GARA
GASTEIZ

Ahozkotasunari merezi duen lekua eman diote

«Eta ahoskera zer?» lelopean ahozko komunikazioaren ertzak landu zituzten atzo Gasteizen. Artium museoan egin zuten Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan antolatu den laugarren jardunaldi akademikoa.

Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen laugarren jardunaldi akademikoa Artium museoan egin zuten atzo. Ahozko komunikazioaren arazoak eta abantailak aztertu zituzten bertan.

Lourdes Oñederra euskaltzainak abiatu zuen saioa, ahoskera arautu eta irakas daitekeela baieztatuz. «Esaten da ahoskera kontuak ez direla errazak, eta esango nuke hobe litzatekeela esatea ez direla eroso. Erraztasuna gauza erlatiboa da, oso lotua dagoena helburuetarako dauden edo lortzen diren baliabideekin. Ahoskera irakasteko baliabideek ez dute izan behar ziurrenik gramatika edo hiztegia irakasteko erabiltzen diren berak. Pentsa dezagun nola bereganatzen dituzten haurrek, zein erraz, hitzak eta are hotsak ere baino lehenago, hizkuntzaren prosodia, doinuak, erritmoak... Negarrez, imitatuz, jolasean...», adierazi zuen bere hitzaldian.

Era berean, gogoratu nahi izan zuen ahoskera ez dela ikasten «gramatika eta hiztegia bezala; beraz, ezin da irakatsi gramatika eta hiztegia bezala». Ahoskeraren garrantzia azpimarratu zuen euskaltzainak: «Ahoskerak axola du eremu kognitibo eta psikolinguistikoan, hiztunari ziurtasuna ematen diolako ahoskera egokia izateak; baita eremu soziolinguistikoan ere, euskara normaltzeko hizkera mailak garatu behar direlako gaztelaniaren eta frantsesaren ereduetatik babestuz».

Oñederrak gaineratu zuen euskaldun zaharrei ez zaiela «irakatsi» behar, «berea gordetzea eta edozein hizkera-mailatan erabiltzea bermatu baizik». «Ez da behar %100ean arau guztiak beti eta salbuespenik gabe betetzea. Bakoitzak zailtasun eta erraztasun jakin batzuk izango ditu bere historia linguistikoaren arabera», aitortu zuen.

Oñederraren ostean Maria Heliodora Cuenca Villarin, Sevillako Unibertsitateko irakaslea, eta Julia Marin, antzerki itzultzailea, izan ziren ahoskerari buruz hizketan.