Aimar ETXEBERRIA
TXIRRINDULARITZA - GIROA 2019

Pello Bilbao, hasi eta buka

Gernikarraren ekinak saria izan zuen L’Aquilan, bera izan baitzen ihesaldia sortzeko ahalegin handienaegin zuen txirrindularia. Majo sufrituta, baina Valerio Contik jarraitzen du «maglia» arrosarekin.

Azken bederatzi urteak –2014a salbu– daramatza Giroak euskal txirrindularien garaipenak ospatzen. Igor Anton eta Mikel Nieve izan ziren besoak altxa zituztenak 2011n; Ion Izagirrek eskuratu zuen etapa bat 2012ko edizioan; Beñat Intxaustik 2013an; Intxaustik berak eta Landak ospatu zuten garaipena 2015ean; Mikel Nievek, berriz, 2016an ukitu zuen zerua; Gorka Izagirre, Omar Fraile eta Mikel Landak eman zioten jarraipena bolada onari 2017an; eta Nieve leitzarrarena zen, atzo arte, azken euskal garaipena Italiako itzulian, 2018an lortua.

Atzo, ordea, erakustaldia emanda irabazi zuen gernikar batek L’Aquilan, 2010ean lurrikara batek gogor astindu zuen Abruzzo eskualdeko hiriburuan. Erakustaldia, lasterketa hasi eta buka izan zelako protagonista; ihesaldia sortzen lehenengo kilometroetan, honi errematea ematen azkenengoetan. Ez omen zen eguneko asmoen baitan sartzen protagonismo maila hori, bada ederki gauzatu zuen gernikarrak taldearen estrategia. Izan ere, egunaren hasiera-hasieratik ikusi zen buru-belarri Bilbao ihesaldia sortze lanetan.

Birritan lortu zuen helburua; lehenengoan, Mikel Nieve (Mitchelton) eta Ion Izagirre taldekideak ere aurreko taldean ziren, baina ez zien Vincenzo Nibaliren Bahrain-Meridak bidea egiten utzi. Bigarren saiakera suertatu zitzaion arrakastatsua gernikarrari; orduan, beste hamaika txirrindulari eraman zituen berarekin.

Apenas gainditu zuen bi minutuko langa ihesaldiaren diferentziak egun osoan. Valerio Conti liderraren UAE zen buru-belarri atzean erromatarraren elastiko arrosa mantentzeko ahaleginetan, baina apenas zuen txirrindularirik horretarako; atzo bertan beste bat galdu zuen taldeak, Fernando Gaviria esprinterra. Soilik helmugatik 25 kilometrora, Trek tiraka jarri zenean, piztu ziren zalantzak aurreko taldearen baitan, ordura arte garbi baitzegoen garaipena euren artean ebatziko zutela. Hamar kilometroren faltan, esaterako, minutu bateko aldea zegoen ihesaldiaren eta tropelaren artean.

Mugimendu irabazlea

Garaipena arriskuan ikusi zutenean hasi ziren mugimenduak aurreko taldean. Lucas Hamilton (Mitchelton) izan zen mugitzen lehena, baina ez zuen biderik egin. Davide Formolo (Bora) eta Mattia Cattaneo (Androni) izan ziren hurrenak saiatzen, helmugatik 6,5era, baina segituan harrapatu zituzten hauek ere. Lau kilometroren faltan, Jose Joaquin Rojas (Movistar) izan zen etsi-etsian ahalegin bat egin zuena, bihotzarekin hankekin baino gehiago.

Helmugatik kilometro eta erdira iritsi zen mugimendu irabazlea, eta Bilbao izan zuen protagonista. Maldan amaitzen zen etapa –zati batzuetan %11 artekoa–, baina honi zein aurkariei aurre hartu eta aldapan gora abiatu aurretik egin zuen eraso gernikarrak. Behin metro batzuk hartuta, eta gehiegi bete gabe, distantzia mantentzea izan zuen helburu, eta bai lortu ere. Bost segundoko aldea atera zien Tony Gallopin (AG2R) eta Formolori. Bestalde, majo sufrituta, baina Conti italiarrak jarraitzen du maglia arrosarekin.