Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Txikitasuna

Duela urte batzuk Trebiñu aldetik deitu ninduten ipuinak kontatzeko, euskaraz noski. Pista batetik barrena heldu behar izan nintzen zelai berdeetan galduta zegoen herri baten nekazal etxeko tabernan emanaldia eskaintzeko. Jakina, lagun arteko saioa izan zen, baina ederra. Emanaldi xarmantak izan ohi dira horiek. Halakoak ugari egin izan ditut, leku apartatuetan, mundutik kanpo diruditenak, tabernetan, elkarteetan... Leku horietara inoiz ez dira kultur saio arrakastatsu, handi eta mediatikoak helduko, baina bertako biztanleek kultur egitarau baten eskubidea dute, bere txikitasunean bada ere. Lagun kontalari batek zioen gu joango ez bagina, gure ikuskari malguekin, zaila izango zutela kultur ekitaldiak antolatzea. Orduan handi bihurtzen da kontalaritza, zentzua hartzen diozu, apaltasunak janzten zaitu, istorioak harrotu.

Eusko Jaurlaritzak tabernetan eta bestelako leku txikietan zuzeneko emanaldiak arautzeko dekretua atera nahi du, leku horietan emanaldiak murriztuz. Jaialdi erraldoiak, mediatikoak, erabat esponsorizatuak bultzatzen eta laguntzen diren bitartean, leku txikiak itotzen saiatzen dira, kulturaren garapenaren zutabe nagusienetakoak direnak, dinamika eraginkorrak bideratzen dituztenak. Izan ere, kultura txikitik handira garatzen da, sozializazioa bultzatzen da, hurbileko bihurtzen da kultura halako lekuetan. Dekretu horren atzean kulturaren kontzeptu elitista ezkutatzen da, sortzaile eta eragileengandik urrun dagoena. Oraingoan ere hordagoa txikira bota digute. Jaso.