Maitane ALDANONDO
Bilbo

GOOGAZ, EKINTZAILETZA SOZIALA ETA GARAPEN JASANGARRIA GILTZARRI

Gazteak eragile aktibo bilakatzea eta haien artean ekintzailetza soziala sustatzea helburu du Googaz programak. Iaz estreinakoz gauzatu zuten Bizkaiko zortzi udalerritan, eta orain aldatuta bueltatu da, bai edukian bai antolakuntzan.

Bizkaiko gazteak ahalduntzeko eta aktibatzeko asmoz abiarazi zuten iaz Googaz ekimena Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (Leinn) graduko hainbat ikaslek. Ekintzailetza soziala sustatzeko asmoz, tokian tokiko arazoei irtenbide bat bilatzea proposatu zieten zortzi udalerritako gazteei. Aurten, ordea, buelta bat eman diote jarduerari. Dinamika apur bat moldatu eta erdigunean jarri dituzte Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH), haiek ezagutarazi eta gazteak kontzientziatzeko. Saria ere hobetu dute, Pueblan (Mexiko) berrikuntza soilari (frugal innovation) buruzko IATA bootcamp-ean parte hartzeko aukera baita.

2017an Txinara eta Indiara egindako hezkuntza bidaia batean sortu zen proiektua, hezkuntza berrikuntzaren alorrean ziharduten Bilboko fakultateko WINN eta Oñatiko WEIF taldeak batuta. Kideek euren bidea jarraitu dute, beste enpresa batzuetara joanda edota beste egitasmo batzuetan murgilduta. Hastapenetik mantentzen den bakarra da Irati Arrien gernikarra. Indarrak batu ditu Stay Bigel enpresarekin, gradu bereko ikasle ohiek eratua, eta elkarrekin Googazekin aurrera egitea erabaki zuten. Betiere, gazteen iniziatiba, talentua eta talde lana sustatzeko nahia mantendu, eta era berean, enpresa eta erakundeetara hurbiltzea ahalbidetuz.

ORDU ERDI IRTETEKO

Kamioi bat atondu dute escape room edo ihes geletan oinarrituta, eta haren barruan, asmakizun joko dinamiko bat gainditu behar dute partaideek. 30 minutu dituzte handik irteteko, eta horretarako, GJHei buruzko hainbat galdera erantzun behar dituzte. Laguntza gisa, galdetegi bat eta informazioa emango diete aurrez, pisten giltzarria datuak baitira. «Zenbat azukre-koxkor dauzka kolazko freskagarri batek, zenbat plastiko dago ozeanoetan... Halakoei erantzunda giltza bat lortzen dute eta horrela beste pista bat», azaldu du Irati Arrien antolatzaileak.

Kamioia lurraldeko zortzi udalerritan egongo da apirila eta ekaina arteko larunbatetan. Jada, Gernikan eta Sopelan izan da, eta maiatzean, Barakaldon, Bilbon, Basaurin eta Balmasedan egon ondoren, Getxora joango da. Udalen erdiek iaz parte hartu zuten, baita orduan proposatutako ideietako batzuk gauzatu ere. Haiei Basauri, Balmaseda eta Getxo gehitu zaizkie, eta oraindik beste batzuk ere batu daitezkeela uste du Arrienek. «Oso harrera ona izan dugu, iaz gazteak hurbiltzea lortu genuen eta komunitate moduko bat sortzea. Udalei ekintzailetza soziala eta GJHak interesatzen zaizkie».

18 eta 30 urte arteko gazteek parte har dezakete lehiaketan, hiruzpalau laguneko taldeetan. Herri bakoitzean 11.00etatik 21.00etara dago kamioia, eta guztira 20 taldek parte har dezakete aurrez ordua erreserbatuta www.googazbizkaia.com/ebentuak webgunean. Gazte bolo bakoitzean hiru denbora onenak lortzen dituztenek Bizkaiko Koparako txartela lortuko dute, gainerako partaideak STARTInnova edota Lanbide Heziketako talde ekintzaileen artean aukeratuko dituzte. Finalean, hamazazpi erronka proposatuko dizkiete, bakoitza GJH nahiz enpresa bati lotua, eta irtenbide bat bilatu beharko diete. Ondoren, proposamenak aurkeztu eta epaileek onena hautatuko dute.

Irabazleak Mexikora bidaiatuko du uztailean IATA bootcampean parte hartzeko. Antolatzaileetako batzuek bertatik bertara ezagutzen dute jarduera eta «oso aberasgarria» iruditu zitzaien. Bi astez, Universidad Iberoamericana de la Pueblan, kontinenteko gazte ugari batuko dira, eta askotariko profil eta adineko taldeetan ariko dira. Hasieran, gizartetik baztertutako komunitate bat ezagutuko dute, horrek duen beharrizan bati erantzuna ematen dion proiektu bat garatzeko.