23/03/2019

Esti EZKERRA
Literatur kritikaria
Neurria

Zenbait talde kontserbadorek (uler bedi faxistek) beren ideiak publikoki adierazteko omen dituzten zailtasunak eragozteko asmoz adierazpen askatasunaren gaineko neurri berria sinatu du asteon Donald Trumpek. Gobernu federaletik dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeetara, zehazki arrazakerian, sexismoan, homofobian, transfobian, zein bestelako gorroto-hizkeraren bat sustatzen duten gizabanako, talde zein alderdien ekitaldiei babesik eman ez dieten horietara (hezkuntza eta kultura arloko erakundeak gehienak) zuzenduta dago neurria batik bat. Denok ulertzeko moduko hizkuntzan esanda, jazartzaileari biktima egoera onartzearen pareko da neurria. AEBetan lege bihurtzeko urratsa berak eman badu ere, Trump ez da neurriaren atzean dagoen ideologiaren sortzailea eta ez, ez da kontu estatubatuarra bakarrik. Aitzitik, Mendebalde osoan antzeman daiteke ideologia jakin horren eragina: nazioaren ideiarekin bat ez datorrena kriminalizatu eta nazioaren ideia horiei jarraituta ingurukoak jazartzen dituena babestu egiten duena. Ikusi ditugu horren ondorioak Charlottesvillen eta Bartzelonan. Asteon bertan, ordea, gidoi horretatik atera da Zeelanda Berriko lehen ministroa, etikoa ez ezik arras politikoa ere izan den lezio bat emanda. Bere herrialdean jazotako gertaera tragikoa azaltzeko orduan ohiko aitzakiak eta azalpenak eskaini beharrean, erasotzaileari zuzen-zuzenean terrorista deitu dio, bere ekintzak terrorea zabaltzea baitzuen xede, eta errekonozimenduzko hitzak biktimentzat, benetako biktima horientzat utzi ditu.