariak, 2018an zerga itunduen bidez jasotako diruaren likidazioa egiteko. Eta abal publikoen bidez enpresen finantziazioa sustatzea helburu duen programa bat aztertuko dute.

Lakuako iturriek GARAri azaldu diotenez, Ekarpen Legea ez dago gaurko agendan; izan ere, aldundiek eta Gasteizko Gobernuak ez dute legea berritzeko akordiorik itxi. Dena den, aldundiek eztabaida planteatu ahalko dute eskaeren txandan. «Txanda horretan hainbat gai planteatzen dira eta Ekarpen Legearen eztabaida bertan jorratu daiteke», adierazi dute.

Lege honek EAEko erakundeen artean zergen bidez jasotako diruaren banaketa arautzen du, eta 2012an luzatu zen azkenengoz. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiak kaltetzen ditu, baina oraindik ez dute lortu legea aldatzeko akordiorik.

Bi erakunde horien buruek behin eta berriz adierazi dute akordio batera heltzeko prest daudela, eta asteartean, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak Ekarpen Legea berritzeko proposamen «sendo eta zorrotza» aurkeztuko dutela iragarri zuen. Eta akordioa lortzea posible dela nabarmendu zuen, «erakunde guztiak asebeteko dituen proposamenari esker».

Baina badirudi oraingoz halakorik ez dela posible izango, Bizkaiko ordezkariek atzo argi utzi zutelako Ekarpen Legeari buruz hitz egiteko lantalde bat osatu dela eta bertan lortu behar dela «akordio on bat».

«EAJren barne gatazka»

EH Bilduk kritikatu egin du gaur egungo egoera, eta «EAJren barne gatazkek Gipuzkoa ekonomikoki kaltetzen» dutela salatu du. «Ezin dugu onartu EAJren barne gatazkek Gipuzkoa osoa ekonomikoki kaltetzea, hori sekulako arduragabekeria da», adierazi zuen asteartean bidalitako ohar batean Eneko Maiozek, Eudeleko ordezkari eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluko EH Bilduko kideak.

Haren ustez, Gipuzkoako Aldundia akordioaren inguruko «sasi akordio proposamenak oso maila interesatuan eta propaganda kutsukoak ari da zabaltzen». Izan ere, Maiozek esan zuenez, Lakuako ordezkariek adierazi dute gai zerrendan ez dela ageri Ekarpen Legearen inguruko inolako aipamenik.