Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Erraietatik eztandarazten den aldarria

Zoriona, dolumina, ilusioa, amorrua... emozioei kateatutako oihua da irrintzia eta, euskal tradizioan sustraitua egonik ere, badirudi mundu akademikoak ez diola arreta berezirik eskaini. Hala ondorioztatu du, behinik behin, Ekain Martinez de Lizarduy antropologoak eta, irrintzia balioan jarri eta historian zehar bete duen funtzio sozial eta komunikatiboa ezagutarazteko, «Erraiak» dokumentala egin du. Gaur eta bihar Aretxabaletan emango dute.

Orain hamar urte, lagun baten hiletan zela, oroimenean iltzatzen diren une horietako baten lekuko izan zen Ekain Martinez de Lizarduy: «Justu lurperatzen ari ziren unean, sekulako irrintzia bota zuen bere amonak. Antropologia ikasketak egiten nenbilen orduan, beti izan dut halako adierazpen kulturalekiko interesa, eta une horrekin geratu nintzen», azaldu du “Erraiak” dokumentalaren egileak. Orain bi urte hasiko zen irrintziaren gaineko informazioa biltzen, interes hutsak bultzatuta, eta bere harridurarako, irrintzia «uste baino ezezagunagoa» dela ohartu zen: «Ikerketak, dokumentalak... material asko topatuko nuela uste nuen, baina ez da hala izan, hezkuntzara bideratutako bideotxo bat, idatzi batzuk, eta ezer gutxi gehiago. Euskal kulturako elementu batzuk oso ikertuta daude, baina kasu honetan ez da horrela».

Gauzak hala, bildutako materialetik abiatuta irrintziaz jardungo zen lana egitera deliberatu zen, eta horrela sortu zen “Erraiak”. Zuzendaritza eta gidoia Martinez de Lizarduyrena da, eta ekoizpenean Arteman Komunikazioak-eko lagunen partaidetza izan du.

«Nire asmoa izan da zegoen gutxi hori batu eta zentzu apur bat ematea, jostea», kontatu du Martinez de Lizarduyk, eta hari hori osatu ahala ondoriorik atera duela ere nabarmendu du: «Munduan zehar dozenaka oihu daude, horietako batzuk irrintziarekin akustikoki antza dutenak, eta horien bila nenbilela konturatu nintzen oihu horietariko askoren oinarrian badagoela gizakien inguruan bizi ziren animalien soinuen imitazioa. Euskal Herriaren kasuan, egiten dudan hausnarketa da irrintzia izan daitekeela zaldien soinuen giza imitazioa ze, konturatzen bazara, katuak miauka egiten du, txakurrak zaunka, eta zaldiak irrintzi. Irrintzia bera, giza imitazio hori, izendatzeko dozenaka hitz topatu ditut, baina zaldiak beti irrintzi egiten du. Ezin dut zientifikoki ezer demostratu, ez da hori nire asmoa ere, baina zaldiaren istorio horrek eman dit neukan material hori josteko aukera», azaldu du.

Istorio hori hari gidaritzat hartuta, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat eremutara garamatza dokumentalak, irrintzilari eta alor ezberdinetako profesionalen iritzi eta bizipenak jasotzeko. «Hogeita bost lagun inguru agertuko dira, irrintzilariak, musikari bat, historialari bat... Elkarrizketak pisu garrantzitsua du. Irrintzilari bat Nafarroako Unibertsitate Klinikoko foniatra talde baten aurrera ere eraman genuen, eta beraien hipotesiak zeintzuk diren ere plazaratzen dugu. Uste dut dokumental nahiko osoa dela, ikuspegi ezberdinak ematen ahalegindu gara», zehaztu du.

Errekonozimendua

Dokumentalak irrintziaren balioaz jabetzeko balio izatea nahi luke Martinez de Lizarduyk. «Bizi-bizirik dagoen elementua da, irrintzia transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi, baina uste dut zaindu beharreko elementu bat dela, dagokion lekua eman behar zaiona. Irrintzia komunikatzeko tresna izateaz gainera bada batzen gaituen zerbait, oso enpatikoa, nahiz eta ikusarazi nahi izan diguten izan daitekeela zerbait oso arkaikoa edo erretrogadoa», hausnartu du, eta garai bateko funtzio komunikatiboaren ondotik irrintziak egun bestelako kutsua hartua duela ere nabarmendu du: «Bere garaian artaldeak batzeko edo bailaratik bailarara komunikatzeko izan ziren, magiarekin ere lotura zuzena zuen, baina gaur egun hitzez azaldu ezin diren emozio asko adierazteko tresna ere bada. Dokumentalean ageri da ze era ezberdinetan erabili ahal den irrintzi bat, nahiz eta guk etengabe lotzen dugun jaiarekin. Oso barrutik ateratzen den zerbait da, eraldatzen joan dena, baina bizirik dirauena eta elementu inportantea gure herri honetan».

Transmisio horretan emakumeek bete duten paperaz ere hausnartu du dokumentalaren egileak. Topatu dituen irrintzilarien %90 emakumezkoak direla azaldu du eta, bere iritzian, «oso paper garrantzitsua» bete dute transmisioari dagokionez, «baina gertatzen da irudi zaharretara so egiten badugu gizonezkoak topatuko ditugula, beraiek zirelako bizitza publikoan jarduten zirenak».

Dokumentala abenduan aurreestreinatu zuten, lagunartean egindako emanaldi batean. «Izugarria izan zen. Bi emanaldi izan ziren, berrehun lagunek ikusi zuten eta izugarria izan zen, jendea emozionatu egin zen, malkoekin ere atera ziren batzuk. Ez nuen uste hain erraietara iritsiko zenik».

Hemendik aurrera, herriz herriko ibilbidea egingo du “Erraiak” dokumentalak. Gaur eta bihar Aretxabaletan (19.00, Arkupe kultura etxea) emango da, eta hurrengo asteari begira 26an Lazkaon (20.15, Areria. “Taming Winter” dokumentalarekin batera) eta 28an Gernikan (19.00, erakusketa gela) ikusi ahalko da.