Amalur ARTOLA
ZARAUTZ

Kantugintza «master class»-a

Bakarkako lana izan ohi da sortzailearena, arrotza artista ez denarentzat eta inoiz gutxitan ekarri dena jendaurrera. Sortze prozesu hori erakusteaz gainera, publikoa zeregin horretan parte hartzera gonbidatzen duen ikuskizuna da «Enkarguz». Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Zabala musikariak eta Alberdo De Abajo ikus-entzunezkoetan adituak gidatuta, kantu berri bat sortuko da emanaldi bakoitzean. Korrika Kulturalaren egitarauan izango dira.

Bakartia izan ohi da sortzailearen mundua. Azkuraka ari zaionari heldu eta jendartean erakusteko zerbait berria egitearen zereginean makulurik gabe, bakarrik, aritu ohi da sortzailea. Eta horrek, ezinbestean, sortze lana itzalpera kondenatzea dakar. Errealitate hori irauli eta ikuskizunaren muina sortze lana bera izan dadila proposatu dute Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Zabala musikariak eta Alberdo De Abajo ikus-entzunekoetan adituak “Enkarguz” izeneko ikuskizunean. Planteamendua, sinplea: egiten duten ikuskizun bakoitzeko abesti berri bat sortzea, publikoaren laguntzaz.

«Ideia praktikatik beretik sortzen da», azaldu du Egañak. Biak zarauztarrak izanik, Zabala eta bera elkarrekin makina bat kantu eginak direla azaldu du, lauzpabost Pirritx eta Porrotxentzat, «berak musika eta nik letra jarriz, baina baita bestelako abestiak ere, eta gehienak enkarguz». Hortik, ikuskizunaren izena. «Pentsatu genuen, beti egiten duguna, bakoitzak bere etxean eta gero elkartu eta ukituak emanez, zergatik ez gara ausartzen jendaurrean egiten? Eta hori da ideiaren sorburua», laburtu du.

Proposamenari bueltaka zebiltzala ideia berria ere otu zitzaien: beraientzat kantuak sortzea kasik ohiko zeregina bada ere, publiko orokorrarentzat sortzaileena mundu ezezaguna dela «eta jendea elkartzen bada eta parte hartzen badu, master class txiki bat ere izan zitekeela, bakoitzak gure sormena nola lantzen dugun erakustekoa». Hori baita, hain zuzen, ikuskizun honen muina: kantu baten atzean dagoen sortze prozesua erakusteaz batera taldean kantu berria sortzea. «Ikuskizunak irauten duen ordu eta erdian egin genezakeen abesti onena egingo dugu. Ez seguru asko egin genezakeen abesti onena, baina bai epe horretan egin genezakeen onena».

Urratsez urrats

Xabier Zabalak du musika konposatzeko ardura, Andoni Egañak doinu horri letrak jartzekoa, eta Alberto De Abajo da «kaos guzti horri» ordena jartzen diona, agertokian jarriko duten pantaila erraldoi baten laguntzaz.

Ikuskizuna, baina, publikoa aretora sartu aurretik ere has liteke. «Posibilitateak bi dira: gaia emanda izatea edo gai jakinik gabe izatea emanaldia. Gaia jarrita datorrenean ez dago problemarik, eta gaia jakina ez denean egiten duguna da sarreran paper batzuk banatu, proposamenak saski batean sartu eta hortik irteten den gaiari buruzko abestia egin», azaldu du.

Aurrez emandako gaia edo saskitik ateratakoa izango dituzte abestia eraikitzeko abiapuntu eta, hortik hasita, Egañaren lana publikoa xaxatzea izango da. «Nik neuk barrakako txurrero batek baino gehiago hitz egiten dut», egin du barre, eta sortzaile berriek aurrean izango duten erronkaren laburpena egin digu: «Inkesta moduko bat pasatzen dugu hasieran: gaia hau bada, ze funtzio du zure ustez abesti honek? Funtzioa halakoa bada, ze erritmo jarriko diogu? Helburua alaitzea bada 6x8 bat erabiliko dugu? Gauza horiek adostutakoan Xabi hasten da ja musika egiten eta gu letrarekin hasten gara». Publikoak erabaki beharko du zein den helarazi nahi den ideia nagusia, zeintzuk hitz klabeak eta ea komeni den hitz horiek errepikarako gordetzea, abestiak errepika behar duela erabaki bada bederen. «Ni haiekin hizketan ari naiz denbora guztian garuneko beste zati batekin haien proposamenei dirdira gehiago ateratzeko pentsamenduan nabilen artean», azaldu du Egañak, eta alde horretatik ikuskizunak tentsiorik ere baduela baieztatu du: «Tentsio pixka bat sortzen da, bai, Xabik musika egin zain egon behar dugulako», eta jendaurrean eta ordu eta erdiko mugan abesti bat egiteak baduelako berea.

Lanabes gisa, ideiak biltzeko arbela du esku artean Egañak, ordenagailua eta sortzeko baliatu ohi dituen musika tresnak (pianoa, eskusoinua...) Zabalak eta atzean duten pantaila kudeatzeko ordenagailua, De Abajok. «Bataren ordena eta bestearena agian ez datoz bat, eta ni hori ordenatzen saiatzen naiz, jendeak sorkuntza prozesua jarrai dezan», azaldu du teknikariak.

Emaitza kantu bat izango da, beti berria, beti ezberdina, eta ibilbide desberdina izango duena. Orain artean hiru proba dituzte eginak, Barañaingo bertso-egunean, Mutiloan eta Larrabetzuko gaztetxean. «Gustura gaude harrerarekin. Jendeak parte hartzen du ondo xaxatuz gero eta galdera zehatzak eginez gero». Eta, hain zuzen, beraientzat –baita kantuak gerora izango duen jarraipenarentzat ere– garrantzitsuena parte hartze hori dela dio Egañak. «Norbaitek enkarguz abesti bat eskatzen badizu eta zuk entregatzen badiozu, ez dakizu oso seguru ze ibilbide izango duen, baina demagun Lekeitioko arraun taldeak nahi duela abesti bat, eskatzen digutela, eta joaten garenean eskatzen diegula nahi duten herritarrei, arraunlariei eta direktiboei etor daitezela. Laurogei lagun biltzen badira eta abestia ikasten badute, ja abesti horrek ibilbidearen hiru laurdenak eginak ditu».

Bidea egiten hasita, “Enkarguz” ikuskizunak martxoan saio berriak izango ditu Korrika Kulturalaren barruan: 7an Iruñean (Mendillorri Civivox), 15ean Beasainen (Igartza jauregia), 30ean Tuteran (Lourdeseko gizarte etxean) eta 31n Gasteizen (Oihaneder euskararen etxean).