Maddi TXINTXURRETA

Bizi ala biziraun: prekario hezi den belaunaldia

Prekaritatearena ez da asmo gaiztoko enpresaburu zenbaitzuek mozkinen gainbalioari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko erabiltzen duten trikimailua, lan merkatuan sistemikoki eta iraunkorki txertatuta dagoen eredua baizik, kapitalismoak berezko duen ezaugarria, ugazabek diseinatu eta gupidagabe zukutzen dutena.

Prekaritatearen ereduak, gainera, baditu bere biktima perfektuak: gazteak. «Krisiaren seme-alabak» –horrela definitzen dituzte Ernai gazte antolakundeko kideek– hamarkada batez ekonomia krisiak kolpatu eta maiztutako lan merkatuan sartu behar izan dira, eta akademikoki hobekien prestatutako belaunaldia izanagatik ere, beraiek onartzen dituzte aldi baterako kontratuak, praktika eta formaziokoak, kontraturik gabeko soldatapeko lanak, soldata eskasak eskaintzen dituztenak. Beraiek dira, finean, merkatuak irauteko behar dituen bekadunak.

Gaur, egoera hau iraultzeko pauso bat emango dute gazteek. Manifestaziora deitu zuen Ernaik, “Prekaritateari ateak itxi” lelopean, eta arratsaldeko 17.30ean abiatuko da Bilboko Euskadi Plazatik. Prekaritateari aurre egiteko kontzientzia kolektiboa lortzeko balioko duelakoan daude Ernaiko kideak.

«Sinetsarazi nahi digute egoera honi ezin zaiola bueltarik eman, baina posible da. Gaur daukagu hori demostratzeko hitzordua», adierazi du Asier Zamoranok. Lur Albizurekin batera, gazteek egun pairatzen duten bizi baldintzen argazki orokorra azaltzeko elkartu dira Ernaiko kide biak, gaurko mobilizazioaren karietara. Hala, iaz abiatu zuten Euskal Herrian Bizi dinamika gaur gorpuztuko dela espero dute; hain zuzen, dinamika horren barnean ondu zuten gazteen egoera prekarioa eta bizi baldintzak azaltzen dituen ‘Oraina borrokatzeko koordenadak’ txostena.

Urte hasierarekin batera balantze ekonomikoaren datuek hartu ohi dituzte egunkarietako orriak, oparotasuna, langabeziaren jaitsiera eta gisako mezu baikorrak helaraziz. Horiek, ordea, ez dute islarik gazteen kolektiboan. «Makrodatuek esan dezakete egoera hobera doala, baina guk diogu prekaritatea egonkortzen eta kronifikatzen ari dela, are gehiago, bizi baldintzak gero eta kaskarragoak dira», esan du Albizuk.

Hala, Ernaik lupa jarri du datu horien gainean, eta gazteen ikuspuntutik, itxaropentsuak ziruditen zenbakien atzean ezkutatzen den errealitate gordina bistaratu du. Kasurako: 2017an, 25 urtetik beherako gazteen artean langabezia tasa %28,5ekoa zen EAEn. Inguruko herrialdeekin alderatuz, adin horretako langabezia tasa altuagoa duen eremu geografiko bakarra Estatu espainola da, %38,6ko tasarekin.

Era berean, 16 eta 29 urte arteko soldatapeko gazteen %57k aldi baterako kontratua zuen 2017an, 2009tik ia 16 puntu igo delarik. Horietatik, %20,5ek besterik ez zuten urte bat baino gehiagoko iraupena izan. Nafarroan, aldiz, 25 urtetik beherako pertsonen %65,7k zeukaten aldi baterako kontratua.

Datu argigarriena, baina, soldata arrakalarena da. 2015ean, Hego Euskal Herriko batez besteko soldata gordina 1.926 eurokoa zen, 14 ordainsaritan. 25 urtetik beherako gazteen kasuan, aldiz, zifra hori nabarmen jaisten da: 895 euro batez beste. Nafarroan, 2008 eta 2015 urte artean urteko soldata gordina %6,5 hazi zen termino nominaletan; kontrara, 25 urtetik beherakoen artean soldatek %12,7 egin zuten behera. Horrela, enplegua izateak, gaur egun, ez du bermatzen pobreziaren atalasea gainditzea, ez eta bizi baldintza egokiak izatea ere.

Bestalde, 2018an, 20 eta 24 urte arteko gazteen %84,7 ikasketak burutzen ari ziren.

Orain arte, gazte prekaritatea halabeharrez igaro beharreko zubi labur baten gisara aurkeztu izan da, etapa trantsitorio bat balitz bezala, denbora laburrean baldintza duindun enplegu batera eramaten duena. Ernaikoek, aldiz, baiesten dute egoera hori tenkatu egin dela. «Lehen esaten ziguten bi-hiru urteren buruan enplegu duin bat topatuko genuela eta gure bizitzako proiektua eraikitzen hasiko ginela; oraintxe ikusten ari gara nola epe horiek etengabe luzatzen ari diren, jada ez dira bi urte, orain hamar urteko etapak dira», zehaztu du Zamoranok, eta Albizuk jarraitu du: «Esaten digute zortea daukagula lana izateagatik. Horraino iristen da gure espektatiba. Greben ondorengo belaunaldia gara gu, lan erreformen ondorengoa, eta normalitate horretan bizi gara».

Prekaritateak gazteak ezaugarritzen ditu, eta enplegura ez ezik, bizitzaren beste esparru guztietara kateatzen den egoera dela defendatzen dute Ernaiko kideek. «Oso zaila da enpleguan bizi dugun prekaritatea ulertzea edo ikasketak luzatu beharraz hitz egitea, ez badugu ulertzen hezkuntza sistema nola aldatu den azken urteetan. Edo nola igo diren etxebizitzen prezioak. Gazte asko pobreziaren mugaren azpitik bizi gara, eta askotan gure soldataren %70 bideratu beharko genuke etxebizitza bat alokatu nahiko bagenu. Ez hori bakarrik, denboraren prekarizazioa ere ematen ari da, emakumeen kasuan batez ere, zaintzari lotuta. Nola lortzen da enplegu bat izatea, ikasketak aurrera eramatea, etxebizitza duin bat ez izatea eta gainera zaintza lanak egitea?», esplikatu du Albizuk.

Beti prekario, beti gazte

«Noiz arte izango gara gazteak?», galdetzen du Lur Albizuk. Gaztea beti prekario, baina prekarioa beti gazte? «Noraeza» aipatu dute. Segurtasunik eza. «Gazte guztiok lotzen gaituen kontu bat da ez dakigula non egongo garen hemendik urtebetera», dio Albizuk. Batzuk, agian, ingeniaritza ikasi dutenak-edo, Alemanian saiatuko dira. Herriko tabernetan lan eske arituko dira asko eta, beste batzuk, bizikleta hartuta Glovo enpresako banatzaile izango dira. Gurasoen etxean biziko dira gehienak, kontuan izanda EAEn gazteen emantzipazioaren batez besteko adina 30 urtekoa dela. «Hau da dagoena».

«Ezegonkortasuna da nagusi. Urte asko ematen ditugu noraezean, lanpostu ezberdinak probatzen, aldi baterako kontratuekin. Eta, hala, enpresek eskulan oso merkea daukate, baldintza oso txarretan lan egiteko prest dagoena, diru hori behar duelako. Zaurgarritasun hori prekarizazio prozesuak berak sortzen du», esplikatu du Zamoranok.

Arazoa da, Albizuk eta Zamoranok aipatu duten gisara, prekaritateak berak horren aurka borrokatzeko aukerak murrizten dituela. Hezkuntza sistemarekin batera, lan merkatuak gazteen «atomizazioa eta indibidualizazioa» ekarri dituela salatu dute, eredu duala eta espezializazioak gailenduz, eta horrek, sindikalismoarekin lotuta zeuden antolakuntza eta borrokarako espazio batzuen desagerpena ekarri du.

Instituzioek, gainera, ez dute arazoari behin betiko konponbidea emateko politika publikorik sustatzen, Ernaikoen esanetan, gutxikako laguntzak eskaintzen dituzten arren. Are, zenbaitetan baldintza txarretan sakontzeko neurriak hartzen dituzte, formazioko kontratuekin egiten duten moduan, «ikaslearen soldatan eta bizi baldintzetan inbertitu beharrean, enpresa saritzen baitute» dirulaguntzekin, Zamoranok gogoratu duenez.

Eta egoerak okerrera egingo du. «Ez gara kontziente nola ari den muturreraino iristen egoera hau, eta batez ere, ez gara kontziente aurrera begira datorkigunaz. Gu gara lehenengo belaunaldia, denbora askoan, gure gurasoak baino okerrago biziko dena», ohartarazi du Albizuk.

«Erasoaldi neoliberalak urrats handiak eman ditu gazteriaren kontzientziari dagokionez. Egia da ez dagoela gazte masa kritiko oso bat egoeraren kontzientzia duena eta prest dagoena horren aurka borrokatzeko. Egoerak zailtzen duelako eta oso asimilatuta dagoelako. Hala ere, ikusten ari gara berrindartzen ari direla gure egoeraren gaineko kritika eta kontzientzia sortzeko ekimen, dinamika eta eragile desberdinak. Deigarria izan da, adibidez, azkenaldian apustu etxeen kontrako dinamikak hartu duen oihartzuna, prekaritatean sakontzeko azken urratsa baitira», esplikatu du Zamoranok.

Gaurko mobilizazioarekin, «bizitzaren alde» egingo dute, egoera irauli eta Euskal Herrian gazte eta duin bizitzea posible dela aldarrikatzeko, betiere gazteen borrokaren eskutik. «Badugu proiektu bat herri honentzat», dio Albizuk.