GARA
Amasa-Villabona

«Vagera herri bat», dantza, musika, poesia eta historia batzen dituen ikuskizuna

Duela 400 urte, erronka ekonomikoei aurre egiteko asmoz, egin zuten bat Tolosaldeko bi herriek. Urteurrena ospatzeko askotariko diziplinak nahasten dituen ikuskizuna antolatu dute maiatzerako.

1619an Amasa eta Villabona batu egin ziren erronka ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Ordutik 400 urte pasatu dira eta urteurrenaren harira hainbat ekimen antolatu dituzte. Horien artean “Vagera herri bat” ikuskizuna dago, Migel Zeberio tolosarrak zuzendutakoa.

Olaederra kiroldegian eskainiko dute, 22.00etan, maiatzaren 3an eta 4an. Diziplina anitzeko ikuskizun historiko-artistikoa izango da, non musika klasikoa, trikitia, dantza garaikidea, bertsolariak, pop musika, poesia, antzerkia, rapa, abesbatzak, rocka eta erraldoi eta buruhandiak elkartuko diren. Bertan parte hartuko dute, beste batzuen artean, Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzek, Oinkari dantza taldeak eta Euskal Barrokensemblek.

Ikuskizuna proiektu handi bat da folklore euskalduna ikus-entzunezkoen proiekzioekin zein naturako soinuekin nahastuko duena. Migel Zeberio musikariak zuzenduko du ikuskizuna. Bere orkestra Et Incarnatus-ek ere parte hartuko du. «Ikusgarri handi bat izango da, lehena eta oraina batuko dituena, 1.000 urteko historia laburbilduz, teknologia eta diziplina artistiko ezberdinak uztartuz», deskribatu zuen tolosarrak. Finean, emozio askoko emanaldia da, eta amasar eta billabonatarren gustukoa izatea espero dute. Kontakizunean agertuko dira antzinako ohiturak, lanbideak eta jolasak, besteak beste, erdigunean bi herrien batuketa kokatuz.

Ekitaldi solidarioa

Ikuskizun honek gainera, osagai solidario bat du, autismoaren harira Europa mailan aintzatespen handia duen Gautena erakundeari lagunduko baitzaio. Amaia Lopetegik, Gautenako zuzendariak, elkartearentzat oso aukera ona dela adierazi zuen. «Gautena elkarte modura bisibilizatzeko balioko du, eta gainera, dirulaguntza ekarpen garrantzitsua izango da guretzat», adierazi zuen.

Gautena Gipuzkoako autismo elkartea da, irabazi asmorik gabeko erakundea. Helburua, gizartea autismoari buruz informatzea eta autismoa duten pertsonei zerbitzu egokiak eskaintzea da. Une honetan, Gipuzkoako 800 familiak jasotzen dute laguntza hori.

Ikuskizunerako sarrerak Bibe plataformaren bidez ari dira saltzen, baina Villabonako ohiko lekuetan zein Donostiako Gautenaren egoitzan ere eskuratu daitezke. Horrez gain, Fila Cero bat abiarazi dute, ikuskizuna ikustera joango ez direnek ere elkarteari dirulaguntza bideratu ahal izateko.

Zeberiok berak jakinarazi zuenez, sarrerak oso azkar saltzen ari dira. Emanaldi bakoitzean 200 pertsonarentzako lekua izango da kiroldegiko kantxan eta eserleku berezietan.