Ariane KAMIO
DONOSTIA

Bizi-bideak

Bizitzaren bidezidorretatik ateratakoak dira Maider Zabalegiren «Bidean» diskoko kantuen sorlekuak. Maitasunari ertz desberdinetatik begiratu dio bakarka doan bigarren proiektuan, bere alderik gozoenean, baita aurpegi garratzenetik ohartuta ere.

Alaitz eta Maider bikotea osatuz hiru disko kaleratu ostean –“Alaitz eta Maider” (1997), “Inshala” (1999), “Auskalo” (2002)– musika mundutik eta agertokietatik urrunduta bizi izan da Maider Zabalegi azken urteetan, 2017an bakarkako lehen lana kaleratu zuen arte (“Zuei”). Dolu prozesu batetik sortutako bilduma izan zen hura, “Maider” izen artistikopean Elkar argitaletxearekin batera argitaratua.

Bi urteren buruan, bigarren bakarkako lanarekin itzuli da orain, “Maider Zabalegi” sinadurapean, nahiz eta atzean talde sendo bat duen. “Bidean” (Baga Biga) du izenburu bederatzi pistaz osatutako disko honek, bizitzaren zikloari, bizitzaren uneei, bizitzak ematen eta kentzen dituen sentimenduei hertsiki lotutako proiektuak.

Bereak dira kantuetako letra gehienak, eta guztiak oso pertsonalak. “Zuei” diskoan bezalatsu, oraingoan ere gertuan bizi izan dituenak eraman ditu paperera eta kantuetara. «Asko idatzi dut maitasunari buruz. Maitasuna gure ardatza da. Baina ez maitasuna bikote harreman batean soilik, baizik bere ertz guztiekin. Ni bizitzaz maiteminduta nago», esan zuen atzo goizean Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan egindako aurkezpenean.

Bizitzak, oro har, hartu du abesti forma Maider Zabalegiren diskoan. «Bada minbiziari buruzko beste kantu bat. Gaixotasunari lotuta gaudenean ohe batean, gure gorputzaren barruan, baina gorputz horrekin identifikatuta sentitzen ez garenean».

Errefuxiatuen gaiari ere eutsi dio, «tamalez ohitzen ari garen egoera bati buruz idatzi dut», baita motxiladun umeek daramaten zamaren inguruan ere. «Egoera bortitz hori. Ni ere garai batean izan nintzen halako ume bat, bizi izan dut hori eta asko enpatizatzen dut haiekin».

Maitasuna bizitzaren amaieran. «Aitona-amona batzuk bizitzaren amaierara iristen direnean, burua galduta duenean norbaitek. Begirada horiek. Gogoratuko ote dira nolakoa izan zen beren bizitza?», azaldu zuen.

Folk, country, pop...

“Zuei” diskoa kaleratu zuenetik konposatzen jarraitu du Maider Zabalegik. «Bi urteko sortze prozesua izan da, pasa zaizkidan gauzak biltzeko balio izan didana». Eta bide horretan, Urbil Artolaren eta Gorka Urraren laguntza izan du moldaketak egiteko orduan. «Yin-a eta yang-a dira niretzat. Urbilek folk kutsu handiagoa dauka eta Gorkak beste makarra puntu bat ematen dio, nik ere barruan daramadana, baina ateratzeko gai ez naizena». 

Diskoan badira folkaren eta countryaren inguruan dabiltzan kantuak... baita pop indartsu bat ere. «Maiderrek folk mundutik edan izan du asko, baina popak elkartzen ditu bi mundu horiek, Maiderren alderik gogorrena eta folka. Popak uztartzen ditu bi mundu horiek. Popa da barniza ematen diona guztiari», nabarmendu zuen Urbil Artolak.

Artolaz (dobroa, akustikoak) eta Urraz (gitarra elektrikoa, akustikoak) gain, talde osatua du Maider Zabalegik. Maria Soriazu (baxua), Karlos Aranzegi (bateria) eta Santi Romano (pianoa eta teklatua) ere bidean lagun ditu. Horiez gain, hainbat lagunen kolaborazioa izan du Oiartzungo Lezoti estudioan egindako grabaketan. Besteak beste, diskoan parte hartu dute Joseba Loinazek (pianoa), Iñigo Asensiok (hammond organoa), Peio Gorrotxategik (hammond), Beñat Igerabidek (ahotsa, letrak), Matthieu Haranbourek (baxua), Xabi Solanok (soinu txikia), Cristina Vertizek (biolina) eta Orkatz Arbelaitzek (biolontxeloa).

Martxoan hasiko da Maider Zabalegi “Bidean” zuzenean aurkezten. Lehendabiziko hitzordua etxean izango du, Oiartzunen, martxoaren 23an. Beste data batzuk ere lotu dituzte: martxoaren 29an Donostiako Lugaritz Kultur Etxean izango dira eta apirilaren 12an Bilborocken aurkeztuko dute lan berria.