Andoni ARABAOLAZA
EMF-REN GALA

Elorrio saritu oldearen egoitza nagusia izan da

Joan den ostiralean, Erdella mendi talde bizkaitarraren eskutik, Euskal Mendizale Federazioaren festa nagusia edo gala ospatu zen. Bertan, hainbat ikuskizun eskaintzeaz gain, mendizale federazioaren zein «Pyrenaica» aldizkariaren sariak banatu ziren.

Urtean zehar, mendizaletasunak festa ugari izaten ditu; gainera, kolore guztietakoak. Batzuek kulturari ematen diote protagonismoa; beste batzuek, berriz, kirol jarduerei; eta badira omenaldiak antolatzen dituztenak ere. Zerrenda luzea da, beraz.

Otsailero, berriz, Euskal Mendizale Federazioak data berezia izan ohi du. Eta egun seinalatu horretan Galari ateak zabaltzen dizkio. Aurten ere ez du hutsik egin, eta joan den ostiralean, Elorrioko Erdella mendi taldearen eskutik, 22. ekitaldia egin zen.

Ohi den bezala, festa kutsua izan zuen; izan ere, ekitaldian zehar antzerkiak, musikak... alaitasun puntua eman zioten. Baina inolako zalantzarik gabe, gala horretan sariek izaten dute benetako protagonismoa. Gainera, bi ataletan banatzen dira. Batetik, Euskal Mendizale Federazioak banatzen dituenak; eta bestetik, “Pyrenaica” aldizkariarenak. Beraz, irakurtzen den legez, saritu oldeak hartu zuen Elorrio.

Has gaitezen EMFren aitormenak banan-banan jorratzen. Taularatzen lehenak iazko mendi lasterketen rankingaren irabazleak izan ziren: Ane Iturria, Julen Goenaga, Aitor Ajuria, Nagore Uribarri, Maite Etxezarreta, Beñat Katarain eta Zortzietako taldea.

Mendi lasterketak aipatu ditugunez, sari nagusia Oihana Azkorbebeitiak eraman zuen. Eta Shebe Peña iraupen luzeko ibilbideen aitormena, aldiz, Kontxi Bikondoak jaso zuen.

Jarduera alpinistikoko onenaren Andres Espinosa saria hirukote batek jaso zuen: Iñaki Arakistainek, Alberto Fernandezek eta Joseba Larrañagak. Kirol eskaladarena (Angel Sopeña saria), berriz, Los G4tos taldearentzat izan zen. Eta mendiko eskiko jarduera onenarena, Andres de Regil saria, Bandres-Karolo Memorialak hartu zuen.

Beste lau aitormen egin zituzten. Lehena, ibilbidearen saria, bi mendi elkarterentzat izan zen: Pol-Pol eta Juventus. Bigarrena, emakume mendizaleen Loli Lopez Peña saria Yolanda Martinentzat izan zen. Hirugarrena, Antxon Bandres saria, hots, kolaborazio interesgarriena, Mikel Arrizabalagak eskuratu zuen. Laugarrena eta azkena, Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak saria, Javier Pascualek altxatu zuen.

Aldizkariarenak

Mendizale federazioak “Pyrenaica” aldizkariari eman zion lekukoa.

“Pyrenaica”-ko emakumeen blogaren IX. sarian, bi protagonista izan ziren. Iaz bisita gehien izan zuen sarrera Trini Grasesen “El rio Larraun y Peña Aixita” izan zen. Eta blog horretan sarrera gehien izan zuten kolaboratzaileak honakoak izan ziren: Izaskun Estibariz eta Jose Inazio Izagirre (“mendikolore”).

“Pyrenaica”-ko blogaren III. sarian ere beste bi aitormen izan ziren. Alde batetik, Oscar Elorzaren “Adi, Iturrunburu, Beodegi, Asundegiko Gaina, Lanotegi (Sorogainetik)” lana bisita gehien izan zuen sarrera izan zen. Eta bestetik, Joseba Calzada sarrera gehien izan zuen kolaboratzailea bihurtu zen.

“Pyrenaica”-ko sarien artean antzinatasun handienekoa (36. ekitaldia) mendi argazkien lehiaketa da. Tontxu Gonzalez Ortiz de Muruak irabazi du “Barrancos” lanarengatik. Carlos Mediavilla bigarrena izan da, “Dolomitas al atardecer” argazki bildumagatik. Eta hirugarren saria Javier Sanchezentzat izan da, “Stromboli” argazkiengatik.

Mendi artikuluen lehiaketaren 35. edizioan, berriz, beste hiru protagonista igo ziren taulara. Lehen saria Isa Casadok eraman zuen, “Aneto por la cresta Salenques-Tempestades”-engatik. Bigarren saria, “Pamir. Mendietan zehar gurpilekin bidaiari” lanarengatik, Eneko Redondok eskuratu zuen. Eta hirugarren saria Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriarentzat izan zen. Haien idatziak “Explorando el distrito de los lagos (Reino Unido)” du izena.