Idoia ERASO
LUHUSO

Euskal Elkargoa kultur arloko eskumena gauzatzen hasi da

Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko eremu osoa batzen duen lehen kultur egitasmoa aurkeztu du. 2017an sortu zen erakundea, 2018ko azaroan hartu zuen kultur politikaren eskuduntza, eta, orain, sortu den egitura eta definitu duten politikaren oinarriak agertu dituzte.

Atzo aurkeztu zuten politika berriarekin, ageriko kulturaren gibelean dagoen «ekosistema garatu» nahi dutela azaldu zuen Filgi Claveriek, Euskal Elkargoko kultura zuzendariak. Bere esanetan, «herriek eta Departamenduak, eskualdeak eta Estatuak jada lan handia egiten dute; eta bereziki gizarteak, lehen ez baitzen kultur politikarik eta gizarteak bere gain hartu zuen kultura garatzea. Hori kontuan izanik, emeki-emeki, guk proposatu nahi dugu laguntzeko modua».

Lan horretarako, zazpi milioi euroko aurrekontua izanen da, eta horren banaketa nola egin deliberatzeko kultura sail zentralizatu guztia sortu behar izan da. Hau da, kultura politika garatuko duen egitura, dirua nori eta zein kopurutan emanen zaion zehaztuko duten irizpideak finkatuz.

Aurrekontuaren zati handiena lurralde osoan diharduten eragile «egituratzaileek» jasoko dute. Bestalde, erakunde berriaren oinarrian zeuden hamar herri elkargoei 200.000 euroko partida emanen zaie, bakoitzak bere eremu geografikoan lagunduak izatea merezi duten proiektuak finantza ditzaten.

Hamar adar horien arteko aurrekontu-banaketa ez da biztanle kopuruaren arabera soilik egin, horrek barnealdeko eremua kaltetuko lukeelako, eta Ipar Euskal Herri osora heltzea baita xede garrantzitsuenetako bat. Adar edo polo horietako arduradunek, Euskal Elkargokoek bezala, laguntza emateko aurreikusiak dauden lau baldintza bete beharko dituzte.

Politika definituko duten oinarriek epe luze zein laburrera eragin nahi dute: irakaskuntza artistikoa, transmisioa edo bitartekaritza, sorkuntza laguntzea eta publikoaren esku jartzea mediateken bitartez. Irakaskuntza sustatzeko, arte eskolen laguntza eta finantziazioa gauzatzen ari da, lehenago ere egiten zen bezala. Aldiz, eskualdeetara mugatzen zena «orain orain emeki lurralde osoan zabaltzea da hautetsien asmoa», Claverieren hitzetan.

Transmisioak edo hezkuntza artistikoak ere garrantzi handia duela esan zuen Bruno Carrerek, Euskal Elkargoko Kultur partaidetza, arte irakaskuntza eta kultur ondare kontseilariak: «Txikitatik mundu artistikorako bidean jarri nahi ditugu haurarak». “Kultura bidean” proiektuaren bidez 1.400 haurrentzako 27 ikuskizun eta 250 emanaldi eskaintzen ari dira. Eta hezkuntza artistikoarekin loturiko 120 proiektu garatzen ere ari dira.

Sorkuntza artistikoa laguntzeko oinarri sendoena Luhusoko Hameka kultur fabrika da. Errobi eskualdean artearen garapena ahalbidetzen zuen gunea orain Ipar Euskal Herri osorako erreferente bilakatu da horretan. Bertan sormenerako egonaldiak eskaintzen dira, euskarazko eta frantsesezko antzerki, zirku eta dantzari tokia eginez.

Azken oinarria gizarteratzean datza, mediateken bidez. Elkargoaren eskumendeko herriarteko hiru mediateka daude: Amikuze, Iholdi-Oztibarre eta Garazi-Baigorrikoak. Herrien esku dauden beste mediatekak integratzea ere badute xede.

Eragile egituratzaileak

Lurralde osoan diharduten kultur eragileetatik aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak «egituratzaile» gisa definitu zituen Elkargoak. Euskal Herria-Ravel Konserbatorioa da horietako bat, 1.700 ikasle dituena Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaiako egoitzetan. Aurrekontuaren zati handiena, 4,3 milioi euro, irakaskuntza zentro horiei esleitu diete. Egitura horrekin paraleloki, hainbat herriarteko musika eskola badira Amikuzen, Errobin, Hazparne eskualdean, Bidaxune eskualdean, Garazi-Baigorrin, Zuberoan eta Lapurdi hegoaldean, eta horien arteko lotura eta egituraketa garatzen ari dira.

Ezaugarri horiek betetzen dituzten beste kultur eragileei 1,8 milioi dagozkie. Horien artean daude Euskal Kultur Erakundea, Euskal Museoa, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Iparraldeko Pilota Batzordea eta Bertsularien Lagunak.