Surflari ernegatua

Leku berean

Ez zen skate txapelketa bat irabazten nuen lehen aldia, lehenago Donostiako Amara auzoan ere lehen saria eskuratua nuen, baina bigarren txapela berezia izan zen, garaipena kolektiboa izan baitzen.

Karlos Arguiñanok eraman gintuen, bere seme Zigorrek ere parte hartu behar baitzuen. «Xiflo» deitzen genion orduan, erradikala zen, beldurrik gabe saiatzen zen ariketa berritzaileak egiten eta lortzen zuenean beste inork egiten ez zuena egiten zuen. Ordea, lehiaketarako ariketak ziurtasunez burutzea komeni zen, eta horri esker, ni bezalako «segurolek» emaitza hobeak eskuratzen genituen. Hala ere, oker ez banaiz Xiflo bigarren postuan geratu zen egun hartan, eta auto berean bertaratu zen «Gartxi» deitzen genuen beste laguna slalon kategorian nagusitu zen. Horregatik diot garaipena kolektiboa izan zela.

Algortako skaterrak oraindik Gipuzkoako txapelketetara gerturatzen ez ziren garaiak ziren. Haiek agertu orduko amaitu ziren sariak eta emaitza duinak. Izan ere, Algortakoak gu baino askoz ere aurreratuagoak zeuden, zentzu guztietan.

Argiñanok hanburgesa batzuk jatera gonbidatu gintuela ere oroitzen dut, eta ez dakit zergatik, baina ketchup saltsa hizpide izan genuela ere buruan dut, elkarrizketa haren mamia guztiz ahaztua badut ere.

Bi arrapala eta burdinazko «slide» tutu luze bat jarri zituzten plazaren erdian eta bi minututan ahalik eta ariketa zail eta ikusgarrienak egin behar genituen. Donostiako txapelketan lehen hiru lehiakideek hezurren bat hautsi zuten burdinazko tutuen gainean labain egiten eta «slide» kategoria ezabatu zuten, baina bigarren lehiaketa hartarako jendea prestatuta joan zen, eta emaitza on bat lortzea zailagoa izango zela bagenekien, baina lortu genuen, eta auto berean joan ginen lagun guztiek sariren bat irabazi genuen.

Etxekoei berria emateko handik gertu zegoen telefono kabina batera joan nintzen, baina bertan zegoen gazte bat jertse griseko mauka jasota piko bat sartzen ari zen, beraz, berri ona etxera iristean emango nuela erabaki nuen.

Pasadizo hau ahaztua nuen. Pasa den astean etorri zitzaizkidan buru handi honetako zokoren batean gordeak nituen oroitzapen hauek. Garaikurra jaso nuen leku berean Albert Rivera ikusi nuenean, atril batetik mintzatzen. Oreretako plaza hura asko aldatu dela pentsatu nuen, baita inguruko kaleak ere, baina komunikabideek nahieran igorri dituzten irudiak ikusita, aspaldiko egun hartan etxera bidean egin nuen gogoeta bera egin nuen: «Gaur behintzat, guk irabazi dugu!».