GARA
GASTEIZ

EAEko saltoki handiei muga gehiago jarriko dizkiete

EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin merkataritza gune handien eraikuntza mugatuko duen lege proposamena onartu zen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. EAJk eta PSEk abstentzioaren alde egin zuten. Proposamenak Merkataritza Jarduerari buruzko 7/1994 Legeko 13. artikulua aldatzeko eskatzen du. Gaurtik aurrera, tramitatzen hasiko dira Ganberan. Hainbat merkataritza elkartetako ordezkariak bertaratu ziren atzoko saiora.

EAEko merkataritza gune handiak mugatzearen afera aspalditik dator, eta atzo Gasteizko Legebiltzarrean onarturiko lege proposamenak 2015ean Auzitegi Gorenak berretsitako sententzian du erroa. Orduan, epaiak Garberako jabea babestu zuen eta, ondorioz, 2004an Lakuak ezarri zituen mugak –lurralde plangintza sektorial batean (LPS) jasotakoak– bertan behera utzi zituen.

Geroztik, hutsune horri aurre egiteko pausoak ematen hasi zen Lakua 2017an, LPSaren berrikuspena eginez, eta lege proiektu batekin Auzitegi Gorenak finkatutako puntuetara egokituz. Lege horren aurreproiektua merkatarien aurrean aurkezteko asmoa agertu zuen Lakuak, oposizioaren harridurarako. Izan ere, beraiekin hitz egiterakoan «denbora» eskatu zien, guztien artean adostasuna lortzeko. Azkenean ez zen egin aurreproiektuaren aurkezpenik, oposizioak, «presioa egiteko asmoz», Legebiltzarraren kontrol saioan sartu baitzuen prestatua zuen lege proposamena.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, duela bi hilabete GARAri adierazi legez, Iñigo Urkulluren gobernuaren atzerapena kritikatu zuen. Izan ere, lege bateratu bat izan beharrean, bere aldetik jo baitzuen, oposizioarekin kontsultatu gabe. Hala, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren proposamena Legebiltzarrean eztabaidatzea ekidin nahi bazuen, derrigortuta zegoen aurreproiektu hori alderdi guztiei helaraztera.

Martxoaren 21ean helarazi zuen, eta kontrol saioan aurreikusita zegoen lege proposamenaren bozketa bertan behera geratu zen. Atzo arte.

13. artikuluan aldaketak

Atzo, azkenean, eztabaidagai izan zen Legebiltzarrean oposizioak aurkezturiko proposamena. Honek, Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legeko 13. artikuluan aldaketa batzuk egiten ditu, merkataritza gune handien gehiegizko kontzentrazioa ekiditeko eta denda txikiak babesteko helburuarekin. Merkataritza gune handiak gutxienez 700 metro karratuko azalera dutenak dira.

Testuan jasotzen denez, halako saltokiek ezin izango dute 15.000 metro karratu baino gehiago izan zentraltasun goreneko herrietan; eta 10.000 metro karratu baino gutxiago izan behar dute zentraltasun ertaineko udalerrietan, eta 2.000tik behera, gainerako herrietan.

Espero legez, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPk alde bozkatu zuten (38); EAJ eta PSEk, aldiz, abstentzioaren alde egin zuten (37). Jeltzaleen legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPk osaturiko «taldea» kritikatu zuen –nahiz eta, atzoko egunkarian Iñaki Iriondo kazetariak azaldu legez, PPrekin adostasun gehiago lortu dituen Gobernuan dagoen taldeak–.

Segurtasun juridikoaren «hutsunean» tematu ziren gobernuko kideak; oposizioak, aldiz, ziurtatu zuen talde juridiko on batek osaturiko testua dela.