Andoni ARABAOLAZA
Entrevue
NAHIA QUINCOCES
MENDIKO ESKIATZAILEA

«Uste dut lortu ditudan emaitza bikainak ez ditudala asimilatu»

Urtarriletik apirila arte, mendexarra Fedme edo Espainiako Selekzioarekin Munduko Kopan zein Munduko Txapelketetan lehiatzen izan da. Lau hilabete luze izan dira, bidaia asko egin ditu, makina bat hitzordutan izan da... Alabaina, esfortzu horrek emaitza bikainak ekarri dizkio. Bai, Quincocesek euskal eskiatzaileen kolektiboan historia egin du, eta hori GARArekin aztertzeko aukera izan du.

Amaitu berri duzu Munduko Kopa, hots, Mendiko Eskiko Nazioarteko Federazioak antolatzen duen erregulartasunaren zirkuitua. Lehenik eta behin, jakin bagenekien sasoiko zeundela. Baina, zer asmo edo helburu zenituen?

Entrenamendu oso egokiak egin nituen, eta uste dut, zuk esan bezala, sasoiko nengoela. Helburuei dagokienez, arantza bat banuen. Duela pare bat urte min hartu ondoren, berriro lehen lerrora itzuli nahi nuen. Iazko sentsazioak hobetu nahi nituen. Batez ere, jaitsieretan. Hauetan segurtasuna eta indarra landu behar nituen, eta horretarako lan handia egin dut. Alabaina, ez nuen ziurtasun handirik. Ilusioa ere banuen. Dudan lanari esker, ondo entrenatzeko aukera izan dut. Finean, nire lehia ibilbidean beste urrats bat egin nahi nuen; goi mailan, alegia.

Eta uste duzu helburu horiek bete dituzula?

Bai, zalantzarik gabe. Hobetzeko itxaropena banuen. Eta emaitzei begiratzen badiegu, asmo horiek gainditu ditut.

Horretan ez dago inolako zalantzarik; izan ere, behin betiko sailkapen nagusi ezberdinetan lehen bosten artean sailkatu zara. Indibidualean laugarren izan zara, bertikalean bigarren, esprintean bosgarren eta overallean bigarren. Beraz, balorazio orokorra ezin hobea da, ezta?

Nire uste apalean, emaitza osoa eta biribila izan da. Lehia guztietan parte hartu dudanez, puntuak batzen joan naiz, eta zuk aipatu dituzun emaitza horiek erdietsi ditut. Zorionez, denboraldia ondo prestatzeaz gain, ez dut lesiorik izan. Lehen hamarren artean ibiliko nintzela banekien, baina, ikusten den bezala, Top 5 barruan egon naiz. Overalla, gainera, irabazteko zorian egon naiz. Azken lasterketan Claudia Galicia selekziokidea aurreratu izan banu, overalla niretzat izango zen.

Hori gutxi ez, eta Txinan izaniko hitzorduan hiru probak irabazi zenituen. Hala eta guztiz ere, irakurleak jakin dezan, Txinakoan txinatar bat eta zu lehiatu zineten soilik. Ederra da irabaztea, baina era horretan egiteak bete al zaitu?

Mundialak gertu zirenez, lehen lerroan zeuden eskiatzaileek Txinara ez joateko erabakia hartu zuten. Selekzioak aukera eman zidan hara joateko, eta nik ez nuen aukera hori alferrik galdu. Entrenamendu bat bezala hartu nuen, aurreratu dudan bezala, mundialak gertu zirelako. Bederen, emaitza horiek balio izan zuten puntu gehiago batzeko. Bide batez, herrialde zein kultura berri bat ezagutzeko parada izan nuen.

Bestalde, onartu behar dizut azken proba indibidualean lortu nuen bosgarren postuak gehiago bete ninduela Txinako garaipen horiek baino.

Esan daiteke, beraz, Txinan lortutako garaipenei zein lehia guztietan parte hartzeagatik lortutako puntuei esker, behin betiko sailkapenean hor aurrean ibili zarela. Horretaz gain, iruditzen zait, beste denboraldietan ez bezala, aurtengoan lehiakide gogor gutxiagok hartu dutela parte. Horrek ere eragina izan du zure emaitzetan, ezta?

Baliteke. Onartu behar dut Munduko Kopan iaz baino parte-hartzaile gutxiago izan garela; ez, ordea, mundialetan. Halere, nesken maila gero eta handiagoa da. Orokorrean, igo egin da. Lehen mutiletan hori gertatzen zen. Baina, egun, nesken artean gauza bera gertatzen ari da.

Gainera, argi geratzen ari da gure artean maila hori parekatzen ari dela. Momentuz, Axelle Mollaret edo Alba De Silvestro bezalako lehiakideek jaitsieretan aldea ateratzen digute, baina badago beste taldetxo bat nahiko maila berdinean jarduten duena. Jakin badakizu, akats txiki batek segundoetan edo minutuetan eragina duela. Trebetasuna behar duzu izan, batez ere jaitsiera tekniko eta azkarretan.

Ikusten ari gara atzetik datozenak oso indartsu daudela, eta teknika oso ona dutela. Espoir mailakoak dira horiek, etorkizun handiko eskiatzaileak.

Emaitza horietatik guztietatik, zeinek eman dizu poztasun gehien? Hori diot zu indibidualean espezialista izanik laugarrena izan zarelako, eta bertikaletan hain sendoa ez bazara ere bigarren postua erdietsi duzulako.

Lehia guztietan ala guztietan hartu dut parte. Eta puntu asko batu ditut. Beste batzuk, ordea, indibidualean gehiago lehiatu dira bertikaletan baino. Poz handia ematen dit overallean zilarra lortzeak; horrek islatzen du oso erregularra izan naizela.

Esan dugun bezala, Munduko Kopak hiru “adar” izan ditu: indibiduala, bertikalak eta esprinta. Banan-banan azalduko diguzu zer-nolako eskarmentua izan duzun?

Indibidualari dagokionez, bada, arestian aipatu dizudan bezala, arantza bat kendu nahi nuen. Denboraldi honetan ohartu naiz jaitsieretan hobetu dudala. Trantsizioetan, berriz, badut zer hobetu; izan ere, tarte horretan denbora asko galtzeko arriskua dago. Akats txiki batek eragin handia izan dezake. Baina, oro har, asko disfrutatu dut.

Bertikaletan, bestalde, oso gustura jardun dut. Entrenamendu oso egokiak egin ditudanez, oso sasoiko nengoen. Eta horrek guztiak emaitza horretan, behin betiko sailkapenaren bigarren postuan, isla izan du.

Esprintarena beste kontu bat da. Sartu dituzte oso ikusgarriak eta irudiak hartzeko oso aproposak direlako. Ni ez naiz oso ondo moldatzen, besteak beste, ez naizelako teknikoa. Hiru minutuko lasterketa horiek ez naute asko asetzen.

Orain dela aste batzuk, orriotan aipatu genuen Munduko Txapelketetan, erreleboetan, zilarra lortu zenuela. Hori zein amaitu berri den Munduko Kopan sinatutako goi mailako emaitza horiek kontuan hartuta, objektiboki lasai asko esan dezakegu euskal eskiatzaileen artean historia egin duzula. Zuk ere horrela baloratzen duzu?

Mundialetatik bueltan, lagun batek gauza bera esan zidan. Momentuz, kosta egiten zait balorazio egoki bat egitea. Ziur aski izango da emaitza horiek ez ditudalako asimilatu.

Arestian aipatu dugu lasterketa guztietan hartu duzula parte. Ez hori bakarrik, Munduko Koparen zirkuituan hitzordu gehien korritu duen eskiatzailea izan zara. Horrek harritzen du, ezta?

Hein batean, bai. Lana eta lehiak uztartu behar izan ditut. Urtarriletik ez dut hiru gau jarraian etxean egin. Adibidez, esan dudan bezala, Txinara ez zen inor joan; ni bakarrik. Sasoi onean banago, deialdi guztietan egon nahi dut. Munduko Kopan zein Munduko Txapelketetan egon naizenez, beste hitzordu batzuk alde batera utzi behar izan ditut. Adibidez, Espainiako Txapelketa.

Lasterketa horietatik guztietatik bat aukeratzea eskatzen badizut, zein da zure erantzuna?

Dolomitetan jokatutako azkena. Baldintza egokiak ez zeudenez, ibilbidearen goialdean aldaketak egin zituzten. Pena handia hartu nuen, ze sekzio horiek ederrak zein ikusgarriak dira. Baina gure segurtasunarengatik erabaki zuzena hartu zuten, eta ibilbide alternatibo oso txukuna markatu zuten. Txalotzeko modukoa da ibilbidea markatzen duten boluntarioen lana.

Horretaz gain, ilusio handia egin zidan lasterketa horretan [indibidualean] lortutako bosgarren postuak. Behin betiko sailkapen nagusietan sinatu ditudan emaitza bikainak baino gehiago bete ninduen. Jaitsieretan, adibidez, bikain jardun nuen. Zeuden elur baldintzek lagundu ninduten. Baldintza horiek ikusita, eski onak nituen. Bai, jaitsierak fisikoki gogorrak ziren. Lehiakide batzuek esan zidaten lau aldiz gelditu behar izan zirela. Ni, berriz, ez; antza denez, hanka eta izterretan indar handia dut, kar,kar...

Oro har, ze iruditu zaizu aurtengo Munduko Kopa: probak, ibilbideak, antolakuntza… Emakumeei arreta gehiago eskaini al dizue?

Oso ondo joan da. Zenbait lehiatan izan diren baldintzak ikusita, jarrera egokia izan dute. Hori diot ibilbideei begiratzen badiegu. Eta, bai, emakumeak kontuan hartzen gaituzte.

 

Lehia ofizial horien denboraldia luze joan da. Gogoa izango duzu makinaria guztia gelditzeko, ezta? Denboraldia amaitutzat ematen al duzu?

Bai, bai, atseden hartzeko gogoz nago. Buruak zein gorputzak atseden hori behar dute. Bidaia asko izan dira, lehia guztietan hartu dut parte, etxetik kanpo lau hilabete egin ditut… Hala ere, astebete barru jokatuko den Mezzalaman izango naiz.