GARA
BILBO

K2K Emocionando euskal enpresa, nazioarteko ehun antolakunderen aholkulari

Koldo Saratxagak zuzendutako K2K Emocionandok ehun enpresatik gorako nazioarteko sarea sortu du, lan egiteko era aldatu eta epe luzera ekonomikoki jasangarriagoak izango diren antolakundeak eratzeko.

Txile, Mexiko, Uruguai, Portugal, Belgika eta Estatu frantsesetik datoz, besteak beste, K2K Emocionando enpresaren eta Ner Group taldearen eredua bilatu duten antolakunde eta profesionalak. Azken urtean hainbat herrialdetako ehun enpresa baino gehiago hartu dituzte, eta epe luzera ekonomikoki jasangarriagoak izateko teknikak erakutsi dizkiete.

Bisitariekin lau lanegun partekatzen dituzte. Pertsonek antolatzeko eta autogestionatzeko duten gaitasunean oinarrituta arrakasta lortu duten Ner Groupeko enpresak ezagutzen dituzte. Eta, gainera, Koldo Saratxagak eta bere taldeak zuzenean azaltzen dizkiete antolakundeak eraldatzen bi hamarkadatan pilatu duten esperientzia.

Hala, beren antolaketa berrasmatu nahi duten enpresak batzen dituen sarea osatzen doaz. Martxo erdialdean ekintza plan bat ezartzeko bildu ziren eta datozen hilabeteetan hasiko dira berau garatzen.

Saratxagak dio gero eta enpresa gehiago ari direla lan egiteko modu berriak martxan jartzen. «Aktibo garrantzitsuenaren, hau da, pertsonen inteligentzia, trebetasunak eta ezagutza aprobetxatzen saiatzen dira eredu horietan. Izan zailtasun ekonomikoko garaietan izan oparotasunean formula bat dago enpresek produktibitatea eta irabaziak handitzeko. Formula hori pertsonek aske eta enpresaren interesen alde lan egiten dutenean emaitzak zoragarriak direla sinestean oinarritzen da».

Munduko berritzaileenetakoa

K2K Emocionando eta Ner Group nazioarteko antolakunde berritzaileenen artean daude. Hala aitortzen diete hainbat sarik. Adibidez, Corporate Rebels Herbehereetako start-upak, munduan eredu inspiratzaileak bilatzeko bidaiatzen ibiltzen denak, bere top zerrendan ditu.

K2K Koldo Saratxagak sustatu zuen 2010ean eta zazpi pertsonako talde batek osatzen du gaur egun. Enpresan harreman eredu berriak bultzatzea da euren lana. Ner Group taldean dago enpresa. Taldearen bueltan 2.700 langile inguru dabiltza lanean eta 400 milioi euro fakturatzen dira. Forma juridiko zein tamaina desberdinetako antolakundeak hartzen ditu barnean.