GARA
BILBO

Helduen euskalduntze unibertsal, doako eta publikoa eskatu du LABek

Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatuko den “euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege-proposamena”-ren harira, alderdi politikoei bere proposamenaren oinarriak helarazi dizkie LABek. Helduen euskalduntzeak unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatezkoa izan behar duela aldarrikatu du sindikatuak.

Bilbon eginiko agerraldi batean, LABek adierazi zuen botere publikoak ez direla «gai izan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, ez baitute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea». «Euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatezkoak eskaintzea».