GARA
Donostia

Su txikiak piztu dira Bulkada Egunarekin, Gazte Topagunean eztanda egiteko

Apirilean Lemoan egingo den Gazte Topagunean, gazte antolakundean ibilitako belaunaldi ezberdinetako kideek egingo dute topo. Asteburu hauetan, herrietan giroa berotzen ari dira Bulkada Egunaren bitartez.

Lemoan apirilaren 19tik 22ra bitartean egingo den Gazte Topagunerako hiru aste falta direla, data iristeko irrikak bultzatuta, Ernai eta Aitzina antolakundeetako gazteak Bulkada Eguna izeneko egun osoko ekitaldiak egiten ari dira herriz herri, Topagunerako aurre-beroketa modura.

Hala, martxoaren lehen astetik apirilaren bigarrenera arteko asteburuetarako, eskualde edo herri bakoitzak egun bat hautatu eta ekintza desberdinak prestatu ditu, gazteen topaketari bulkada emateko.

Asteburu honetan, beste herri batzuen artean, Gasteizen, Laudion, Ondarroan, Sestaon eta Atarrabian egin dute Bulkada Eguna. Ekimen ugari antolatu zituzten; bazkariak, hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak eta mahai-inguruak, kasurako.

Ezker abertzaleko gazte antolakundean aritutakoek egungo militanteekin egin zuten topo, baita etorkizunean izango direnekin ere. Lemoa lau egunez izango denaren isla dira Bulkada Egunak; hots, festa eta borrokarako topalekuak.

Datorren asteburuan, besteak beste, Tafallak, Mungiak, Arrasatek, Errenteriak eta Oiartzunek hartuko dute testigua, eta herri horietan ere egitarau oparoa antolatu dute.

Egitarau zabala

Bulkada Egunak herriz herri piztutako su txikiek Lemoako Gazte Topagunean egingo dute eztanda. Aurten 40 urte bete dira Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik, eta urteurrena baliatu dute Aitzinak eta Ernaik Topagunea indartzeko.

Egitarau zabala eta askotarikoa osatu dute antolatzaileek egun horietarako. Kontzertuak, hitzaldiak, formakuntza tailerrak, kale animazioa eta antzerki emanaldiak izango dira, beste ekimen askoren artean.

Kontzertuen eskaintzari dagokionez, gonbidatutako taldeen artean Su Ta Gar, Gatibu eta Hesian talde ezagunak izango dira karteletako buru, baina hori baino zabalagoa da egitaraua: La Furia, La Basu, Huntza, Rukula, Kop, Ana Tijoux, Xabi Bandini, Des-kontrol, Dj Reimy, Bad Sound, Ira, Skabidean & The Black Birds, Rude Pride eta Pikete Lerroa (Fermin Muguruza eta Des-Kontrol) igoko dira oholtzara, besteak beste.

Bestalde, hitzaldi eta tailerretan plazaratuko diren gaiak askotarikoak izango dira; feminismoa, internazionalismoa, antiespezismoa, independentzia eta burujabetza, gutxi batzuk aipatzearren.

Horretaz gain, gazte ekimenetako kantuen bilduma osatu dute, eta “Larga vida a Rip” liburua aurkeztuko dute Judith Uriach eta Nando Alonso egileekin, Txerra Bolinaga RIPeko kide ohiaren eta Iker Barandiaran kazetariaren ekarpenekin.

Bestalde, Eskean Kristö taldeak Gazte Topagunearentzako egindako bideoklipa ikusgai dago atzotik NAIZen.