Surflari ernegatua

Turista gisa bizi, ala euskaldun gisa biziraun

Atzoko GARAn, honako esaldi hau irakurri nuen Joseba Sarrionandiari egin zioten elkarrizketan: «Bidaiak kontsumo produktu bihurtu direnetik, turista bidaia kontsumitzen duen idiota da». Horra, surflari batek erraz uler dezakeen lehen esaldia.

Eta honela jarraitzen zuen idazle jeinuak: «Beste partea, lurralde turistikoa bihurtzen dena, leku berezia da, harreman arraroak gertatzen dira pertsonen artean lurralde turistikoetan». Surflariek inork baino hobeto dakite Sarrik, horretan ere, zenbaterainoko arrazoia duen.

Larunbat gauean Berri Txarrak taldeak kontzertua eskaini zuen Biarritzen, eta atzo goizean, «turista euskaldunez» josi zen Lapurdiko kostaldea. Ohiko furgoneta alemanen lekuan, ardi baten irudia zuten ongi atondutako furgonetak zeuden. Kafe batek 10 euro balio duen tabernetako terrazak ere lepo zeuden oihuka hitz egiten zuten kuadrillekin. Eta eremu turistikoak Himalaiara igotzeko arropa soinean zuten bikotez bete ziren.

«Euskaldunak etorri dira», esaten zuten bizilagun batzuek. «Espainiarrez beteta dago hau», zioten besteek. Eta ez zitzaien arrazoirik falta, ez batzuei, ez besteei. Guztia ikuspegi kontua izaten baita. Horretaz ere sarri idatzi du Sarrik.

Uretan ordea, lasai ginen, betikoak, betiko moduan. Baina lehorreko kontuak ere iristen dira urautsira, eta «euskaldun haiek guztiak nortzuk ziren» galdetu zidan lagun batek. Berak ulertu ahal izateko sasi erantzun bat eman nion, baina egiaz, nire golkorako, honakoa pentsatu nuen: «Bizi ala Biziraun: Prekario hezi den belaunaldia».