Surflari ernegatua

«What’s the plan»

Lehen eguzki izpiekin batera, Mike Parsons, 80ko hamarkadan izan zen surflari onenetakoa eta 90eko hamarkadan olatu handietan historia egin zuen surflari kaliforniarra, hondartzan dago, itsasoari begira, lanean, lehen mailan lehiatzen diren munduko lehiakide hoberenetakoen entrenatzailea baita gaur egun. Bitartean, Kolohe Andino hoteleko zoruan luzaketak egiten ari da.

Dino Andino surflari mitikoaren semea da Kolohe, eta edozein olatu motatan edozer egiteko gai da. Lehiatzen hasi zenean bere aitak gidatzen zuen, baina biek arazo bera zuten, ez dira estrategia kontuetan oso iaioak. Horregatik kontratatu zuten Parsons, hark lehia eremuan xake taula bat ikusten duelako. Itsasoko baldintzak aztertzen ditu, txanda bakoitza zein itsasalditan izango den eta zein baldintza izango diren aurreikusten du, bere bezeroaren indarguneak eta aurkarien ahulguneak ezagutzen ditu, eta hori guztia esku artean duela, irabazteko bide-orri bat osatzen du. Gauzak horrela, Andinok hondartzara iritsi eta egiten duen lehen gauza Parsonsengana gerturatu eta honako galdera egitea izaten da: «What’s the plan?». Alegia, zein da plana?

Itsasoratzen denean, suertatzen diren oztopoen aurrean plana egokitu beharko du Andinok. Olatu batean erortzen dela, aurkariak ustekabeko puntuazioa lortzen duela edo beste edozer gertatzen dela ere, Andinok egoera berriei aurre egiten asmatu beharko du, baina bide-orria marraztua dauka. Helburua eta berau lortzeko norabidea zehatz azaldu dizkio Parsonek; beraz, orain lehiakideari dagokio bide hori egitea, baita horretarako batzuetan ezker-eskuin edo kontrako norabidean egin beharko badu ere. Iparra ongi marraztua du.

Egunkari honi egiten ari zaion lapurretari aurre egiteko ere plan bat jarri du martxan GARAk. Proiektu bat du eta berau gauzatzeko bide-orri bat osatu du. Plan horren baitan kokatzen da, esaterako, harpidetza kanpaina. Herri bezala ez desagertzeko eskura ditugun tresnen artean eraginkorrenetako bat dela esango nuke proiektu hau, egun komunikazioak sekulako garrantzia baitu; horregatik nik ere harpidetza kanpainan parte hartzea erabaki dut. Aldiz, lagunei harpidedun izateko gonbita egiten diedanean jasotzen ditudan erantzunak entzunda, konturatzen naiz, orokorrean, une historikoaren perspektiba falta itzela dagoela. Auzi estrategikoak eta taktikoak maila berean jartzeko joera nagusitu da, helburu estrategikoak lausotu egin dira, eta txikikeriak gailendu dira.

Harpidetu diren lagunen artean bi multzo bereiziko nituzke. Batetik, urrezko belaunaldiko kideak, «egin, egin behar da eta punto!», diotenak. Iparra inoiz galtzen ez duten 60 urtetik gorako abertzaleak. Mike Parsonsen eskolakoak. Eta bestetik, 35 eta 50 urte bitarteko jendea, Kolohe Andinoren eskolako jendea, plan bat dagoelako baiezkoa eman dutenak. Behingoagatik herri honetan norbaitek plan bat aurkeztu baitu. Mugatua, eremu jakin bati dagokiona, baina plan bat da, eta hori edonork eskertzen du, horixe baita orokorrean faltan botatzen den gauzetako bat. GARArekin egin dutena herriko tabernetan edo beste edozein eremutan egin dezakete, eta behar badute egingo dute. Eta galdera da, «what’s the plan?».