14/02/2019

Paueko Auzitegiak Moriba Koivogui gazte ginearra adinez nagusitzat jo du

Gizarte zerbitzuek harturiko erabakia berretsi du epaileak, aintzat hartu gabe Baionan ikasten duen migrantea umezurtz eta adingabea dela frogatzeko defentsak aurkeztu duen gurasoen heriotza agiria.

M.U.|BAIONA
0214_eh_bizipau

Paueko Auzitegi Administratiboak ez du aintzat hartu Moriba Koivogui migrante ginearra adingabea dela frogatzeko defentsak aurkeztutako agiria. Finean, dei auzitegia bat etorri da Pirinio Atlantikoetako Departamenduko gizarte zerbitzuekin, Baionan ikasketak burutzen ari den gaztea adinez nagusitzat hartuz. Alta, migranteen alde jarduten duten hainbat eragilek, esaterako Bizik, agerian jarri dituzte migranteen adinaren balorazioa egiteko orduan departamenduko zerbitzuek erakutsitako «gabeziak».

Kasazio helegitea

Atzoko erabakia deitoratzearekin batera, prozesuan zehar gaztearen abokatuari hainbat informazio ezkutatu izana salatu zuen Bizik. Hala nola Departamenduak zalantzak agertu zituen migrantearen adinari buruz auzitegiari helarazitako gutun batean. Horretaz gain, defentsak aurkezturiko «garrantzi handiko agiria» baztertu du jujeak. Hain zuzen, gazte ginearraren gurasoen heriotza agiria igorri zion abokatuak epaileari, auzitik kanpo izan arren bere ondorioen txostenean kontuan har zezan eskatuz. Halere, epaileak alboratu egin zuen gaztearen egoera argitzeko informazio zehatza ematen zuen agiria. Dokumentu ofizial horren arabera, Koivogui umezurtza da. Bestalde, idatziak haren ama zenaren jaioteguna jasotzen duenez, guztiz lagungarria da gaztearen adina zehazteko. Hori dela-eta, ebazpenaren aurka kasazio helegitea iragarri duen mugimenduak harridura agertu zuen epaileak gaztea adinez nagusitzat jo duelako, «nahiz eta heriotza agiriak dioen ama 1988an jaio zela eta, hortaz, Koivogui adin nagusikoa izateko 11 urterekin eduki behar izan zuen!».

Migrante adingabeen egoera salatzeko hainbat protesta egin ditu Bizik. Gaur elkarretaratzera deitu du, 18.30ean, Lapurdiko hiriburuan Departamenduak duen egoitzaren aurrean.