Xole ARAMENDI
ZARAUTZ

«Mendi», konpromisoa bide

Jorge Oteizak berak esana da: «Jende bat ona izaten da gaur ordu laurden bat eta datorren hilean beste ordu laurden bat, baina gure Mendi hau ona da etengabe». Juan Luis Mendizabal «Mendi» eta artista oriotarra lagunak ziren. Zarautzen makina bat ordu egin zituzten elkarrekin, biak ala biak kulturaz, arteaz eta hainbeste kezkatzen zituen gaur egungo jendarteak hartutako norabide kaltegarriaz hausnartzen.

Mendi-k atzo eman zuen azken hatsa bi alabak ondoan zituela. 91 urte zituen. Aspaldian ez, baina urte askoan zarauztarrentzat ohikoa zen itsas inguruan margolariarekin topo egitea. Beti itsasoak eta zeruertzak bat egiten duten tokira begira, argiaren zelatan, hura nola ehizatuko, naturaren koloreak eta formak mihisean nola islatuko. Bizkor margotzen zuen, pintzelkada solte eta trinkoak emanaz.

Lekeition jaioa, urtebeterekin Zarautza etorri zen gurasoekin. Juan, aita, indianoa zen. Hego Amerikatik bueltan familiarentzako etxea eraikitzeko orube baten bila zebilela, Zarautzen aurkitu zuen, Iñurritzan.

Hantxe bizi izan zituen bere lehen urteak Juan Luis txikiak. Etxeko pikondoaren azpian, aita eta haren lagun indianoek elkarri kontatzen zizkioten makina bat kontu entzuten zituen. Hantxe ezagutu zuen Trillo madrildarra, paper txuriaren gainean arkatzez lehen marrazkiak egiten irakatsiko zion artista.

Gero, Ascensio Martiarena izango zuen maisu. Harekin margotzen ikasiko zuen, Donostian, hara joan baitziren Mendi eta ama aita hiltzean, 1940an.

Pintura inpresionistaren bidea hartu zuen Martiarenaren eskutik. Euskal Herriko paisaia –kostaldea bereziki– eta haurtzaroan hainbeste aldiz irudikatu eta gero bere kabuz hainbat bidaiatan ezagututako herri andetarrak –Peru– eraman zituen bere margo koloretsuetara.

1955. urtean parte hartu zuen bere lehen erakusketa kolektiboan –Gipuzkoako Artista Nobelen XVII. agerraldia– eta 1995ean izan zen azkena. Bakarka ere makina bat erakusketa egin zituen 1974an hasi eta 1996. urtera arte. Tabakaleran Kutxak duen aretoan erakusketa eskaini zitzaion Mendiri.

Ilustratzaile gisa ere aritu zen. Aipatzekoa da 1993an plazaratu zen “Nire Santiagoko Bidea” liburua. Hainbat egileren lanak ere ilustratu zituen.

Kudeaketa zuen lanbide. Garai hartako Aurrezki Kutxa Munizipalean jardun zuen lanean, Gizarte Ekintzan. Halaxe ulertzen zuen berak bere lana, ekintza sozial bezala. Beti sortzaileez inguratuta, erakusketa ugari antolatu zituen, baita hitzaldiak ere. Artelanak erosi eta argitalpenak.

Donostian XX. mende hasieran argazkilaririk garrantzitsuenak izandako Car eta Marinen argazki funtsak eskuratzen ere parte hartu zuen.

Aurreko astean egon ziren Mendirekin Josu Txapartegi “Txapas” eta Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”. Aspaldikoa eta estua zen zuten harremana. «Gaixo zegoen eta bisitan joan gintzaion erietxera», kontatu du Txapasek. «‘Laster Zarautza, Ikastolako umeengana’, guk esan eta ohe ondoan zuen egur zatia kolpeka jotzen hasi zen, pozarren», oroitu du. Kemena ez zuen azken unera arte galdu.

Laguna zuen Mendi Txapasek. Begirada tristea dakar. «Ondo konpontzen ginen. Niretzat maisu izan diren hiru pertsona ezagutu ditut Zarautzen: Oteiza, Manolo [Urbieta] eta Mendi. Hirurak izan ditut lagun, eta hirurak hil dira».

Bizitzaz zuten ikuspegi orokorra gertutik ezagutu zuen Txapasek, baita haiengandik ikasi ere. «Pertsona politizatuak ziren, politika hizki larriz idatzita. Gizartearen gaineko pentsamendu politikoa zeukaten. Eta horrez gain, bakoitza berean, oso onak ziren». Oteizarengana bisitan joandako batean ezagutu zuen Mendi. «Boterearen aurka eta mundu hobe baten alde aritzen ziren hizketan elkarrekin», esan du.

Biek haurrak zituzten gogoan, etorkizuna izaki. «Arazo ugariri egingo zaiola aurre heziketaren bidez. Hala zioen Mendik. Oteiza bat zetorren horretan, baina umearengana beti berandu iristen garela esaten zuen, ja agurea denean [barreak]. Gaixo zegoela ere, datorren gizartearen aurrean umeak ondo prestatzeko eskatzen zuen Mendik».

«Bera komunista-anarkista zela esan zidan inoiz Mendik. Oso haserre zegoen Kutxak diruaren inguruan hartutako erabaki batzuekin. Oso haserre zegoen jaiotzen ari zen munduarekin; mundu gizatiarragoarekin amesten zuen. Kristaua zen eta erlijioaren arazoa bueltaka-bueltaka izan du bizitza osoan. Eliza gogor kritikatzen zuen, ulertzen zuen jendea aldendu izana. Francisco aita santua gustukoa zuen».

Euskal hiztuna izanik, gazteleraz idatzi izan zuen urte luzez. «Elkarrekin egoten hasi ginenean euskaraz idazteari ekin zion. Guretzat poz handia izan zen –esan du–. Ondo errotutako sinesmenak zeuzkan, baina euskalduntasuna gailentzen joan zitzaion».

Azalean Mendiren irudia arkatzez margotuta daukan kaiera hartuta etorri da Txapas. Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleek egina da, margolariari beraien esker ona adieraziz, Ikastolak eskaini zion omenaldi xumearen harira.

Koaderno barruan hainbat idatzi irakur daitezke. «Astelehenero egoten nintzen zure zain. Klera hartu eta hondartza arbelean marrazten ikusteko gogoz», dio ikasle batek hainbat urte geroago. Mendirekin ikasgelan, egunen batean bera ere artista izango zela egin zuen amets ikasleak eta gaur egun amets hura bete nahian dabil.

Txapas han irakasle zela, hark gonbidatuta Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolara joaten zen astelehenero Mendi haurrekin egotera, hainbat urtez. 65-70 urte zituen margolariak, 6-7, haurrek. «Asko irakurria zen eta historiari buruz oso gauza interesgarriak esaten zituenez pertsona egokia iruditu zitzaidan», kontatu du. «Umeek oso harrera ona egiten zioten».

Mendik arbelean marrazkia egin, eta ondoren umeak, paperean, beraiek nahi zutena marraztera animatzen zituen. «Ikasleen marrazkiak aztertu eta komentarioak egiten zizkien. Niri Mendik irakatsi zidan haurren lanak nola begiratu. Ez da gauza bera irakasleak edo artistak egitea. Orduan ikusi nuen nik. ‘Zer irakatsiko didak nik ez dakidanik?’, pentsa zezakeen bera bezalako margolariak. Ez ba».